Zainketa aringarriak ondo antolatzeko garaia da

Euskal gizartean gai tabua da heriotza. Agian, gaur egun duela urte batzuk baino gutxiago hitz egiten da horretaz, eta, maiz, jendeak ez daki oso ondo nola aurre egin bizitzaren amaierari egoera atzeraezin bat gertatzen denean; ez daki, adibidez, zer baliabide eska ditzakeen osasun publikoan, sufrimendua arintzeko eta saihesteko. Heriotzaren tratamendu falta hori hainbat esparrutan islatzen da, baina beharbada zainketa aringarrien eremuan egin behar dira aldaketa garrantzitsu eta premiazkoenak.

Arlo horretan gabeziak handiak ikusten dira; besteak beste, baliabide falta, laguntza eskatzen duten pertsonen kopuru txikia edo antolaketa nahasia, eta prestatutako langileen eskasia. GARAk gaur argitaratu duen erreportajeak modu zabal eta xehatuan errepasatzen du EAEn gauzak nola dauden. Gabezia horietatik abiatuta, aurreko ostiralean aurkeztu zen “Echamos de menos” herri plataforma. Ekimen honen atzean 35 elkarte daude, horien artean minbizia duten pertsonen kolektiboak, alboko esklerosi amiotrofikoa edo alzheimerra dutenenak, baita medikuntzako espezialisten elkarteak ere. Horien aldarrikapen nagusia zainketa aringarrien legea onartzea da. Bultzatzaileek adierazi zutenez, lege aldaketak baino gehiago –horiek beharrezkoak izango baitira–, perspektiba aldaketa bultzatzeko asmoa dute. Ekimenaren bozeramaileen esanetan, kontua ez da gehiago gastatzea soilik, baizik eta dauden baliabideak birbanatzea, prestatutako langileak koordinatzea, laguntza psikologikoa ematea, babes komunitarioa indartzea eta abar. Azken finean, EAEko herrialde bakoitzak zaintza aringarriak modu batean antolatuta ditu gaur egun, eta egoera hori gaindituko duen antolaketa-sistema bat ezartzea da kontua, plataformaren ustez.

Ekimen ahaltsua, gizarteak kontzientzia har dezan heriotzarako igarobideaz, isilean eta ezkutuan mantentzen den bizitzaren alderdi horretaz. Eta proiektu bat, trantze horretan dauden pertsonei eta horien hurbilekoei laguntzeko, ahalik eta ondoen igaro dezaten. Izan ere, elkarrizketatuetako batek erreportajean dioen bezala, «gaixo terminal izateak ez du zoriontsu izateko eskubidea kentzen».

Search