1977/2024 , 5 janvier

Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

Auzitegi Nazionala, Natxo Cicatriz eta Vinader auzia eragin zuen ETAren ekintza

Urtarrilaren 5. egun honetan, baina urte ezberdinetan, izandako hiru gertaera: Auzitegi Nazionalaren sorrera, Natxo Cicatriz punk abeslariaren heriotza eta Vinader kazetariaren auzia eragin zuen 'ultra' baten kontrako ETAren ekintza. Egunak ez ezik, euskal gatazkaren hari-muturrak ere lotzen dituzte gertaerok.

Natxo Cicatriz, indarrez beterik, ikusleekin bat egiten.
Natxo Cicatriz, indarrez beterik, ikusleekin bat egiten. (Pablo CABEZA)

'Egin' jaio baino hilabete batzuk lehenago eratu zuten Auzitegi Nazionala, euskal egunkaria itxi zuen auzitegi bera.

Auzitegi Nazionala orduan sortu zela esatea ez da, halere, oso zuzena. Berez, epaitegi berri bat sortu baino gehiago, aurretik zetorren beste bat eraldatu baitzuten, frankismoaren ondorengo printzipio gidariari segituz: hausturarik ez, erreforma baizik. 1977ko urtarrilaren 5ean, gaurko egunez duela 47 urte, Tribunal de Orden Público frankistaren azken eguna eta Auzitegi Nazionalaren lehena izan zen. Esanguratsua benetan, baten amaiera eta bestearen hasiera egun berean izatea.

'Terrorismoaren' kontra jardunaren aitzakiapean, eskubide asko eta maiz urratu ditu epaitegi horrek, eta urteak pasa ahala eskubide urraketaren orbana zabaldu baino ez da egin, adierazpen askatasunari jarritako mugak adierazpen artistikoraino eraman arte.

Beharbada, azken hamarkadatan aurrekoetan baino arazo gehiago izan dituzte Auzitegi Nazionalean eremu ezberdinetako artistek, 83an Eskorbutoko kideei –Madrilgo kalean, polizia-etxe baten ondotik pasatzen ari zirelarik, Espainiako Poliziak gelditu eta haien maketa bat entzun ostean–  «legedi antiterrorista» ezarri bazitzaien ere. Atxilo hartu zituzten ia bi egunez.

Edonola ere, askoren ustez, Euskal Rock Erradikalaren taldeek Auzitegi Nazionalarekin orduan izandakoak baino askoz ere arazo gehiago izango zituzten ondorengo hamarkadatan, azken garai honetan titiriteroak eta rap-abeslariak auzipetzen, kartzelatzen edo erbestearen bidea hartzera behartzen ikusi baitugu Espainiako epaitegi berezia.

E.P.N.U.P.Q.N.A.Q.T.J.N

Oraintxe, hemerotekari begiratuta, ez dugu halakorik aurkitu Natxo Cicatrizen kasuan, nahiz eta hark kantatzen eta botatzen zituen hitzak polemikoak eta gogorrak izan. Punkia zen Natxo, eta Cicatriz talde «marjinala» zela zioen berak. Atxilotu zuten eta kartzelatik ere pasatu zen, baina ez zuen Auzitegi Nazionalarekin topo egin. Urte batzuk beranduago, kantatzen segituz gero, seguru asko izango zuen harekin arazoren bat; esan bezala, horko epaileek beren atzaparren artean gero eta jende gehiago harrapatu baitute.

Natxo Etxebarrieta gaurko egunez hil zen duela kasik 30 urte. 1996ko urtarrilaren 5ean zendu zen. Cicatriz taldeko hasierako lau kideak hil ziren garai hartan, belaunaldi oso bat kolpatu zuen heroinaren ondorioz. Natxo izan zen azkena, 88an motoz izandako istripu batek eta drogen eraginak bere osasuna larriki kaltetu ostean.

Hil zen egunean Pablo Cabezak 'Egin'-erako idatzi zuenez, «berak bazekien asfaltoak eta kimikak bizi erdia baino gehiagoko koska egin ziotela». Halere, horren denaren jakitun izan arren, «inoiz ez zion borroka egiteari utzi». Berriro taldea martxan jartzen saiatzen ari zen.

Urtebete lehenago, elkarrizketa eskaini zion 'Egin'-i Natxok. Zehazki, urte askotan ostiralero gazteentzat erreferentzia izan zen 'Gaztegin' gehigarriari, 'Bat, bi, hiru' musikako ospetsuari segida eman zionari. Gerora, GARArekin, 'Gazte Algara' eta 'Garrasika' etorriko ziren.


