1977/2024 , 1983

Herritarrak eta bolondresak lokatza eta uholdeek eramandako objektuak garbitzen Andoainen.
Herritarrak eta bolondresak lokatza eta uholdeek eramandako objektuak garbitzen Andoainen. (Javier Gallego | EGIN)
Fernando Alonso

1983: Ezbehar naturalak eta politikoak

Naturan gertaera batzuk saihetsezinak dira; nahiz eta hondamendiak, beste batzuetan, aurreikus daitezkeen eta ondorioak arindu. Ezbehar politikoak, ostera, aurreikus badaitezke ere, tragedia bihurtzen dira beti, abiapuntutzat berariazko borondate bat dutelako; norbaiten erabaki direlako.

Natura

1983ko abuztuaren 26an Bilbo Aste Nagusian zegoen bete-betean. Egun batzuk lehenago eurite handiak izan ziren Euskal Herriko hainbat tokitan. Bizkaiko hiriburuan, jaiegunerako aurreikuspenek ezegonkortasuna eta zaparradak iragarri zituzten. Gauez eurite larriak izan ziren Gipuzkoan. Hainbat errepide moztuta zeuden euriaren ondorioz, eta lau ibaik gainezka egin zuten.


Denboralea Bizkairantz zihoan. Han, etengabeko euri-jasa ari zen, metro koadroko 600 litrotik gorakoa. Euriari itsasgora batu zitzaionean, Ibaizabalgo arroak ezin izan zuen gehiago jasan. Urek dena eraman zuten, zenbait lekutan bost metroko altueraraino igoz.

Zazpi Kaleak suntsituta geratu ziren; eta, horiekin batera, jai-eremua, Erriberako merkatua eta Abusu auzoa, non hainbat bizilagun ebakuatu behar izan zituzten helikopteroz. Dena lokatzez bete zen.

Bilboko Atxuriko geltokiaren egoera uholdeen ondoren. (J.A.M. I BILBOKO LIBURUTEGI DIGITALA)

Triskantzak Bilboko Alde Zaharrean eta inguruan ez ezik, Galdakaon, Etxebarrin, Laudion eta beste hainbat herritan ere izan zuen eragina. Momentuko ziurgabetasunen zurrunbiloan, Bermeo ur azpian desagertu zela ere zabaldu zen.

Abuztuaren 26tik 27rako gauean, Bizkaiko azalera handi bat inkomunikatuta zegoen, elektrizitaterik, telefonorik eta edateko urik gabe. Eguneko lehen argiekin hasi ziren hondamendiaren ondorioak azaltzen. Hogeita hamar hildako baino gehiago izan ziren, eta kalte materialak 1.200 milioi eurokoak izan ziren, orduko 200.000 milioi pezetakoak.

Urak Bilboko txosnetako jai eremua suntsitu zuen. (Roberto ZARRABEITIA I EGIN)

Elkartasun mobilizazioa berehalakoa eta eredugarria izan zen. Ez bakarrik hasierako uneetan erreskateetan laguntzen; ondoren ere, garbiketan eta bizitza normalera itzultzeko hondamendia gainditzen lan handia egin zen. Euskal lurralde osotik iristen ziren elkartasunez betetako autobusak. Benetako auzolana izan zen.

Politika

1982ko udazkenean PSOEk Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeak argiki irabazi zituen. Espainiako II. Errepublikaren ondoren, bere burua ezkerrekotzat eta sozialistatzat zuen alderdi batek Madrilen lehen aldiz Gobernua lortu zuen. Horrek aukera-leiho bat ireki zezakeen askatasun demokratikoak berreskuratzeko eta euskal auzi politikoa konpontzeko.

Baina ez zen horrela izan, eta Felipe Gonzalezi eta beretarrei denbora falta izan zitzaien itxaropena deuseztatzeko eta liskar fase berri bat hasteko. Errepresioa areagotzeari ekin zioten; baita jazarpen politikoko indarkeriari ere, eta euskal presoekiko eta haien familiekiko errebantxismoa gogortu zuten. Ordura arteko gerra zikina Estatu terrorismo bihurtu zuten.

