Despopulazioaren neurriko abiada behar dute legeek

Otsagabiko azken harategia itxi da. Iragan 50 urtean harategi horretan buru-belarri jardun den Jose Javier Sagardoyrekin izan da GARA, eta, haren hitzetan suma daitekeenez, negozio familiar bat baino gehiago zen: bertatik bertarako zerbitzua, jendearen hartu-emanerako topalekua... herriaren eta bere historiaren zatitxo bat, finean. Norbaitek lekukoa hartuko dion esperantzan, dena txukun-txukun utzi omen du, baina oraingoz ez dio inork deitu.

Harategiaren ezinak eskualdearen ezinekin hertsiki lotuta daude. Azken urteetan, euskal hiriguneen eta gainerako lurraldeen arteko asimetria hazi egin da, eta horrek, besteak beste, landa eremuak jendez hustea ekarri du. Hori agerikoa da Nafarroan ere: Iruñerrian eta, neurri txikiagoan, Tuteran, zerbitzuen, industrialdeen eta etxebizitzen kontzentrazioa gauzatu da; gainerako lurraldeek, aldiz, eta, bereziki, Pirinioek, huste bat jasan dute. Otsagabia lagin ezin argiagoa da: azken 50 urtean biztanleria erdira jaitsi da, abeltzaintzaren jiran egituratutako ehun ekonomikoa gainbeheran jausi da eta orduan irekita zeuden lau harategiak itxi dira, beste hainbat zerbitzurekin batera. Hamarkadatako endekapen prozesu hori, gainera, aldagai orokorragoekin kateatu da: genero arrakala (emakumeen kasuan nabarmenagoa da despopulatze hori), funtsezko ofizioetan erreleboa emateko ezina...

Arazoa ez da berria, eta horri aurre egiteko ardatzak aspaldi finkatu zituzten bertako herritar eta erakundeek: zerbitzuak, mugikortasuna, komunikazioa, lehen sektorea, etxebizitza, zaintza...  Horiek bultzatzeko, Pirinioetako Mahaia eratu dute tokiko ordezkariekin eta Pirinioetako Plana osatu dute Nafarroako Gobernuarekin eta beste zenbait erakunderekin batera. Aurten bada beste mugarri garrantzitsu bat: Despopulazioaren eta Landa Garapenaren Legea. Mahaiak aldarrikatu duen bezala, ezinbestekoa izango da gobernantza sistema partekatuaren bidez adostea eta anbiziotsua izatea: «Despopulazioa izugarrizko abiaduran doa» eta horren aurkako plan eta legeetan «erritmo berean joan behar dugu». Harategi, herri eta eskualde guztiak «bizirik» behar baititugu.

Search