Irunen atzo izandako bigarren finalaurrekoan kartzelako lanean pilatu zituen Maialen Lujanbiok puntu gehien.
Gaia:Dena ondo zihoan, argia piztu den arte.
Hona bertsoak:
«Trago bat eta beste trago bat gure kaleetan barrena/ ta piztea da alkoholak eta sexu grinak dakarrena/ zure etxera nere etxera betiko gauzak aurrena/ zure logelan sartu gera ta hara hemen ondorena/ argia zegon itzalita ta bertan biluztu naiz dena/ ta bat-batean piztu egin da argi txiki xumeena/ nere gerrira begira zaude ez naiz uste zenuena».
«Estali arte izan dugunak nahiko irri nahiko broma/ ahorik aho pasa dugunak gintonic barruko horma/ bular parea zut neukan eta zuk eman didazu forma/ galtza estuak nebilzkin arren ez takoi eta ez gona/ hau ta hura naiz hartzen ari naiz zenbait botika hormona/ gizona eta andrea nauzu ez andrea ez gizona/ nere inon ez egon nahia ote da zure ezinegona».
«Gizarte honen estereotipo ta gizarte honen usten/ tranpan zu ari zera erortzen eta hori ez dizut uzten/ zuk badakizu nola zizelka eta marraztu gaituzten/ ze inporta du gaur ari banaiz zure aurrean biluzten/ eta neroni ni neu naizena hori bakarrik gorpuzten/ nere gerripe zintzilikako desira ari da puzten/ itzali zazu argia eta utzi azalari ikusten».