1977/2024 , 1988

Euskaldunako langileek eutsi egin diete 1988ko apirilean Poliziak egindako eraso-saiakerei lantegiaren barruan.
Euskaldunako langileek eutsi egin diete 1988ko apirilean Poliziak egindako eraso-saiakerei lantegiaren barruan. (Alfredo ALDAI | EGIN)
Fernando Alonso

1988: Birmoldaketak

Dena etengabeko eraldaketan omen dago. Hala ere, horrek ez du esan gura, nahitaez, birmoldaketa oro norabide oneko aurrerapausoa denik. Are gutxiago prozesuaren hasiera bortxatua izan bada, gero modu txarrez eta engainuz ixteko.

Euskalduna ontziolaren birmoldaketak gatazka piztu zuen 1984an. Lau urte geroago berrabiarazi zen, liskarrei amaiera emateko adostutakoa iruzurra izan zela egiaztatu zenean; hasieratik benetako helburua ontziola behin betiko ixtea baitzen, ez hura eraldatzea.

Gauzak ez ziren iragarri zituzten moduan izan, eta 1988. urtea barrikadekin eta suarekin hasi zen berriro Deustuko zubian. Itzuli ziren Poliziarekin liskarrak, errepide eta trenbide mozketak... «Tuerkak gomazko piloten kontra», Hertzainak taldeak abesten zuen moduan 'Eutsi gogor!' kantan.

Hertzainak taldearen kontzertua, 'Eutsi gogor!' abestiaren egileak. (Bixen, EGIN)

Euskalduna enpresako batzordeko kide batek gogoratu zuenez, «Bandalismoa? Bandalismoa da hiru milioi langabe egotea». Izan ere, hori zen zifra ofiziala espainiar Estatuan 1988an.
Maiatzean ugazabek enpresa itxi zuten, eta egoera larritu zen. Azkenean, PSOEko Gobernuaren, Gasteizko Gobernuaren, CCOOren, UGTren eta ELAren arteko akordio batek Euskalduna ontziolen behin betiko desagerpena ekarri zuen. LAB eta Langileen Kolektibo Autonomoa, berriz, akordioaren aurka agertu ziren.

Polizia Nazionaleko agenteek langileek Deustuko zubian altxatutako barrikadetako bat gainditu dute. (Alfredo ALDAI, EGIN)

Birmoldaketa planek eta berrindustrializazio deiturikoak beren bideari jarraitu zioten, beste euskal enpresa enblematiko batzuk jomugan jarriz. Bizkaiko Labe Garaien kasuan, abenduan Madrilgo Gobernuak handitze plan bat geldiarazi zuen. Geroztik, Labe Garaien patua markatuta geratu zen, eta zortzi urte geroago Sestaoko labeak betiko itzali ziren.

Euskal industria-tradizioaren galeraren panorama latz horretan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako familien % 31 pobrezia-egoeran zegoen, estatistiken arabera.

Sestaoko Labe Garaietako "Pastilla" izeneko eremua. (Luis Jauregialtzo, FOKU)

Ezkerraldea bezalako eremuetan, errealitatea penagarria zen. Sestaoko Langabeen Batzarrak borroka gune bizia ireki zuen, eta inguruko beste herri batzuetako langabeek ere bide beretik jo zuten, hala nola, Ortuellakoek. Horrek polizia errepresioaren arreta gune bihurtu zituen.

Hori bai, halako egoera larri batean bizi kalitatea ez galtzeko, Gasteizko Exekutiboak –EAJ eta PSOEk osatutakoa– goi kargudunen soldata % 40 igo zuen, eta biziarteko pentsioa bermatu zien.

Bankuek ere birmoldaketei ekin zieten; kasu honetan, haien interesentzat modu egokiagoan eta zoriontsuagoan. Banco de Bilbao-k eta Banco de Vizcaya-k 'Banco Bilbao Vizcaya' osatu zuten. Herrialdeko bi aurrezki kutxek –Bilboko Udalakoa eta Bizkaikoa–, berriz, BBKri bide eman zion protokoloa sinatu zuten.

