Garazi Aizpurua
Filosofian graduatua eta irakaslea

Usteak erdi ustel

Uste edo iritzi batek, onargarri izateko, ezinbestean behar ditu hura babestuko duten zimendu eta pareta sendoak

Ikastola batean jolasean dabiltza zortzi urteko haurrak jolasgaraian. Mutiko batek beste bati esan dio sokasaltoa nesken jolasa dela. Mutikoa ez dago ados eta sesioan hasi dira. Orduan, irakaslea heldu eta zera esan die: «Aski da, ez zaitezte haserretu horregatik. Iritzi guztiak errespetatu behar dira». Haurrei denak balio duen ideia sartzen zaie buruan egoera lasaitzeko eta bakea nagusitzeko; alabaina, konturatu orduko, ideia hori esparru guztietara zabaldu da, dela Bigarren Hezkuntzako ikasgeletan, dela tabernetan, dela kuadrillako eta familiako bazkarietan. Are gehiago, jar itzazu telebistako tertulia-programak eta sartu sare sozialetara. Horietan halakoak entzun eta irakurriko dituzu: «Zuk zure iritzia duzu eta nik nirea. Errespeta nazazu!». Akabo gure kabuz pentsatzeari eta benetako eztabaidak sustatzeko aukerari; dena onargarria bada, eztabaidak zentzua galtzen baitu.

Umetan buruan sartu ziguten ideia hori hain dugu barneraturik, non “iritziaren edo ustearen aroan” murgilduta gauden. Ahantzi dugu ustea eta egia ez dela gauza bera, nahiz eta harremanetan egon: usteek egiazko izan nahi dute, baina faltsuak izan daitezke. Beraz, gutxienez, ziurtasunik ezak eta faltsu izateko aukerak desberdintzen ditu egiatik.  “Usteak erdia ustel”, dio euskal esaera zahar batek; hain zuzen ere, usteak ustelak egon daitezkeelako eta faltsu izan. Gaur egun, ordea, usteen eta egiaren arteko marra mardul hori apurka fintzen eta lausotzen joan da, eta egiaz mozorroturik agertzen diren usteak nagusitzen dira egia absolutu balira bezala eta gizartean inongo eraginik izango ez balute bezala. Usteek hartu dute nolabaiteko kutsu sakratu bat: norberarenak dira eta pertsonala den horretan ezin du inork ezer esan. Uste erdi ustela hori ere; izan ere, gizakiak gure usteen arabera bizi gara edo Agustin Arrieta filosofoak esaten duen moduan, «gure usteen mapaz baliatzen gara bizitzeko». Azken batean, ditugun iritziek gure jokabideak baldintzatzen dituzte eta gure jokabideak beste pertsonak baldintzatzen ditu. Horregatik esaten da batzuetan «kontuz uste duzunarekin!».

Uste edo iritzi batek, onargarri izateko, ezinbestean behar ditu hura babestuko duten zimendu eta pareta sendoak. Zimendu eta pareta horiek argudioak edo argudio-kateak lirateke; baina nola ikasiko dugu argudioak ondo funtsatzen hasieratik isilarazten bagaituzte errespetuaren izenean? Horren garrantzizko den balio morala ondo bideratutako eztabaidak eteteko arma bilakatu da. Haatik, nola ikasiko dugu geure kabuz pentsatzen, kritikoak izaten, pentsatzen duguna (uste duguna) justifikatzen eta gainerakoei azaltzen, errespetuaren aldarrikapenak giltzapetzen bagaitu? Errespetua da, hain justu, gure arteko komunikazio egokia, iritzien arteko hartu-emana, argudiaketa eta egiaren bilaketa ahalbidetu behar duena.

Besteen iritziekiko errespetua exijitzen zaigu, baina iritzi guztiak errespetagarriak diren premisa faltsua da, iritzi guztiak ez baitaude maila berean: esaterako, ez da gauza bera pentsatzea bizitza dagoela unibertsoko beste planetaren batean edo uste izatea pertsona beltzaranek gaitasun kognitibo baxuagoa dutela zuriek baino. Garbi ikusten da lehenengo iritzian ez dela sartzen jokoan balio moralik. Bistan da lehenengo iritziak ez duela eskatzen argudiaketa sendorik, eta ez dituela ez gure jokabideak ez besteenak baldintzatzen. Bigarrenak, aldiz, bai.  Hortaz, ezin dira iritzi guztiak zaku berean sartu. Ez iezaiezue haurrei saldu iritzi guztiak errespetagarriak diren ideia. Ez iezaiezue sinetsarazi edozein uste onargarria dela. Faltsua edota gutxienez immorala eta injustua denaren aurrean isiltasunak ez du lekurik; beraz, haurren arteko eztabaida, argudiaketa eta, funtsean, haur filosofia sustatu behar da. Haurrek ikasi behar dute errespetatu behar direnak beti pertsonak direla eta ez pertsonen usteak.

Search