Elkarrizketa hartan bere ibilbideari eta biziari begiratzeaz gain, oraindik oholtza gainean aritzeko gogoa erakutsi zuen. Bere abestiekin identifikatuta sentitu arren, hitz batzuk «sobrada» bat izan zirela aitortu zuen, matxistatzat jo zituztela gogoratzerakoan. Heroina aipagai berezia izan zuen: «Euskadi izan zen heroina sartu zen lehen tokia, argi dago. Badakigu zertarako sartu zuten. Guri tokatu zitzaigun. Besterik gabe». Euskal gatazkari aipamen zuzena, berriro ere.

Haren heriotzak izan zuen 'Egin'-en azken anekdota bat. Iruñeko Natxoren lagunek eskela jarri zioten egunkarian, ulergaitza benetan. Hildako punk abeslariaren izenaren azpian «E.P.N.U.P.Q.N.A.Q.T.J.N» irakurri zitekeen. Egun batzuk beranduago, eskela jarri zutenen azalpena argitaratu zuen egunkariak. Natxoren izaerarekin bat zetorren azken adar jotzea izan zitekeen, baina ez zegoen horrelakorik. Bere lagunak ez zeuden konforme eskela hari 'Egin'-eko zuzendaritzak emandako aterabidearekin. Eskelen testuentzat arau oso zorrotzak zituela esan zien egunkariaren arduradunak, baina Iruñeko lagunak ez ziren ados «beren egunkariak» hartutako erabakiarekin.

Ulergaitza eta zentzugabea izan zen, alafede, erabaki hura. Sigla haiek esaldi hauxe ezkutatu nahi zuten, Natxok makina bat aldiz kantatu zuen esaldi famatua: «Enemigo público número uno porque no aguantas que te joda ninguno».


Anekdota horrekin batera, beste kontu batek ere nahikoa oihartzun izan zuen Natxo Cicatrizen azken garaian. Aipatu 'Gaztegin'-eko elkarrizketako argazkietan ETAren 'bietan jarrai' bat zuen zintzilikatuta lepotik punk kantariak. Lehen guardia zibila tiroz hil zuen eta Guardia Zibilak tiroz hil zuen lehen ETAko militantea, Txabi Etxebarrieta, familiakoa zuela gogoratu nahi izaten zuen.

Izan ere,  80ko hamarkadan, Europa industrializatuan, Cicatriz bezalako taldeak edo Natxo bezalako pertsonaiak edonon ager zitezkeen arren, Euskal Herrian halako fenomenoek izaera propio hartu zuten bertako gatazka politikoari lotuta. Musikalki, horri denari izena ere jarri zitzaion, protagonista guztiak etiketarekin konforme ez baziren ere: RRV, Rock Radical Vasco.

Vinader auzia

Euskal gatazkak eta, zehazki, ETAren jardunak egunerokoan izan du isla gure hedabideetan. Beste urtarrilaren 5 batean, 1980koan, ETAk Jesus Garcia Garcia hil zuen hark Barakaldon zuen tabernan. Horrela eraman zuen lehen orrialdera 'Egin' egunkariak hurrengo egunean: «Matan a un 'ultra' en Baracaldo» goiburuarekin eta «Jesús García García había sido denunciado en 'Interviú' como 'organizador de las acciones de los comandos incontrolados'». Handik egun gutxira, aipatu aldizkarian azaldutako bigarren 'ultra' bat hil zuen ETAk.

Vinader auziaren hasiera izan zen. Xavier Vinader kazetaria katalana zen, ikerketa-kazetaritzan aritzen zena. 1979an zenbait erreportaje argitaratu zituen, 'Interviú' aldizkarian, Euskal Herrian eskuin muturreko taldeek zuten jardunari buruz. Besteak beste, Telesforo Monzonen kontrako atentatu saiakera baten berri eman zuen erreportaje horietako batean. Bere iturria talde horietan infiltratutako polizia bat zen.

ETAk aipatutako bi pertsona horiek hil ostean, 1980ko urtarrilaren 5ean eta urtarrilaren 23an, hurrenez hurren, epaile batek Vinaderren kontra jo zuen, ekintza horien eragile gisa, jakina izan arren ETAk bi ultraeskuin horien berri bazuela aipatu aldizkarian agertu aurretik. Frantziara ihes egin zuen orduan Vinaderrek. 1980ko urte amaierarako Auzitegi Nazionalean aurkeztu zuen bere burua. Hurrengo urtean epaitu zuten eta zazpi urteko kartzela zigorra jarri zioten. Berriro ihes egin zuen; antza, Espainiako Gobernuarekin indultua negoziatzen zuen bitartean. 1984. urtean itzuli zen eta hilabete gutxi batzuk egin zituen kartzelan, Felipe Gonzalezen Gobernuak indultatu eta libre utzi zuen arte.

Elkartasun kanpaina eragin zuen Vinader auziak, eta maila batean prentsa eta adierazpen askatasunaren ikur bilakatu zen Katalunian jaiotako kazetaria. 90eko hamarkadan, Mugarik Gabeko Erreportariak elkarteko nazioarteko presidentea izan zen. 2015ean hil zen Vinader, 68 urte zituela.