BBVAren idazkun berria jartzeko lanak Bilboko eraikinean. (Luis Jauregialtzo, FOKU)

Polizia aldaketa-dinamikan sartu zen. Espainiako Barne Ministerioa nahiko zikina zegoen Estatu terrorismoarekin. Jose Barrionuevok Jose Luis Corcuerari pasatu zion kartera. Corcuera, Burgosen jaio bazen ere, Portugaleteko bizilaguna zen, eta garai batean Labe Garaietan lan egin zuen, UGTko liberatua izan aurretik.

Gasteizko Gobernuari zegokionean, Barne Sailean Juan Lasa Jauregik Luis Maria Retolazaren lekua hartu zuen, Gernikako Estatutuaren Ertzaintzako alma materra izan zenarena, hain zuzen ere.

Autonomia erkidegoko Polizian errepresio jarrerak gero eta pisu handiagoa hartu zuen, eta era guztietako kolektiboen aurkako esku hartzeak ugaritu ziren. Esaterako, egun berean ikasleen aurka kargatu zuten Bilbon eta pertsona desgaituen kontra Gasteizen.

Bilbon ikasleekin izandako liskarretan molotov koktelek harrapatu zituzten ertzainak. (Alfredo ALDAI, EGIN)

Indarkeria erabiltzeko joera nabarmen horren ondorioz, Ertzaintzako ErNE sindikatuak eskatu zuen Brigada Mugikorra, «Beltzak», desegiteko, «elementu errepresiboa» zirelakoan.

Sindikatu hori 1984an jaio zen, ziotenez, Ertzaintza «euskalduna, demokratikoa, profesionala, eraginkorra eta euskal gizarte osoaren zerbitzura» izateko helburuz. Ordutik hona, argi dago horiek ere birmoldaketa jasan dutela. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!

Baina birmoldaketaz eta birez ari garela, ezin Euskadiko Ezkerrarena aipatu gabe utzi. 1978ko erreferendumean Konstituzioaren aurka agertu ziren. Hamar urte geroago, «zalantzarik gabeko baiezkoa» eman zioten, eta Bandresek aitortu zuen Konstituzioari baietz esatea «ordura arte gainditu gabeko ikasgaia» zela. Are gehiago, zioenez, «erabat faltsua da euskal herritarrek Konstituzioari ezetz esan izana».

Ikuspuntu horrekin bat egin zuen Ardanza lehendakariak ere Argentinako bisitan: «Espainiako Konstituzioa jakinduria eta zentzutasun politikoren adibide da».

Martxoan Ronald Reaganekin Etxe Zurian egon zen, eta hark prismatiko batzuk oparitu zizkion. Agian prismatiko horietatik begiratuta Ardanzak halako argitasuna lortu zuen. Bide batez, Ardanzak makila bat oparitu zion Reagani.

Jose Antonio Ardanza eta Ronald Reagan, Pete Zenarrusa senatariarekin (eskuinean), Etxe Zurian egindako topaketan. (Euskalkultura.eus)

Egun haietan, Ronald Reagan Erdialdeko Amerikan jarduten ari zen, Nikaragua eta Kuba erasaten eta Libia bonbardatzen, Iraki Iranen aurka babesa ematen...

Bere aldetik, Ardanzak, Madrilgo Terrorismoaren Aurkako Akordioak markatutako bideari jarraituz, elkarrizketak hasi zituen Ajuria Eneko Ituna izango zenari begira. Estatu itun hori bide politikorako eduki gisa aurkeztu zuten arren, benetako helburua independentismoaren aurkako fronte global bat antolatzea zen. Jon Juaristik, ETA VI-tik PSOEra igaro zenak, argi eta garbi laburbildu zuen edukia: «Herri honen lehen arazoa ez da terrorismoa, euskal nazionalismoa baizik».