Gonzalezek Gobernuko presidente kargua hartu bezain laster, euskal gatazkari aurre egiteko planaren ildo nagusiak aurreratu zituen; hain zuzen ere, matxinatuen aurkako borrokaren ikuspegitik egina. Jose Barrionuevo izendatu zuen Barne ministro. Bizkonde baten seme zen hura frankista mugimenduan murgildurik ibili zen PSOEra iritsi aurretik.

Felipe Gonzalez Espainiako Polizia Nazionalaren Ikuskatzearen ekitaldiaren buru Madrilen 1983an. Ezkerrean, Jose Barrionuevo, Barne ministroa, eta Rafael Vera, Estatuko Segurtasuneko zuzendaria. Eskuinean, Felix Alcala Galiano, Guardia Zibileko inspektore jenerala. (Pool MONCLOA)

Ministeriora ailegatu eta gutxira, ZEN Plana aurkeztu zuen (Zona Especial Norte–Iparraldeko Eremu Berezia), euskal jendartearen zati handi bat errepresioaren jomugan jarriz. Programa integralaren aitatasuna Andres Cassinello jeneralari egozten zaio, hain justu, Fort Bragg Estatu Batuetako base militarrean kontra-insurgentzian diplomatua eta aparatu faxistaren alderik ilunenean trebatua zena.

ZEN Plana maiatzean onartu zuen Ministro Kontseiluak. Bost hilabete geroago, urriaren 16an, Joxean Lasa eta Joxi Zabala euskal errefuxiatu politikoak desagertu ziren Baionan. Bi egun geroago, Espainiako Poliziako GEOetako talde bat Jose Maria Larretxea Goñi errefuxiatua bahitzen saiatu zen.

Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren senitartekoak 1999an, beraien desagerpen eta heriotzagatiko epaiketaren bezperan. (Jon URBE I FOKU)

Aste gutxi geroago, Jose Amedo eta Michel Dominguez poliziek kontratatutako hiru mertzenario Mikel Lujua errefuxiatua bahitzera joan ziren; baina okertu egin ziren, eta, bere ordez, Segundo Marey bizilagun hendaiarra bahitu zuten. Operazioa Barne Ministerioaren funts erreserbatuekin ordaindu zen. Poliziez eta mertzenarioez gain, politikari batzuk ere inplikatuta zeuden, hala nola, Julian Sancristobal Bizkaiko gobernadore zibila eta Ricardo Garcia Damborenea Bizkaiko PSEko idazkari nagusia.

1983ko abenduaren 15eko 'Egin'-en azala,

Marey abenduaren 14an aske utzi eta egun gutxira, Ramon Oñederra 'Kattu' hil zuten tiroka Baionan, Kayetenia tabernan. Bederatzi egun geroago, frankotiratzaile batek Mikel Goikoetxea 'Txapela' akabatu zuen.

Ordura arte, gerra zikinaren ekintzak erreibindikatzeko, «inkontrolatuek» hainbat sigla erabili zituzten: Triple A, BVE, Guerrilleros de Cristo Rey, ATE... Ordutik aurrera, ekintzek izaera zentralizatuagoa hartu zuten, estatu-terrorismoarena, alegia, eta ordura arte ezezaguna zen sigla bakar baten pean: GAL.

Ramon Oñaederra (EGIN).

Ipar Euskal Herrian hori gertatzen zen bitartean, Hegoaldean ZEN Plana errepresioaren benetako sozializazioa eragiten ari zen. Errepideko kontrolak biderkatu ziren, baita intoxikazio informatiboak eta atxiloketa indiskriminatuak ere; eta zenbait unetan ez bakarrik ezker abertzaleko edo ETAko kideenak. Izan ere, errepresioa orokortu egin zuten. Kasu askotan, atxilotuak berehala uzten zituzten aske; beste batzuetan, ordea, espetxera eramaten zituzten. Askok tratu txarrak eta torturak salatu zituzten. PSOE Espainiako Gobernura iristeak ez zuen ekarri torturen bukaerarik; aitzitik, areagotzea eta instituzionalizatzea ekarri zuen. Apirilean, jada 160 tortura salaketa zeuden.

Frontea espetxeetara ere eraman zuten. UCDren garaian euskal presoak espetxe gutxi batzuetan egon ziren; hori bai, guztiak Euskal Herritik urrun. PSOEren estrategia berria, antza, euskal presoak Herrera de la Manchako espetxean biltzea zen. Hala, Felipe Gonzalezen gobernuak Herrera de la Mancha espetxe militarizatu bilakatu zuen; benetako gerra-kartzela.

