Mundua nondik aterako zaigun ez dakigunean

Itzelak dira azkenaldian gauzek duten abiadura eta disrupzio maila. Gauza jakin bati begiratu, izan Israelen genozidioa Palestinan, horrek Iranen eragindako egoera, Libanoko su-etena edo AEBetako Administrazio berriaren jokamoldea oraingo gerren inguruan, bat-batean, sutea piztu eta duela bi aste sinestezina zena egia bihurtzen da. Palestinako sarraskiak Irani eta Ukrainako gerrak Errusiari hipotekatutako indarren jakitun, Recep Tayyip Erdoganek Sirian indar jihadistak bultzatu eta Baxar al-Assad boteretik botatzeko aukera baliatu du. Atzo Damaskon sartu ziren, urteetako gerran lortu ezin izan zuten garaipena lortuz. Duela egun gutxi zenbait inguru askatu zituzten indar kurduak jihadisten helburu bihurtu direla diote zenbait iturrik. Aldi berean, tropa israeldarrak Golango gainetatik Sirian barrena sartzen ari direla iragarri zen. 

Goiz da Sirian zer gertatuko den esateko; areago, orain arte gertatu dena aurreikusteko inolako gaitasunik izan ez denean, inork gutxik aurreikusten baitzuen palestinarren genozidioaren efektu zitaletako bat al-Assad dinastia akabatzea izango zela. Mugimendu hauen guztien ondorio txarrenak kurduek pairatuko dituztela aurreikusteko ez da aditua izan behar, ordea. Historian beti izan delako horrela, eta beren askatasunaren aldeko borroka ez delako eten, ezta etengo ere. Edonola ere, geopolitikaz harago, ia ezer esan ezin denean, internazionalismoaren ardatzetara begiratzea beti komeni da.

Lehenik, autoritarismoa askatasunen etsai dela gogoratu behar da. Autoritarismoen arteko gatazka batean ez dago zertan aukeratu, baina aukeratzea libre da, noski. Horretarako, argudioak eman behar dira, ikuspuntu kritikoari eutsiz eta errespetu militantez eztabaidatuz. Politikan, ikuspuntu teologikoek sektakeria indartu ohi dute. Internazionalismoa lubakia baino zerbait gehiago da, munduari begiratzeko modu bat, herrien askatasunaren eta elkartasunaren aldeko ikuspuntu politikoa. Kanpoko injerentziak beti dira zitalak, herrien subiranotasunaren hondatzaile. Herriek askatasuna behar dute beren etorkizuna eta antolaketa politikoa aukeratzeko. Munduan justiziaren, askatasunaren eta bakearen alde dauden pertsonen eta mugimenduen lana ardatz horien arabera ahal bezain zuzen jokatzea da, kritikoki eta errespetuz.

Search