Joseba Aurkenerena

Sumer-eko atsotitz zaharren gaurkotasuna

Idazleak atsotitzei buruz hausnartu du, Samuel Noah Kromerrek "From the tablets of Sumer" liburuan argitaratutako batzuk oroitaraziz. Hain zuzen ere, "gizakia bezain zaharrak" diren esaldiak euskaraz aurkeztu ditu. Horien artean: "pobreak bere diru guztia du ahitzen" eta "gizon hori sumerieraz ikasi duen mirabea da".

Gauza jakina da atsotitza gizakia bezain zaharra dela, edota beste modu batez erranik, hitza bezain zaharra. Kultura guztietan, mintzaira guztietan agertzen zaizkigu halako erran zaharrak,  jakituriaz beteriko mezu ---ainitzetan errimatua---  duten errefrauak. Euskaraz ere, horrelakoen bilduma luze bezain aberatsa dugu, Allande Oihenart, Bertrand Zalgize, Jakes Bela, Lope Martinez Isasti, R.Mª Azkue, Jean Elizalde, Jan Battitt  Daskonagerre, Damaso Intza, Antonio Zabala,… eta beste hainbaten lumaren bitartez gure egunetaraino iritsi zaizkigunak. Ez dezagun ahantzi,17.000 atsotitz inguru bilduz, Gotzon Garatek 2003an plazaratu zuen bilduma erraldoia.

    Beste kulturetan ere horrelako erran zahar ugari daude, baina agian zaharrenak Sumer-eko eskribauek buztinezko taulatxoetan, idazkera kuneiformea erabiliz, idatzitakoak ditugu. 1934an, Edward Chierak Nippur hiri zaharreko indusketetan topatu zituen atsotitz zaharrak plazaratu zituen. K.a. XVIII. mendekoak dira. Geroxeago, Samuel Noah Kromer  --“From the tablets of Sumer”  izeneko liburu ospetsuaren egilea--   eta Edmund Gordon ikerlariek hirurehun bat atsotitz biltzen zituen bilduma zabala bildu eta plazaratu zuten. Nik hemen euskaraz aurkeztuko ditudanak Samuel Noah Kromer-en lehen aipatu liburutik atera ditut. Horra hor:

1.- Seme-alabarik egin al daitezke maitasuna egin gabe? Gizendu al   gaitezke jan gabe?

2.- Uretan sartuko haute eta ura kirastuko duk. Lorategian jarriko haute eta fruituak ustelduko dituk.

3.- Hil beharra daukagu; sosak xahutu ditzagun! Urte luzez biziko gara; sosak atxiki ditzagun!

4.- Garagar goiztiarra emankorra izanen da. Guk ba ote dakigu? Garagar berantiarra ere emankorra izanen da. Guk ba ote dakigu?

5.- Pobreak hobe du hiltzea bizitzea baino. Ogia badu, ez du gatzik. Gatza badu, ez du ogirik. Behikia badu, ez du arkumerik. Arkumea badu, ez du behikirik.

6.- Pobreak bere diru guztia du ahitzen.

7.- Pobreari dirua uzten diote, baita arrangurak ere.

8.- Etxe pobre guztiak ez dira umilak.

9.- Diru anitz duena zorionekoa da, zalantzarik gabe. Garagar anitz duena zorionekoa da, zalantzarik gabe. Baina deus ez duenak lasai aski egiten ahal du lo.

10.- Arraza oneko zaldia naiz baina mandoen antzera narabilte, eta orgatik tiratu behar dut, eta kanaberak eta adaxkak garraiatu behar ditut.

11.- Mirabea beti janzkera zikinez da agertzen.

12.- Ongi jantziriko gizonak ditu denak erakartzen.

13.- Gizon hori sumerieraz ikasi duen mirabea da.

14.- Sumerieraz ez dakien eskribaua, zer nolako eskribaua da!

15.- Gizartean ongi finkaturiko gizonarentzat, haizea besterik ez denarentzat, atxiki behar al dut nik nire maitasuna?

16.- Emakume edota haur bat biziarazi ez duenak ez du inoiz sudurretik zintzilik soka bat eraman. (Soka hori da animaliei eta esklaboei jartzen zietena)

17.- Nire emaztea tenpluan dago, nire ama ibaiaren bazterrean dago, eta ni hemen, goseak hiltzen.

18.- Emakume traketsak etxeko arazoei eritasuna die emendatzen.

19.- Plazera nahi delarik, ezteia; hobeto pentsatuta: dibortzioa.

20.- Bihotz alaia: emaztegaia; bihotz tristea: senargaia.

21.- Pitxar bat ur basamortuan, gizakiaren bizia da; oinetakoak gizakiaren begi-niniak dira. Emaztea gizonaren geroa da, semea gizonaren harrotasuna da, alaba gizonaren salbazioa da; baina erraina gizonaren infernua da.

22.- Adiskidetasunak egun bakar batez du irauten; ahaidetasunak betiko du irauten.

23.- Idiak du lurra goldatzen; zakurrak ditu ildoak hondatzen. Zakurra da, ez du bere etxea ezagutzen. Arotzaren zakurrak ezin zuen goldea lurrera bota; horren ordez, ur pitxarra zuen bota.

24.- Marinela beti da liskarzale.

25.- Oraindik ez du azeria ehizatu eta jadanik, lepokoa dio ezarri.

26.- Zezen basatik egin dut ihes, eta behi basaren adarretan naiz erori.

27.- Eskuz esku egiten da gizonaren etxea; sabelez sabel suntsitzen da gizonaren etxea.

28.- Jaun baten modura bere etxea eraikitzen duena, esklabo baten antzera da bizi. Esklabo baten antzera bere etxea eraikitzen duena, jaun baten antzera da bizi.

29.- Arma gutxi duen estatuak beti izanen ditu etsaiak bere ateetan.

30.- Baldin bahoa etsaien herria konkistatzera, etsaiak etorriko zaizkik hire herria konkistatzera.

31.- Nagusia ahal duk eduki, erregea ahal duk eduki; baina beldurra zerga-biltzaileari behar diok eduki.

-----------------------
      Ikusten ahal duzun bezala, irakurle, duela 3.500 urteko sumeriarrak gaur egun ditugun gai berberez mintzo zitzaizkigun: seme-alabez, emazteaz, familiaz, bizitzaz eta heriotzaz, aberastasunaz eta pobreziaz, lanaz eta astiaz, zorionaz eta tristuraz, adiskidetasunaz eta ahaidetasunaz, maitasunaz eta gorrotoaz, asmoez eta eginbeharrez, ezteiaz eta dibortzioaz, bakeaz eta gerlaz,…   Haizeak milurtekoak ditu eraman, hala eta guztiz ere, gizakiaren pentsamolde eta nahikariak ez dira bat ere aldatu. Eta hortxe ditugu sumeriar atsotitzak nire hitzen jakile eta lekuko.

Search