Sakabanaketarekin amaitu gaur, ez bihar!
Euskal gizarteak espetxe politika aldatu nahi du errotik. EPPK-k, bere Mintzaidetzaren bitartez, gomendioen inguruko eztabaida hasiko zuela iragarri du. Inoiz baino ahots, proposamen eta ekimen gehiago ematen ari dira gatazka gainditzeko bidean...
Bada, azkenaldion eta tamal handiz, estatuen aldetik espero zitekeen formula bakarra erakusten ari zaizkigu gobernuak beste behin ere, ohiko erantzun-molde errepresiboarena, alegia. Izan ere, sei hilabete eskasetan, hilero ia bost atxiloketa burutu dituzte batez beste. Tartean, espetxeetan emandako leku aldaketek (berrogeitik gora), presoak urrunago eramatea izan dute helburu. Orain arteko bakartze eta isolamendu egoerak gutxi ez balira (Kordoba, Puerto I eta Puerto III espetxeetan bezala), moduluen arteko banaketari ere ekin diote gobernuek; ez hori bakarrik, banantze hori patio orduetara hedatzea ere erabaki dute (Jaengo espetxean, esaterako).
Preso politikoek pairatzen dituzten miaketek (ziegetakoak edota pertsonalak, hauek ere euren senideenganaino iristen direla), maiztasun handia ezagutu dute azken hilabeteotan, orain arte baimendutako gauzak kendu edota abokatuen gutunak ebasteraino iritsiz. Duela gutxi jakin dut ere Algecirasen gertatutakoa, alegia, bi egunez eta dutxan zegoela baliaturik, kartzelero talde bat sartu zitzaiola ziegara Unai Fano-ri, eta, berau handik aterarazi ostean, ziega goitik behera arakatu eta hustu egin ziotela. Kasu honetan zein besteetan emandako aitzakiak barregarritzat joko nituzke dramatikoak ez balira; izan ere, drogaren bila ari direla edota «Madrilek agindutako miaketak» direla esan ohi dute kartzeleroek.
Oro har, espetxe barruko tentsioak gora egin du zenbait espetxetan. Seyssesekoan, adibidez, Itziar Moreno jipoitu dute (eta gogora datorkit duela gutxi, espetxe horretan bertan, gauza bera gertatu zitzaiola Xabier Aranbururi). Paris aldean dagoen Fresnesekoan, berriz, kideekiko jarrera estutzeaz gain, beraien arteko sakabanaketa areagotu egin dute eta leihoetan sareak ezarri dizkiete. Estatu espainolean, Sevilla II espetxeko egoera dugu bereziki aipatzekoa, funtzionarioen aldetik etengabeko probokazio eta erasoak ematen baitira bertan.
Gutunen erretentzioaz (ohikoa baino oraindik nabarmenagoa) hitz egin nezake hurrengo lerroetan, baita bestelako adibideak eskaintzen denbora luzea eman ere, baina aipatu ditudan kasuak aski direlakoan nago. Egiatan, ez da gisa honetako artikuluetatik edota bestelako hedabideetatik presoek egunero pairatzen dituzten baldintza zail eta ankerren inguruan arreta berezia eskatzen zaigun lehen aldia. Ez da ere espetxe politikako neurri latzen berri ematen zaigun lehen aldia... Hala eta guztiz ere, oldar errepresibo berezitu honen berri eman behar nuela uste dut.
Oldar errepresibo zaharberritu honek helburu politiko zehatza du: Kolektiboaren egoera jasanezin bilakatu, gatazkaren amaiera edozein modu eta preziotan bila dezagun. Betidanik, espainiar Estatua eta honen aginduetara dagoen frantsesa bera ere, bahiturik daukaten Kolektiboa kolpatzen aritu dira, noizbait indar harremana beren alde jarriko zuten esperoan. Aurreko pasarteetan esandako guztia hor kokatzen da erabat: hots, gure herriak bere buruaren jabe izateko zenbat eta aukera gehiago sortu, orduan eta gehiago larriagotzen dute estatuek egoera.
Gatazkak eragindako minaren kontura bizi diren zenbait lobby-k aspaldidanik eta nazkatzeraino erabiltzen duten zigorgabetasunaren mamuari zuku interesatua bezain hipokrita atera nahian, gobernuek prozesu lohiztatu baten itxura eman nahi dute haien itsukeria eta temakeria besteon bizkar irudikatzeko eta gatazkaren luzamenduan interesa dutenen estatusa bermatu asmoz.
Esan ohi da espetxeak politika jakin baten adierazle direla, hots, borondate politiko jakin baten erakusgarri. Izan ere, ziklo aldaketak espetxe politikaren gogortzea ekarri du. Horra hor, bada, Estatu espainolaren erantzun errepresiboa. Eta espainiar Gobernuak dioena, frantsesak bete egiten du. Hau guztia ez da kasualitatea. EPPKren ekarpena zangotrabatu nahi dute estatuek. Are gehiago, prozesuak aurrera egiteko ekarpenak egite soila zigortu nahi dute nonbait.
Benetan, ageriko kutsu politiko-estrategikoa duen oldar hau serioski eta nare aztertzekoa delakoan nago. Sakabanaketarekin bukatzea inoiz baino argiroago gure esku dago, baina, dispertsioarekin amaitu beharraz ahobero ibili arren, hura ahalbidetzeko urrats zehatzik ematen ez dutenekin ez kontatu. Gure esku soilean dago. Eta aukera ezin gordin agertzen zaigu denoi: ala lerrootan zehar irudikaturiko egoera luzatzen uztea, estatuei mesede paregabea eginez, ala sakabanaketarekin amaitzea. Gaur, ez bihar.