1977/2024 , 1979

Juan Mari Bandres EIAren mitin batean Iruñean.
Juan Mari Bandres EIAren mitin batean Iruñean. (EGIN)
Fernando Alonso

1979: Ziabogak

Ehun urte bete ziren Kontxako lehen estropadatik, eta, ziaboga on baten ondorioz, Santurtziko Sotera ontziak Donostiako bandera preziatua eskuratu zuen. Kontxako bere bigarren bandera zen.

Ziabogetan egindako beste lan on batek 1. Euskadiko Traineru Txapelketa Kaiku taldeari eman zion. Aurreko urteko Kontxako bandera ere lortu zuen. Kaikurentzat lehen bandera izan zen, baina sestaoarrek bazituzten beste bi, 50eko hamarkadan Iberiako eskifaiak irabazitakoak.
Behar den unean eta norabide egokian emandako ziaboga on bat garaipena lortzeko gakoa izan daiteke; aldiz, biraketa txar batek beti eramaten du bat porrotera.

Carlos Garaikoetxea Euskal Kontseilu Nagusiko presidente karguaz jabetzen Gernikan. (Alfredo ALDAI I EGIN)

EAJ Lemoizko zentralaren gaian ziaboga prestatzen hasia zen, ordura arte etengabe errepikatzen zuen mezu katastrofista eta etorkizun distopikoa alde batera utziz. Geroago, erreferendum baten alde agertu ziren; eta azkenean, zentralaren itxiera babestu zuten. Ziaboga oso irekia izan zen eta urteak behar izan zituen.

Lemoizko zentral nuklearra eraikitzeko lanak. (EGIN)

Gai horretan, PSOEk istriborrera ziaboga egin zuen, eta Lemoizko zentral nuklearraren aurka egotetik, hura sutsuki defendatzera igaro zen. 
Ordura arte, nuklearren aurkako borrokak eragin zituen herri mobilizaziorik handienak. Aurreko urteetan Lemoizera martxa arrakastatsu bat eta manifestaldi handi bat izan ziren, baina 1979ko apirilaren 27an Bilbo zeharkatu zuena gogoangarria izan zen.


Hilabete pasatxo geroago, ekainaren 3an, beste mobilizazio handi batek Lemoizko obrak geldiarazteko eskatu zuen Tuteran. Egun hori aukeratu zen Energia Nuklearraren Aurkako Nazioarteko Eguna zelako, eta ez da ahaztu behar hiru hilabete lehenago Harrisbourgeko zentral batean AEBen historiako istripurik larriena gertatu zela: erreaktorearen nukleoa urtu zen; hain zuzen, industria nuklearrak ezinezkotzat jotzen zuena.


Tuterako martxan, Poliziak manifestarien aurka jo zuen, horietako batzuk eserialdia egiten ari zirela. Horien artean zegoen Gladys del Estal, Caracasen jaiotako ekologista donostiarra, eta guardia zibil batek garondoan tiro egin eta hil zuen. Bertsio ofizialaren arabera, manifestariak guardiari subfusila kentzen saiatu ziren eta borrokan tiro batek ihes egin zuen.


Guardia zibila zuhurtziagabekeriagatik zigortu zuten, baina ez zuen zigorra bete. Gero, Leopoldo Calvo Soteloren Gobernuak kondekoratu zuen, eta, geroago, Felipe Gonzalezek. Zigorraren ordez, bi domina.

Gladys del Estalen ikasle txartela, Guardia Zibilak hila Tuteran. (Javier GALLEGO I EGIN I KUTXATEKA)

Gladys hil eta hamar egunera, ETAk zentralaren turbina gunean bonba bat sartzea lortu zuen. Urtebete lehenago, beste leherketa indartsu batek kalte handiak eragin zituen erreaktorean bertan. Bi bonbak jarri zirela aldez aurretik jakinarazi zuen ETAk, eta berehala ebakuatzeko eskatu zuen, kalte pertsonalak saihesteko; baina ez zuten hala egin, eta lehen leherketan bi langile hil ziren, eta bigarrenean, beste bat.


Iberdueroren aurkako ekintza armatuak eta erasoak areagotu ziren, baita herri mobilizazio masiboak ere. Baita langileek beraiek zentral barruan egindako sabotajeak ere. Gauza bat zela eta bestea zela, obrek ez zuten aurreikusi bezala aurrera egiten.

1979ko martxoaren 4ko ‘Egin’-en portada.

Baina ziabogez ari garela, EIArena eta polimiliena aipatu behar. Izan ere, borroka armatuari eusten zioten arren, Espainiako Konstituzioarekin sortutako erregimen berria lotsarik gabe besarkatzen hasi ziren. «Carta Magna» deiturikoak prozesu autonomikoari bidea ireki zion, eta EIA-Euskadiko Ezkerrak kale horretatik bideratu zuen branka; Nafarroa kanpoan utzi zuen eta Euskal Herriaren eskubide nazionalak Espainiako subiranotasunaren mende utzi zituen, korrontea hartuz.

