1977/2024 , 6 janvier

Bilboko Campos antzokiko emanaldia, gure komunitatearekin.
Bilboko Campos antzokiko emanaldia, gure komunitatearekin. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Belaunaldi eta kultura baten epifania erradikala

Bizitza, batzuetan, surrealista suerta daiteke. Ez didazue ukatuko. Adibidez, nork esango luke, bi urtez jarraian, eta musikari punk-rock batzuen eta bertsolari-poeta baten eraginez, egutegian gorriz markatutako egun batek tradizionalki duen 'sena' irauli zezakeenik?

Bai, Erregeen egunez ari gara; hau da, kristautasunarentzat Epifania egunaz. Egun handia, ados, batez ere azken bi urteetan gure euskal kulturarentzat. Azken bi urteotan, urtarrilaren 6an, beste bi mota desberdineko 'epifaniak' bizi izan ditugulako: 2022an, Jon Maiaren 'Kantu bat gara' disko-liburuaren aurkezpen biraren hastapena, eta 2023an, eta 40 urteren bueltan, Hertzainak taldearen 'Azkena gure alde' agur biraren azken emanaldia.

Jon Maia, Arriagako antzokian, biraren hastapenean. (Aritz LOIOLA / FOKU)


2022ko urtarrilaren 6a. Hilabete lehenago, Jon Maiak 'Kantu bat gara' disko-liburua atera berri zuen, 30 urtetan berak egindako kantez osatu zuen lana. Aurreko emanaldia, Bilboko Arriagan. Antzokia, lepo. Bueno, doitu dezagun albistea: salgai jarri ziren sarrerak ziztu bizian agortu ziren –antzokiak dituen 1.200 eserlekuetatik  600 bakarrik salgai jarri ziren–, garai hartan, pandemiaren azken astialdietan, oraindik indarrean jarritako osasun neurriek ikusleriaren kopurua zorrotz mugatzen zutelako kulturaren jardun normala.

'Kantu bat gara' disko-liburua eta kontzertuekin, letragile bezala Jon Maia bertsolari eta idazleak egindako hiru hamarkadako ibilbidea ospatu nahi zuen. Besteak beste, Negu Gorriak, Benito Lertxundi, Gari, Anari, Gozategi, Mikel Urdangarin, Ken Zazpi edo Pirritx eta Porrotxentzat idatzitako kantuek osatzen zuten bere zuzenekoetako kantutegia.

Crooner baten antzera, kantatu, dantzatu, bertsoak metraileta baten moduan bota eta ikusleriarekin mintzatu zen Jon Maia. Giro beroa, konplizea, gertukoa. Gozamena. Taula gainean, protagonistaren alaba eta lagun ugari, horien artean, Kubatik iritsi berria zen Joseba Sarrionandia idazlea. Kronika hartako titularra: «Jon Maiak epikaz bete du Bilboko Arriaga antzokia».

Egia da biraren hasiera katramilatsua izan zuela Jon Maiak, astebete lehenago Donostian izan behar zuen aurreneko kontzertua bertan behera utzi zutelako, LABIk jarritako neurriengatik. Behin hasita, baina, bizi iraupen luzeko ikuskizuna dela frogatu da; 2023ean 'Kantu bat gara'-ri segida eman baitzion 'Kantu berri bat gara' bigarren diskoak.

Bidean, GARA eta NAIZeko komunitateari ahaztezina egingo zaion emanaldia gure memorian iltzatuta geldituko da: maiatzaren 14an, Campos antzokian, emanaldi berezia eskaini zion gure komunitateari.

Hertzainak taldeko hiru kideak, Gasteizi agur esaten. Kontzertu mitiko bat.(Jaizki FONTANEDA / FOKU)

 

2023ko urtarrilaren 6a. Gasteizko Mendizabala auzoan jarritako karpa klimatizatua, zaleez lepo. Hertzainak taldeko partaideek «emozio kolektiboa» berpiztera zetozela iragarri zuten  'Azkena gure alde' izeneko agur birarekin, eta hori lortu zuten.

Pablo Cabeza kritikoak aipatu zuenez, «aitorpen historiko» bat ere bazen: Euskal Rock Erradikal (RRV, gazteleraz) izeneko dinamika orokorraren partaideak izanik, euskaraz kantatzen zuten gasteiztar lotsagabe haiek.

Hitzordua zirkulu baten bukaera zirudien: 40 urte baino gehiago igaro ziren Hertzainak taldeak lehen pausoak eman zituenetik, eta 30 taldeak agur esan zuenetik... Gari, Josu Zabala eta Luis Javier Saiz 'Txanpi' bueltan ziren berriz taula gainera, betiko agur esateko. Oinarria 2019an Bilboko Euskalduna jauregian eta Kafe Antzokian emandako emanaldietan zegoen, baina pandemiak, gauza anitz bezala, asmoa zapuztu zuen.

Karpan bildu zen ikuslegoa, gozatzen. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)


Ez ziren kikildu: 2022ko abenduan bi kontzertu jendetsu, bero, eman zituzten Barakaldoko BECen. Sergio Iglesiasek, lehenengo emanaldiaren karietara, NAIZen argitaratu zuen kritikan zioen: «Gau perfektu bat izan zen, dena joan behar zuen bezalakoa izan zena, eta Hertzainak taldeak erakutsi zuen zergatik. Haren izenak urteak daramatza Euskal Herriko musikaren historian urrezko letrekin idatzita».

Pablo Cabeza, berriz: «Oso zaila da imajinatzea haiek gabe jasan izango genukeen galera kultural eta emozionala. Eta ez garaiko instrumentista onenak zirelako, baizik eta haien proposamena izugarri originala izan zelako, punk-rock unibertsotik etorri arren, haien horizonteak argi gehiago zuelako. Bai, kaosaren barruan eta uneko bertigoan kokatzen ziren, 80 eta 90eko hamarkada hasieran bizi izan genuen abiaduran, baina Hertzainak-ek saxo bat, trikitia, hainbat erritmo, testu eta konposizio berezi eskaini zituen».
Agur eta ohore, Hertzainak!