J. Ortuñez
Errepresaliatua

Planak eta planoak

Gasteizko Gobernuak Bake eta Bizikidetzarako izendatu duen 2013ko plan horrek ez dirudi oso sendo. Izan ere, eta jaso duen arerio esanguratsuen kopuru soilari erreparaturik, gaizki hasi zaiela esango nuke: Barne ministroa kontra dago, PP edota PSOE bezalako alderdi esanguratsuak (UPyD neofaxista gehitu zaiela) ere aurka agertu zaizkio...

Baina zer deritzo Kolektiboak, zer pentsatzen du honek Jaurlaritzaren Planari buruz? Gogoz entzungo nuke bere iritzia, are gehiago ezker abertzalekoak ez diren politikari eta sektore zehatz batzuk gomendioen inguruko irakurketa partziala bezain interesatua egiten dabilzkigunean. Hain zuzen ere, gatazka bere osotasunean hartu eta horren muinera jo beharrean, soilik ondorioetan gelditzen direlako (eta beti alde bakar bati begira).

Gomendioei buruzko eztabaidaren ondorioak ezagutzera ematen dituenean, Kolektiboak berak pista batzuk eskainiko dizkigulakoan nago. Momentuz, eta tamal handiz, EPPKren hitza entzun ordez, Lakuak nahiago izan dio aurrea hartu eta bere ordezkarien ahotik Planaren «marra gorria» berehala agerian ipini: alegia, iraganaren berrikuspen kritikoa egin beharra (Gobernu espainiarrak txalotu baino egin ezin duena, bestalde, barkamen eskaera ezinbestekotzat jotzen baitu espetxe politikan ezer mugitzeko –eta ez luke horratik ezer aldatuko, halere–.

Gauza bat argi eta garbi utzi nahi nuke beste behin ere: damua nahiz barkamen eskaera guztiz gaitzesgarriak iruditzen zaizkit eta desegoki deritzet osoz, egoera berriarekin ez datozelako bat eta, edozein egoeraren argitara ere, zalantza izpirik ez dudalako egiten haien atzeasmoa eremu politikotik at kokaturik dagoela. Ez naiz ni izango, noizbait eta behar den tokian iraganari buruzko irakurketa zintzorik egiteari muzin egingo liokeena, baina oso argi daukat EPPKk, kolektibo gisa, ez diola inori min zuzenik eragin eta, beraz, ezin zaiola gisa horretako exijentziekin ibili. Nolanahi ere, bakoitzak berea onartu beharko luke eta horrek erakartzen du gatazkan parte hartu duten eragile guztiei ere dagokien irakurketa kritikoa egin beharra, ez soilik ETAri edota EPPK eta EIPKri. Gainera, gertatuaren arrazoiak aztertzeaz gain, honelakorik berriro gerta ez dadin bitartekoak ere jarri beharko dira, honen guztiaren subjektua, garaia, testuingurua edota egilea edozein izanda ere. Hauxe izan beharko litzateke, ene irudiko, Planaren hitzaurrea... baina Plana isilik dago horri buruz.

Hollywoodeko film txarrekin gertatu antzera, Planari edozein pasartetik hel geniezaioke, funtsean (gorago esandakoa kontuan hartuta) ez baitirudi benetan aurrera ateratzeko Plana denik, gauzak zorabiatuz askapen prozesua (eta ondorioz benetako bakea ere!) beste behin ere zapuzteko zerbait baizik (enredo esango luke Basagoitik). Planaren hizkera, gatazkari buruzko irakurketa osoa saihestu izana, kudeaketa... den-denak Plana indargabetzeko egina dagoela ematen du; hots, kontsentsu zabalak bilatu beharrean, egoera korapilatu eta ohiko joerak zaharberritzeko asmoz eginikoa. Eta han-hemenka Lakuak botatako keinuei erreparatuz gero, agintaldia era lasaian igaro eta gainerako indar politikoen baitan kontraesanak sortu/areagotzearen bila dabilela esango nuke.

Finean, Lizarra-Garaziko garaian erabili zuten eskematik gertu samar dago Lakua oraingoan ere (Espainian «eroso» sentitzea, orain «espainolekin harreman adeitsu»-en eufemismoaz baliaturik). ETAren ekinbide armatuaren amaierak ahalbidetu duen agertoki berrian, bestalde, deseroso samar sentitzen dira jeltzaleak (ez dira bakarrak, ordea, azken egunotako PSOEren jarrerak erakutsi bezala) eta euskal eraikuntzaren bidea neketsu eta batez ere «arriskutsu» egiten zaie oso. Agian horregatik, Planak ez du esaten zeintzuk diren egoera berriaren klabeak, unionisten deserosotasuna ezkutatu eta ETAren erabakiaren garrantzia estali nahi balitu bezala.

Planaren izendapena bera zeharo anbiguoa da: non eman behar dira, bada, aipatu eta are goraipatzen dituen Bake eta Bi- zikidetza horiek? Zein eremutan? (non daude Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoa?). Hizkera guztiz administratiboa erabiltzen du Planak; hain da aseptikoa, non eta gatazka bera ez omen den existitu. Ondorio soilak aipatzen ditu, eta alde bakar bati begira jarrita, gatazkaren arrazoiak ezker abertzalearen bizkarrean jarrita. Eta zeren ondorioak? Plana isilik geratzen da puntu honetan ere. Beraz, ausardia falta ere sumatzen diot, gauzak bere izenez aipatu ordez, eufemismoekin izendatzen baititu maiz.

Luze joko nuke oraindik, baina artikulutxo hau amaitzeko tenorea da eta Planaren beraren helburuetako batekin emango diot amaiera. Izan ere, bizikidetzan egin behar/nahi duen «inbertsioaz» ari da Plana... Baina nola inberti bizikidetzan, gatazka eragin duten arrazoiei muzin eginez? Nola ote, gatazkaren alde batek gatazka bera elikatzen duten ekimenak indarrean mantentzen dituenean (batik bat preso politikoei dagokienez)? Euskal presoek oinarrizko giza-eskubideak dituzte, testuinguru orotan errespetatuak izan behar direnak: Euskal Herrira ekarri behar ditugu, eta gaixotasun larriak edota zigorra beteta dutenak kaleratzeko plana adostu beharra dago eragile sozial, sindikal eta politikoekin eta instituzio ezberdinen artean.

EAJk ere badu erantzukizunik gatazkan, eta berari dagokio erabakitzea zein urrats egin behar duen prozesua elikatzeko. Hori da konfiantza eraikitzeko modu bakarra. Jaurlaritzak edota enparauek, bestek zer egin behar duen baino, beraiek zer egingo duten esan beharko lukete. Bereziki EAJk, alderdi gisa eta kudeatzen dituen instituzioetan, gatazka elikatu duten jarrera eta jokabideak desarmatzean jarri beharko luke indarra.

Search