Patxi Azparren

Podemosen ispilua Euskal Herrian

Etxean txikiak daudenetik telebista ikusteko aukera urri ditugu. Hori dela eta, duela hilabete gutxi arte Pablos Iglesias izar mediatikoa ez dut ezagutu. Ikustean hartutako lehendabiziko inpresioa ez zen txarra izan, herdoildutako ohiko tertulianoekiko aldea handia baitu Complutenseko irakasleak. Gehiagotan ikusitakoan, berriz, nire gusturako histrionikoegia den estiloaren gibelean bere «ego» handiaren itzala ikusgai sumatzen da. Hala eta guztiz ere, ezkerreko sentsibilitaea dugun gehienok bezalaxe, gizon honen eta bere aldediaren ibilbidea arretaz jarraitzen ari naiz, euren proposamena arrunt berezia da eta.

Intelktualki lantalde sendoa dago Podemosen gidaritzan. Estatu espainarreko ezkerrak beste garai batzuetan askoz erakargarriagoak ziren eledunak izan arren (Julio Anguita, kasu) Podemosek trebetasun handia ukan du egungo hedabideek eskaintzen dituzten aukerak maisuki erabiltzeko eta hortaz ez litzateke harritzekoa izango inoizko arrakastarik handiena lortzea. Ziuraski, manipulatutako inkestek adierazten duten bezain itzelak ez, baina paregabeak ezbairik gabe.

Bistan da boteregune batzuetan ez dutela begi txarrez ikusten Podemosen gorakada. Hedabide askotatik jasotzen ari den demasako bultzakada ezin da inoxentea izan. Izan ere, Europako hauteskundeetatik hona, Podemosek bere mezuak nabarmen «epeldu» ditu. Boterera eramaten omen duen hautesleen erdigunearen bila ote?

Ezkerreko fronte bat eratzea baino, herritar batasuna hobesten ei du eskaintza politiko berri honek. Hobespen honen atzean egon daitekeen estrategia argitzeke egonda ere, ñabardura honek zalantza zantzuak areagotu ditu.

Iglesiasen jarraitzaileek jorratzeke dagoen bide berri bati ekin diote. Ez dakigu zintzotasun osoz ari den edo ‘Isidoro’ berri baten aitzinean gauden. Haatik, Podemosen sorrerak eta hedapenak beraiek dioten moduan: «78ko erregimenaren» alderdien boterea kolokan jarri du, dagoneko eta hori nahikoa dugu batzuek poz printza batzuk sentitzeko. Batek daki zer nolako garapena izango duen talde honek.

Espainian jaiotzen diren beste alderdien moduan, nazio-aniztasuna kudeatzeko egingo duen proposamenean nondik norakoak ikusitakoan hobeto ikusi ahal izango ditugu, besteak beste. Espainiar naziotasunaren inposaketa onartzen ez dugunok Podemos-Euskal Herria; Podemos-Catalunya eta Podemos-Portugal bezain zentzugabekoak direla uste dugun arren, hainbat herrikidek Podemosekiko erakargarritasuna izango dute.

Beste alderdi espainiarrekin gertatu ohi den moduan, litekeena da Madrilgo edota Sevillako Podemos-kideekin hobeto moldatzea, Barakaldo edota Leitzako Podemos-zale batekin baino. Alabait, eszenatokian eragile indartsu berri bat izateak geurean ere eragina edukiko du.

Epe laburrean, euskaltzale eta abertzale sektoreetan oso eskaxa izango da Iglesias-zaleen eragina (handiagoa sektore mugakideetan), baina bestelako ondorioak ukanen dituelakoan nago, batik bat Podemosek hautatu duen antolaketa-eredua ispilu baten aurrean jartzera behartzen gaituelako.

Arestian nioen bezala, epe laburrean alderdi berriak ez du abertzaleen artean arrantza handirik egingo, aldiz, jadanik talde abertzaleok erabiltzen ditugun barne prozeduretan zaharkituta gaudela erakutsi digute.

Podemosek atera duen ispiluaren aurrean ezker independentistaren antolaketa-eredua ikusgai dago eta hala beharrez, politika tradizionalarekin eta «kasta» kiratsa darien politikari guztiekiko haustura egin beharko du. Eszenatokian aldagai hau jarri izana, aski dut Podemosen sorrerari ongi etorri emateko.

Search