Zertarako nazioa
Nazio anitzeko estatuak sortuko dira beti, eta errealitate hori kontuan hartu behar du estatu berria osatu nahi duen nazio mugimenduak
Aberri Eguna egun seinalatua da Euskal Herria estatu subirano bihurtu nahi duen nazio mugimenduarentzat. Ez euskal herritar guztientzat, beraz, baizik eta euskal nazioan sinesten dutenentzat bakarrik. Herritar guztiek nazio bera ez partekatzea arraro samar geratzen da, ohituta baikaude entzutera estatukide guztiok naziokide ere bagarela. Baina nazioa eta estatua ez dira gauza bera; edo nazioa eta nazio sentimendua; edo euskal nazioa eta euskara. Elementu bakoitzak bere funtzioa betetzen du.
Zer da nazioa? Lurralde jakin batean bere burua politikoki subirano irudikatu nahi duen komunitatea da nazioa, Benedict Andersonen haritik jarraituta. Nazioa ez da espazio edo leku bat, ez da esentzia bat; nazioa pertsonei dagokie: lurralde bat dago oinarrian (salbuespenak salbuespen), eta horren gaineko subiranotasun politikoa bilatzen dute pertsona horiek, mugimendu nazionalistak, alegia. Azken honek ematen dio forma nazioari, eta saiatzen da diskurtso erakargarria eraikitzen, herritarren atxikimendua lortzeko. Diskurtsoaren ildo nagusia aldagarria da. Euskal Herrian etnia edo arraza lehenengo, eta gero euskara eta euskarari loturiko kultura. Baina bai batean zein bestean inoiz ez dira izan elementu bakarrak. Beste batzuk ere erabili dira eta: historia, lurralde sentimendua muga inguruetan, politika...
Nazioa eta naziokideak. Nazioa pertsonek osatzen dute, ez inguruak, iraganak edo kulturek. Nazioa baldintza operatibo baten pean dago beti: horretan sinetsiko duten pertsonen atxikimendua. Baina bereizi behar dira nazioa eta nazio sentimendua. Lehena aktiboa da, eta bigarrena pasiboa. Nazio sentimendua guztiz subjektiboa da: ni zer sentitzen naizen. Euskal herritarra, frantsesa edo espainiarra, edo beste zerbait senti naiteke, eta horrek eragina izango du nire hainbat jarduera edo egoeratan. Nazio sentimendua funtsezkoa da nazio proiektu baten alde egiteko, baina Nazioak ematen dio forma proiektu horri, ez sentimenduak. Ez dira parekatu behar, eta ondorioz, nazioa ez da existitzen nik nahi dudalako, eta nahi dudanean, sentimendu hutsez, nazio proiektu bat dagoen bitartean baizik. Nazio sentimendua pertsonaren barruan joan daiteke, baina nazioa agerikoa izan behar da, nazio proiektu bat dagoela jakin behar da.
Nazio proiektu hori zabala da, eta barne hartzen ditu horretan sinesten duten naziokide guztiak. Eta interklasista da (feminismoak eta ekologismoak bultzatutako berdintasuna edo iraunkortasuna diren bezala), ezein naziokidek ez baitauka nazioaren interpretazio ideologiko bakarra egiteko legitimitaterik. Jakina, zilegia da nazioari proiektu politiko eta ideologikoak (klasekoa, feminista, ekologista, euskalduna) eranstea, baina horren gauzapena ezin da izan baldintza nazio proiektua aurrera eroateko, helburua urrundu egingo bailitzateke, eta nazioak subiranotasun efektiboa bilatzen du lurralde baten gainean; ezin da konformatu nazio sentimendu zehaztugabe batekin. Nazioa estatuari loturik doa.
Nazioa eta estatua. Nazioa ez da estatua, historikoki estatuaren forma klasikoa nazio batean oinarritu dena izan bada ere. Baina munduan hainbeste nazio mugimendu egoteak gezurtatzen du, hain zuzen ere, forma klasiko hori. Izan ere, nazioak gehiago dira estatuak baino, eta bestalde, nekez aurkituko dugu nazio bakarreko lurralde zabal bat, are gutxiago gaur egungo mundu globalizatuan. Nazio anitzeko estatuak antolatu dira orain arte, eta aurrerantzean ere horrela antolatuko dira. Nazioa eta estatua elementuak hartuta, beraz, buelta eman beharko litzaioke argudioari: ez dugu sortzen estatu bat nazio bakarra babesteko; nazioa sortzen dugu hainbat aurrerapen eta hobekuntza –sozialak, ekonomikoak, ongizate kolektibokoak– ekarriko dituen estatua nahi dugulako. Nazioa bitartekoa da, eta benetako helburua estatua. Eta estatua bitarteko da, bestalde, helburu politiko-ideologiko partzialak lortzeko.
Baina, kontuz, nazioa bitarteko izateak ez du esan nahi baztertu daitekeen zerbait denik! Izan ere, estatu baten aldeko ideia sortzeko eta haren inguruan atxikimendua lortzeko nazioa behar dugu: ideia ez da sortzen ezerezetik, eta atxikimendua ez da interes materialetik soilik lortzen. Nazioak konpaktatu egiten du komunitate bat ideia horien alde egiteko, baina muga argiak ditu, historiak behin eta berriz erakutsi duenez. Alde batetik, nekez lortuko da lurralde bateko biztanle guztiek nazio beraren alde egitea estatu bat lortzeko: ez da probablea Euskal Herrian nazio bakarra sortzea. Eta bestetik, eta ondorioz, nekez lortuko da estatu bat sortzea nazio bateko kideen oniritzi hutsean oinarrituta. Kataluniako esperientziak argi uzten du euskal naziotik haragoko biztanleen atxikimendua bilatu behar dela estatu independente baten alde egiteko, atxikimendua nazio sentimendutik haragoko eskaintzan oinarritu behar delarik, ongizatean oro har.
Nazio anitzeko estatuak sortuko dira beti, eta errealitate hori kontuan hartu behar du estatu berria osatu nahi duen nazio mugimenduak, baina bestalde, nazio baten babesa beharko da beti, oinarri gisa aritu dadin, ongizate hutsagatik estatu bat sortzea zailagoa da eta. Nazioaren funtzioa nazio proiektu –estatua– baten alde lurralde bateko ahalik eta kide gehienen atxikimendua lortzea da, atxikimendurako elementuak bat baino gehiago izanda. Nazioak nazio sentimendua landu behar du estatua eraikitzeko, eta emozio iraunkorra (ez egun batetik bestera alda daitekeena) txertatu behar dio proiektuari, bere burua politikoki subirano irudikatzen duen komunitatea osatzeko.