1988ko urtarrilaren 12an Gasteizen Ajuria Eneako Ituna sinatu zen. (EGIN)

Akordio hori 1988ko urtarrilean Gasteizen sinatu zen. Eta gero, Nafarroako Foru Parlamentuak, udan, babesa eman zion. Akordio horien babesean, errepresioari estaldura handiagoa ematea eta ezker abertzale politikoa ekonomikoki itotzea bilatzen zuten, baita gizartean liskar zibileko giroa sortzea ere.

Hala, Gabriel Urralburu Nafarroako lehendakariak esplizituki eskatu zuen HBko jendea iraintzeko eta kalean errieta egiteko. Hamar urte geroago, Urralburu espetxeratu egin zuten, 'Roldan auzia' zela eta. Milioi askoko komisioak kobratu zituen, lan publikoen emakiden truke. 2023ko irailean Gabriel Urralburuk milioi erdi euro baino gehiago zor zion oraindik Nafarroako Foru Ogasunari.

Itun horiek eratzen ari ziren bitartean, Aljerren eta modu sekretuan hasi ziren Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko lehen elkarrizketak. 1988an erakunde armatuak hainbat su-eten eskaintza egin zituen, azkena azaroan. Gobernuak ez zituen aintzat hartu.

Hala, eta lehen harreman horiek izan arren, errepresioa maila berean mantendu zen fronte guztietan, eta euskal presoen aurkako estrategiak jarraitu zuen, baita entregak eta Pirinioen bi aldeetako polizia operazio bateratuak ere.

Otsailaren 20an, Filipe Bidart eta Ttotte Etxebeste Iparretarrak erakundeko militanteak atxilotu zituzten Bokalen. Jendarme batek jaurtitako tiro batek bizkarrezurrean jo zion Etxebesteri, eta elbarri geratu zen.

Ttotte Etxebeste, 2000. urtean Pariseko Justizia Jauregian egindako agerraldian. (Bob Edme, FOKU)

Egun batzuk lehenago, Espainiako erregeek bisita egin zuten Nafarroara. Bisitaren ondorioz, hirurogeita hamar lagun atxiki eta zauritu ugari izan ziren; tartean, Herri Batasuneko hautetsiak.

Otsailean bertan, ETAk Emiliano Revilla Soriako industria gizona bahitu zuen, eta urriaren 30era arte gatibu mantendu zuen.

1988. urtea Israelen erasoaldi gogor baten eta lehenengo Intifadaren urtea izan zen; baina baita Palestinako Estatuaren aldarrikapenarena ere, 94 herrialdek berehala aitortu zutena. 1988. urtea Deustuko zubian suzko barrikadekin hasi eta greba orokor batekin bukatu zen. Abenduaren 14an, Espainiako Estatu osoan, Felipe Gonzalezen Gobernuaren lan erreformaren aurkako greba orokorra izan zen.

Erreforma horrek, besteak beste, langile gazteen kaleratzeak eta zabor-kontratuak merkatzen eta errazten zituen, patronalari nabarmen mesede eginez. Grebak jarraipen masiboa izan zuen Hego Euskal Herrian.

Egun batzuk geroago, Pablo Sorozabal euskal musikaririk handienetako eta karismatikoenetako bat zendu zen. Donostiako Belle Époque betean, familia «proletario eta euskaldun» baten semea, bere hitzetan.  

Fermin Muguruza Kortaturen kontzertu batean Irunen. (Bixen, EGIN)

1988ko urriaren lehenean Iruñean Kortatuk bere azken kontzertua zuzenean grabatu zuen, 'Azken guda dantza'. Publikoak ETAren aldeko oihuekin abesbatzak egiten dituenean, diskoaren lehen edizioan txistua entzuten da, oihu horiek entzun ez zitezen. Franco hil ondoren, zentsuratutako disko bakarrenetakoa izan zen.

Urte batzuk geroago, Kortatu Negu Gorriak bihurtu zen:

Konejera ta tanketa askoren su-emaile.
Ni nintzen aizkolari, segalari, Korrikalari
Probalari, txingalari, arraunlari
Palankari. Ni nintzen aizkolari!!