Haima bat, «Herstoria»
Fathmak dioenez, amona, Mendebaldeko Saharan sortua, kanpamentuetara heldu eta melfarekin egin zuen lehen haima beste emakumeekin batera. Harrezkero haimaren abaroan bizi izan da familia, sendia −sendia elea zentzurik zabalenean− hartuta. Bizitokia ez ezik, sendiaren biltokia ere bada haima; solastokia ere bai, tearen inguruko tertulia luzeetan. Izan ere, bizitzeko tokia ez ezik, haimak ere bizimodua dakar.
Fathmak dioenez, emakumeek jaso eta zaindu dituzte haimak kanpamentuetan, baina gero beste ardura batzuk ere hartu behar izan zituzten; Fathmaren ama militarra izan zen, eta erantzukizun handiko kargua bete behar izan zuen, jadanik horretan ez dabilen arren. Frontetik etortzen zenean babestoki eta atseden hartzeko tokia ere izan zen haima.
Fathmak dioenez, haiman goizero esnatzen zuen izebak lehen otoitzaldia egiteko, eta, gosaldu eta ikastera joan aitzin, ahizpa nagusiak laguntzen zion ikasgaia errepasatzen, baina Fathmari gehien gustatzen zitzaiona ingelesa izanik, ahizpak ezin zion arlo horretan gehiegi lagundu.
Fathmak dioenez, ingelesa ikasteko kanpamentuetatik kanpora atera zenean, beti gogoan eraman zuen haima, eta haimaren itzalpean ahizpa, izeba, ama eta amona.
Fathmak dioenez, beti iruditu izan zaio ingelesezko «History» hitzak −his+story− ez dituela emakumeak kontuan hartzen, nagusiki gizonezkoak agertzen direla; iraganeko gertaeren kontakizuna, non emazteak protagonista diren, «Herstory» edo «Herstoria», oraino idazteke dagoena.