Aster Navas

Zoriontsuak ginen baina ez genekien

Astelehena. Astelehena da eta badakigu astelehena dela. Rudyard Kiplingen "Something of myself" liburu autobiografikoan, Sarean oso ezaguna egin den esaldi gogoangarria burura datorkit: «Not only were we happy, but we knew it». «Zoriontsuak izateaz gain, (itzultzera ausartu naiz, idazlearen larruan jarriz) bagenekien». Bitxia, gutxienez, "Oihanaren liburua" liburuaren egilearen biografia. Bitxia ere esaldi horrek pandemiako garaian izan zuen bilakaera: «Zoriontsuak ginen baina ez genekien», esaten genuen. Birusa heldu arte ez ginen konturatu.

Asteartea. Nire 2. Batxilergoko mailako ikasleei erreparatu diet. Ikasgelara sartzen direlarik edo pasabideetan berriketan ari direlarik; beraien arteko barreak, keinuak, garrasiak, txantzak, konplizitatea. Gazteak dira eta badakite. Edo agian gazteak dira eta ez dakite. Agian gazteak dira eta badakit. Agian ez naiz gaztea eta badakit...

Asteazkena. Maiatzak 1. Bolintxuko urjauzira joan naiz. Ez nekien hor, Bilbon bertan, holango leku bat zegoenik. Ziur aski ezohiko kokapen horrek edertzen du.

Osteguna. Eraman dut esaldi ditxosoa klasera eta sintaktikoki aztertu egin dugu. Horrela, arbelan idatzita, zatikatuta, testuingurutik kanpo, indarra galtzen du; laborategiko objeto xume bat baino ez da. Jatorrizko perpausetik konbinazio ugari sor daitezke; koordinatuak eta era guztietako mendeko perpausak. «Zoriontsuak ginen: bagenekien. Zoriontsuak ginen eta bagenekien. Zoriontsuak ginen baina ez genekien. Ez bagenekien ere... zoriontsuak ginen. Zoriontsuak ginen bagenekien eta. Zoriontsuak ginenez bagenekien... Bagenekienez zoriontsuak ginen. Zoriontsuak ginela uste genuen. Zoriontsu ginenok ez genekien. Zoriontsuak ginenean ez genekien... Uf. Txirrinak jo aurretik, ikasle batek galdetu du, nahasmen handiagorako, zer demontre zen genekiena edo ez genekiena. Ea zoriontsuak ginen besteek ezagutzen ez zuten zerbait bagenekielako, edo besteok ezagutzen zuten zerbait ez genekielako. Edo ea zoriontsuak ote ginen ez genekielako zoriontsuak ginenik...

Ez nekien zer erantzun, baina egun osoa eman dut asunto horri bueltaka. Esate baterako sozialistak zoriontsuak dira, azkenean ere, badakitelako. Jadanik badakitelako Sanchez geratuko dela. Ezohiko ate bat irekitzen du esaldian, beste esanahi bat ematen dio. Ia istorio bat zen, mikroipuin bat zeukan perpaus horrek ezkutatuta. Eskerrak First Dates hasi dela...

Ostirala. Dermatologoarengana noa legen batengatik. «Hori udaberriko kontua da», esan dit medikuak errezeta idazten zuen bitartean. Udaberria da eta nire azalak badaki. Ostirala da eta gorputzak badaki. Googlen pixka bat trasteatuz, deskubritu dut esaldi mitiko hori Argentinan jaio zela. Adolfo Rodríguez Saá gobernadoreak bideo bat igo zuela Youtubeko bere kontu pertsonalera, lelo horrekin: «Politena da ostirala dela eta gorputzak badakiela». «Corralito» dekretatu zuen politikaria gidatzen ari zela, musika elektronikoaren erritmoan mugitzen agertzen zen irudietan. Sareak egin zuen gainerakoa.

Larunbata. Oso lanpeturik ibili naiz azterketak zuzentzen. Larunbata bada baina larunbatak ez daki larunbata denik. Irratian lokatz makina batetaz hitz egiten dute. Aire-frijigailuaren ondorekoa da: denon ahotan dago.

Igandea. Pepe Mujica, Uruguaiko presidente ohiak berriro hunkitu nau. Bere adierazpenek beti egiten dute. Baina gaur, esofagoan sendatzeko zaila den tumore bat duela adierazteko erak txundituta utzi nau: no es la primera vez que «la parca» anduvo «rondando el catre». Bizitzari aurre egiteko hainbeste argibide eman ondoren, heriotzari aurre egitekoari buruzko masterclass hau eskaini digu digu: hilkorra naiz eta badakit. Komeni da jakitea, onartzea, erlatibizatzea. Ba hori, zoriontsuak izan gaitezela; nahiz eta jakin. Edo jakin gabe.

En fin.

Search