Urko Aiartza, Asier Basurto, Aize Otaño, Iker Salaberria, Miren Segurola
Txillardegi Gogoeta Gunea

XXI. mendeko euskararen aldeko hizkuntza politika pentsatzeko gunea

Txillardegi Gogoeta Gunearen jarduna hiru ardatz nagusitan egituratuko da: hizkuntza-politiken gaineko gogoeten eta eztabaiden bidez ezagutza sortzea; dibulgazio ekintzen eta argitalpenen bidez ezagutza hori zabaltzea; eta, azkenik, hizkuntza-politikaren inguruko aditu-sarea sortzen eta zabaltzen joateko formazioa sustatzea.

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi ezohiko intelektuala izan zen. Gutxik bezala, garaiko pentsalari nagusien iturrietatik edan eta ezagutza hura Euskal Herriko errealitatera ekartzen jakin izan zuen intelektual konprometitua, hain zuzen ere. Telesforo Monzon eta Txillardegi lotzen zituen hari nagusietakoa bien ala bien euskaltzaletasuna zen. Biek ala biek uste zuten bere buruaren jabe izango zen Euskal Herri bateratua osatuko bazen horretarako oinarri nagusia euskara izango zela.

Txillardegik esana da: «Hizkuntzak ez dira ahultzen edo gotortzen beren molde edo barne-egiturarengatik, politikazko askatasun ala menpetasunarengatik baizik. Askatasunik ez duten herriek beren hizkuntza galtzen dute, eta politikaz menperatu dituzten erresumen hizkuntza hartzen. Euskararen arazoa ez da borondatekeriaren bitartez konponduko. Badakigu. Euskararen arazoa […], politikoa da osoki».

Horrek eraman zuen, hain zuzen, glotopolitikaren edo hizkuntza-politiken esparruko ezagutzetan sakontzera eta horren gaineko dibulgazio-lanak egitera. Monzonek ere argi zuen hizkuntza borroka: «Herri gisa euskarak daramaki kolkoan gure geroaren giltza. Ulertzen bagaitue ez baikaute sekulan ulertuko. Ulertuko ez gaituenean ulertuko gaitue. Ulertu behar bagaitue, beraz, gauden ezin ulertuak. Horrela beharbada, ezin ulertuz, azkenean ulertuko baikatue».

Horiek horrela, azalpen askorik eman behar izan gabe, uste dugu Txillardegiren izenak eta izanak ezin hobeto islatzen dituela Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiaren baitan eratu berri den gogoeta gune honen nondik norakoak. Gune hau, gogoetaren esparrutik Euskal Herri euskalduna osatze bidean, bere hondar alea ekartzera dator; besteak beste, hizkuntza-gatazka eta, zehatzago esanda, glotopolitika edota hizkuntza-politika erdigunean jarrita.

XXI. mendearen lehen laurdenean murgildurik gaudela, mundu mailan sekula ezagutu ez den abiadan ematen ari dira aldaketak: teknologia aurrerapenak, informazio joan-etorriak, larrialdi klimatikoa, migrazio mugimenduak, gizarte batzuen zahartzeak... Horren guztiaren ondorioz, gizarte eraldaketa sakona gauzatzen ari da. Horrekin lotuta eta horretaz gain, ziurgabetasuna eta ezegonkortasuna nagusi dira gaur egun.

Testuinguru horretan, ordea, inoiz baino biziago nabari da gizakion taldetasun beharra. Heldulekua eta babesa eskaintzeaz bat, nor izaten lagunduko digun komunitatearen beharra. Horrek guztiak sekulako eragina izango du, beraz, identitatearen erreprodukzio-sistemetan, oro har, eta, zer esanik ez, gurea bezalako komunitate eta nazio gutxiagotuetan.  

Hizkuntzaren auziari lotuta, neoliberalismoaren gailentzeak liberalismo linguistikoaren diskurtsoa eta praktika indartu ditu azken hamarkadetan. Hizkuntzari lotutako aferak herritarren borondate librearen bidez ebazten diren ideia faltsua indartzen ari da, baita eskubide kolektiboen baztertzea ere, eskubide indibidualen mesedetan. Horrek guztiak, noski, hizkuntzaren normalizazio-prozesua bultzatzeko politika publikoen esku-hartzea gaitzestea dakar; edo, onenean, esku-hartze horren eraginkortasuna gutxiestea.

Euskal Herrira etorrita, euskararen egungo normalizazio-ereduak goia jo duen zantzuak nabariak dira; besteak beste, hezkuntza arloan, erakunde publikoen normalizazio-prozesuetan, lan-munduan, kultur transmisioan edota esparru komunikatiboan.

Aipatu eraldaketa horiek guztiak kontuan izanik, euskararen normalizazioa helburu duen euskaltzaletasunak eta abertzaletasunak ezinbestekoa dute gogoeta sakona egitea.  Paradigma-aldaketen garaian bizi gara eta egoera berri horietara egokitzeko gaitasuna izateak berebiziko garrantzia izango du.

Gelditu eta inguruetara begiratzeko garaia dugu euskararen normalizazio-prozesuan; sistemikoak eta egiturazkoak diren eraldaketez ohartu, eta errealitate honen aurrean gaur egun euskal lurraldea administratzen duten erakundeek nola eragin behar duten XXI. mendeko eta menderako euskararen normalizazioan prospektiboki sakondu behar dugu; XXI. mendeko erronkei aurre egiteko zer hizkuntza-politika behar dugun definitu behar dugu.

Halere, horretarako ezinbestekoa izango da datozen hamarkadetan zer gizarte-eraldaketa izango diren ongi ulertzea, zein diren joera orokorrak, zein izan daitezkeen ezustekoak... Eta horren guztiaren baitan euskara eta euskal identitate erresilientea lortzeko behar dugun hizkuntza-politika birpentsatu behar dugu.

Euskal herritar eleaniztunez osaturiko Euskal Herri euskalduna sortzea badugu helburutzat, horra eramango gaituen trantsizio linguistikorako hizkuntza-politika garatzea ezinbestekoa da.

Hizkuntza-politiketan jarri nahi dugu arreta, Txillardegiri jarraikiz, euskararen arazoa politikoa delako osoki eta, bere ordezkapen-prozesua hizkuntza-politika batzuen ondorio izan den moduan, hizkuntza-politiken esku-hartzea ezinbestekoa izango delako euskararen normalizazio-prozesurako.

Urruneko ortzi mugek amets egiten laguntzen digute, posible diren aukerak zabaldu eta egunerokotasunetik haragoko esperantzen pizgarri dira.

Bide hori urratzeko, beraz, Txillardegi Gogoeta Gunearen jarduna hiru ardatz nagusitan egituratuko da: hizkuntza-politiken gaineko gogoeten eta eztabaiden bidez ezagutza sortzea; dibulgazio ekintzen eta argitalpenen bidez ezagutza hori zabaltzea; eta, azkenik, hizkuntza-politikaren inguruko aditu-sarea sortzen eta zabaltzen joateko formazioa sustatzea.

Hementxe hasi dugu ilusioz eta esperantzaz beteriko bidea. Ez da bide berria, Telesforo Monzon eta Txillardegi bezalako intelektual konprometituek urratutako bideari jarraipena eman nahi dion bidea baizik.

Search