Euskal presoak Yeseriaseko kartzelan. (Javier GALLEGO I EGIN I KUTXATEKA)

1983ko azken egunean, presoen senideen autobus bati eraso zion talde batek Madril inguruan. 
Ikurrina ere tentsio foku bihurtu zen, erakundeetan  egotea debekatuta zegoelako. Urte osoan zehar, Poliziak eta Guardia Zibilak udaletan sartu ziren, mastetatik bandera nazionala erauzteko eta Espainiakoa zintzilikatzeko. Horrelako jarrerak eragindako gorabeherak biderkatu egin ziren, eta liskarrak eta atxiloketak eragin zituzten. «Banderen gerra» deitu zitzaion.

Hildako militante abertzaleen omenez kale eta plazetan jarritako plaka eta oroitarri asko kentzeari ekin zioten poliziek. Obsesioak Sanferminetako peña baten pankarta kentzea ere eragin zuen.

1983ko uztailaren 22ko 'Egin'-en azala,

1983. urtean, jarduera armatua oso bizia izan zen. ETAk eta «zortzigarrenek» ez ezik, Komando Autonomo Antikapitalistek, Iraultzak eta Iparretarrak-ek ere mota guztietako ekintzak egin zituzten.

Otsailean, Ertzaintzak -lehen trafiko unitateak errepidetara atera berri zituen- bere ibilbide errepresiboa estreinatu zuen, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko 3.000 irakaslek egindako protesta bat presiodun ur-mahukaz deseginez.

Istiluen aurkako materialaz gain, Polizia autonomikoaren zuzendaritzak armamentu gehiago eta hobea nahi zuen, eta Cetme eraso fusilak eta bestelako gerra-armamentua erosteko baimena eskatu zion Defentsa Ministerioari. Ez zuten oniritzirik jaso, material mota hori «beren gain hartuko ez dituzten konpetentzietara bideratuta dagoelako».

Euskadi Irratiko estudioetako bat. (EGIN)

1983an, EITB lehen urratsak egiten eta finkatzen hasi zen. Aurreko urteko azaroan hasi zen Euskadi Irratia emititzen, eta urte horretako azken egunean ETBri egokitu zitzaion txanda. 1983ko martxoan, Radio Euskadi atera zen uhinetara.

EITBk ez zuen ibilbidea albiste oso zoriontsuak emanez hasi. Mundua ez zegoen Euskal Herria baino hobeto: gatazka korapilatsua Libanon, apartheiden aurkako borroka latza Hegoafrikan, Margaret Thatcher gero eta gogorrago, Reaganen planak Nikaragua erasotzeko, Polonia...

Jose Bergamin, Gonzalo Santonja eta Alfonso Sastre, Herri Batasunaren lehen hauteskunde-kanpainan, 1979an. (EGIN)

Abuztuaren 28an Jose Bergamin hil zen, euskal independentismoaren kausa besarkatu zuen gaztelaniazko letren maisu madrildarra. Euskal Herria erbeste gisa aukeratu zuen eta Hondarribian ehorzteko eskatu zuen, «Espainiako lurrari nire hezurrak ez emateko». Komunista errepublikanoa, antifaxista, eta botere ororen aurkako borrokalari nekaezina... «Deabruari esker» fededun aitortzen zuen bere burua, eta, «une jakin batzuetan, arrazoia izateko modu bakarra hura galtzea dela» adierazten zuen. Arrazoi hori ez zuen inoiz galdu, 'Egin' eta 'Punto y Hora'-ko bere artikulu guztietan ikus daitekeenez.

Hondamendi guztien gainetik, jazzaren erritmoak Euskal Herrira iritsi ziren, besteak beste, Pastorius, Ella Fitzjerald eta Chick Corearen eskutik. Eta natur eta giza halabeharren aurkako antidoto gisa, Anoetako belodromoan Rod Steward abeslariak bere buruari galdetzen zion: «Do you think I´m sexy?». Hori bai, sarrerek 2.000 pezeta (12 euro) balio zuten, eta, orain kontzertu bat 12 euroren truke ikustea merkea den arren, 1983an nahiko garesti zen. Halere, hori bai, ez zen katastrofikoa.