Leire Goenaga eta Mari Joxe Iturria | Hezkuntza zinegotzia eta Hezkuntza zinegotzi ohia, hurrenez hurren

Joxe Mari Auzmendiri, esker onez

Atzo eguerdian jasotako telefono deia dabilkigu buruan, albiste tristeak hartu gintuen. Joxe Mari Auzmendi Hik Hasiko arima eta Azpeitiko Udalak aurrera eramandako proiektu askoren pieza garrantzitsuak utzi gintuen. Urte asko dira Joxe Mari ezagutu genuela: Euskal Herria eta herriak zituen maite. Heziketa ulertzeko modua, eskola herritarrak, jolasa, parte hartzea, euskara eta gure kultura, hezkuntzaren eraldaketa zituen helburu.

Azken urteetan behin baino gehiagotan joan gara ate joka Hik Hasira, gure herrian hezkuntzatik abiatutako proiektuen bidez hobetzeko batari eta besteari buruz galdezka. Joxe Marik beti ireki izan dizkigu Hik Hasiko ateak eta beti izan da prest esku bat botatzeko, laguntzeko eta bidelagun izateko.

Beti umil, beti irribarrez, beti ilusioz. Horrela ezagutu dugu. Azken hilabete eta egunetan ere, unerik gogorrenetan ere, ez du bere irribarrea eta lanerako gogoa alde batera utzi. Beti zetorren ideia berriren batekin. Behin eta berriz esaten zigun «handia» da egiten ari zaretena. Bultzada handia ematen zigun.

Azpeitiko ikastetxeekin eta Hik Hasirekin elkarlanean eginiko proiektu garratzitsua da "Azpeitia ezagutzen" gazteenei Azpeitiaren historia modu erakargarrian ezagutarazteko hezkuntza proiektua. Joxe Mari hasieratik izan genuen udalean zein herriko ikastetxeetan, bere jakinduriatik eta esperientziatik ekarpenak egiten eta proiektua bultzatzen.

Herrigintzaren bultzatzaile nekaezina, azken urteotan, berriz, herri hezitzailearen filosofiaren baitako lanak elkartu gaitu. Joxe Mari Agirretxerekin batera, beti izan ditugu bidelagun. Herria egiten ari gara, baloreetan heztea dugu helburu; berdintasunean, elkartasunean, euskaratik eta euskaraz… eta horretan jarraituko dugu.

Azkena egon ginen momentua datorkigu burura. Orain dela pare bat aste izan ginen elkarrekin eta beti bezala besarkada batez agurtu ginen. Amesten eta lanean jarraitu besterik ez dugu.

Azpeitiko Udalak eta herriak badu zer eskertua Joxe Mariri, bihotzez mila esker! Eta besarkada eta animoak senide, lagun eta gertukoei.

Search