Palestinako genozidioa, humanitate krisiaren ikur

Gabonen atarian gaude. Eten bat egin eta ingurukoekin nahi beste jan, edan, kantatu eta hitz egiteko garaian, alegia. Euskal herrietako kaleak argiztatu dira jada, eta iragarkiak ikus daitezke nonahi. Haurrak, oro har, ilusioz daude, balizko opariaren zain. Helduekin batera biharko abestiak entseatzen ari dira eta, tartean, Belenen jaiotako «haur eder hori» dute hizpide. Alabaina, Belen eta inguruetan argazkia zeharo ezberdina da. Yoav Gallant Israelgo Defentsa Ministroak iragarri zuen Gazaren «erabateko setioa» zela helburua, eta esandakoa betetzen ari dira: ia ez dago ez elektrizitaterik, ez janaririk, ez urik, ez erregairik. Ondorioz, hango haurren aldartea oso bestelakoa da: War Child Alliance erakundeak egin berri duen ikerketa baten arabera, Gazako haurren %96k uste du haien heriotza «berehalakoa» dela, eta erdiek hil egin nahi dute.

Krisi humanitarioaz harago, humanitatearen krisia adierazten du Palestinako genozidioak, gizakiak nazioarteko harremanak eraikitzeko modu oso bat baitago jokoan. Angela Davisek dioen bezala, munduarentzat «suzko froga morala» da, eta, momentuz, nazioarteko komunitatea behintzat ez da gainditzen ari. Urtarrilean Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israeli genozidioa ekiditeko neurriak hartu zitzan exijitu ostean, urtebetean ez dira neurriok betearazteko beharrezkoak diren presio mekanismoak martxan jarri: harreman diplomatikoen haustura, armen blokeoa, zigorrak, boikota… Hala, Human Rights Watch eta Mugarik Gabeko Medikuak erakundeek aurreko astean salatu zutenez, Israelek inpunitate osoz palestinarren aurkako «garbiketa etnikoa» eta «genozidio ekintzak» egiten jarraitzen du, beroriek «desagerrarazteko» asmoz.

Horren aurrean, ezin da salbuespena normalizatu, ezta «sabela bete dut eta, besteak hor konpon» jarreran iltzatu ere. Aurten egindako hamarnaka ekimenei segida emanez, funtsezkoa da heldu diren hilabeteetan auzia egunez egun agendan mantentzea eta nazioarteko laguntza eta presioa biderkatzeko estrategiak zorroztea. Sarraskiak nola, elkartasunak ere ezin du etenik izan.

Search