Mario Onaindiak ziaboga iragarri zuen: «EIA ez da lehen zena, zorionez». Bandres preso polimiliekin elkarrizketatu zen, eta horiek, hasieran, Euskal Kontseilu Nagusiari aitortza adierazi zioten, eta azkenean, Autonomia Estatutua babestu eta haren aldeko botoa eskatu zuten. Onaindiaren hitzetan, Estatutuak «asmo demokratiko eta nazional garrantzitsuenak jasotzen ditu, 'Alde hemendik' bezalakoak».

EIAren pankarta, Donostian egindako manifestazio batean, indar polizialak alde egiteko eskatuz. (EGIN).

Besteak beste, Estatutuarekin euskal presoak etxera itzuliko zirela ziurtatu zuten. ETA pm-k  «Estatutuarekin presoak kalera» lelopean atentatu kanpaina bat zuen martxan, eta hura amaitzea erabaki zuen. Handik gutxira, Sorian giltzapetuta zeuden hamalau preso euskal espetxeetara eraman zituzten.
 Soriako espetxean egoera muturrekoa zen: polizia barruan zegoen eta ETA militarreko presoak gose greba mugagabe luzeak egiten ari ziren, Juan Jose Regoren kasuan bezala, eta batzuk zainak moztera iritsi ziren.

EIA bezala, ETA pm ere bere ziaboga prestatzen ari zen, jarduera armatua areagotuz, batez ere, dirua biltzea helburu hartuta. Hala ere, Espainiako eta Madrilgo gune turistikoetan ere jarri zituen bonbak, hala nola, Atocha eta Chamartingo geltokietan, eta horiek bere alderdiaren gaitzespena ekarri zuten. Azaroan, Javier Ruperez UCDko diputatua bahitu zuten, eta hilabete geroago askatu zuten.

Bozketa mahaia Gernikako Estatutuari buruzko erreferendumean. (EGIN)

UCDk eta EAJk Madrilen lotutako Gernikako Estatutua urrian onartu zen, erreferendumean. Martxoan, lehen udal hauteskundeak erabateko arrakasta izan ziren jeltzaleentzat, 900 zinegotzi ingururekin, bigarren udal indarra izan zen Herri Batasunak baino ia 600 gehiago.


Donostiako ezker abertzaleko zinegotzi berri horietako bat, Tomas Alba, sei hilabete geroago hil zuten,  Astigarragako (oraindik Donostiatik desanexionatu gabea) sagardotegi batetik afaltzetik irtetean, distantzia laburrera bi tiro jaurtita. Gerra zikinak hildako lehen kargu politikoa izan zen.

Tomas Alba, HBko zinegotzia, BVEren atentatuan hil zena. (EGIN)

Irailaren 28an izan zen erasoa, eta, hasieran, Grupos Armados Españoles taldeari egotzi zioten, nahiz eta urte batzuk geroago Batallon Vasco Españoleko bi ultraeskuindar, Ignacio Iturbide eta Ladislao Zabala, zazpi heriotzaren erantzule egin ziren, horien artean Tomas Albarena. Epaiketan deklaratu zutenez, autoz mugitzen ziren Andoain, Hernani eta Errenteria aldean, «separatisten ehizan», eta halako batean zinegotzia identifikatu eta tiro egin zioten.

Tomas Alba atentatuan hil zuten lekua Astigarragan. (Javier GALLEGO I EGIN I KUTXATEKA)

«Heriotzaren triangelua» deiturikoan, ehizaldia 1979ko maiatzean hasi zuten, Jose Ramon Ansa gaztea hil zutenean; haren hilotza Andoain eta Urnieta arteko areka batean agertu zen. Ondoren, Tomas Alba hil zuten, eta 1980an, Felipe Sagarna, Miguel Arbelaitz, Joaquín Altimasberes eta Luis Maria Elizondo. Hurrengo urtean, Javier Ansa hil zuten. Horietako inork ez zuen militantzia edo garrantzi politiko berezirik.

Ladislao Zabalak hamar urte baino ez zituen egin espetxean, eta 2013ko ekainean hilik agertu zen Bilboko mendialde batean.

1979an, ibilbidearen aldaketen hasiera eragin zuten ziabogak izan ziren, hala nola, abortu eskubidearen aldeko borroka, frankismo garaitik zigortua. 'Basauriko 11' bezala ezagun egin zirenen aurkako prozesuarekin, urrian, mugimendu feministak haurdunaldia eteteko eskubidea agenda politiko eta sozialean jartzea lortu zuen, mobilizazioa eta borroka aktibatuz.

Beste ziaboga historiko bat Nikaraguan gertatu zen, uztailaren 19ko iraultza sandinistaren garaipenarekin, zeinak Somoza sagaren diktadurari amaiera eman zion.

1979ko uztailaren 20ko ‘Egin’-en portada.

Euskadiko futbol selekzioa abuztuaren 16an irten zen lehen aldiz zelaira Errepublikaz geroztik, eta San Mamesen 4-1 irabazi zion Irlandako taldeari, Bai Euskarari babesteko partida batean. Abuztuan irabazi zen futbol partida, baina ekainean poesiak Blas de Otero euskal poeta galdu zuen, zioenez, bere poematan Jainkoaren bila ari zen komunista:

Aquí tenéis, en canto y alma, al hombre
aquel que amó, vivió, murió por dentro
y un buen día bajó a la calle, entonces
comprendió, y rompió todos su versos.