1977/2024 , 3 février

Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
Entrevue
Aitor Arregi eta Jon Garaño
'Handia' filmeko zuzendariak

«Gau horietan bizi duzuna ez da oso erreala»

«Handia» egin zuten. Hitz-joko guztiak txiki uzteko moduan. Mugarri bat markatu zuen 'Handia' filmak euskal zinemagintzaren historian. 2018ko otsailaren 3an urduritasunarekin esnatu ziren Aitor Arregi eta Jon Garaño. Eta oheratu? Hilaren 4an ongi sartuta eta 10 Goya poltsikoan zituztela. Egun hura gogora ekarri nahi izan dugu haiekin batera.

Aitor Arregi eta Jon Garaño Donostian.
Aitor Arregi eta Jon Garaño Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Nolakoa da Goya sarietara 13 izendapenekin joan aurreko egun hori?

Aitor Arregi: Guk aste guztia eman genuen han; 'La trinchera infinita' prestatzen ari ginen. Gogoan dut familia eta lagunak etorri zirela, lehorreratze itzela egon zen, gauean izango zenari buruz hizketan, apustuak egiten... Bat bera ere ez lortzea, 0, erridikulu absolutua; bi lortzea, bueno, hortxe dago, lau izango zen kristoren garaipena. Ba imajinatu...

Baten batek bota al zuen 10 irabazteko aukera?

A.A: Ez, ez. Inondik inora.

Jon Garaño: 2-4 tarte horretan uste genuen, ez? Bi baietz. Eneko [Sagardoy] kiniela batzuetan zegoelako eta makillajekoa ere bai.

Nik oso modu ezberdinean bizi izan nuen. Estatu Batuetan nengoen bizitzen eta egun batzuk lehenago etorri nintzen San Franciscotik Madrilera, eta ez nuen lorik egiten. Egunez lanean eta gauez ezin lorik egin.

Oso egun arraroak izan ziren. Bezperan bakarrik egin nuen lo eta galaren egun osoa lotan eman nuen. Berandu jaiki, bazkaltzera joan eta, hotelera itzuli nintzenean, prestatu beharrean, lo egin nuen berriz. Esnatu eta erdi lo joan nintzen galara. Igogailutik atera eta ETB-k elkarrizketa bat egin zidan. Elkarrizketa hori lotan egin nuen.

Eta galan sartuta, marka guztiak hautsi.

A.A: Hor bonus bat egon zen nire urduritasunean. Gurekin jarri zen harremanetan galako aurkezlea, Joaquín Reyes, euskararekin broma bat egongo zela eta momentu batean guk zerbait esan behar genuela. Nahiko lan gure urduritasunarekin, eta ea broma hau ongi ateratzen den!

J.G: Ez zen oso ongi atera!

Laster joan zen urduritasuna. Ordu erdian hiru sari.

A.A. Lehenengoa zen Eneko. Enekok, pun! Poltsikora! Kristoren poza, kristoren emozioa. Bueno, listo, zero sarirekin ez goaz.

J.G. Bigarrena zen Saioa [Lara]. Eta bueno, jantzitegian pentsatzen duzu aukerak daudela, itxura ona duela. Eta irabazi. Eta pentsatzen duzu agian bi baino gehiago eramanen dituzula. Hirugarrena izan zen edizioa eta hor bai pentsatu genuela «hau arraroa da».

10 Goya eraman zituzten etxera 2018an Garañok eta Arregik.

Eta 10 Goya etxera.

A.A: Erortzen joan ziren denak segidan, haluzinagarria!

J.G: Ez genituen irabazi pelikula onenarena eta zuzendari onenarena, baina teknikoetan dena irabazi genuen, soinua kenduta. Baina horrek ere badauka istorio polita. 'La trinchera infinita' pelikularekin 15 izendapen izan genituen eta teknikoetan soinua bakarrik irabazi genuen.

Eta irabazi ez zenituzten hirurengatik amorrua...

A.A: Sinatuko zenuke Bernabeun berdinketa bat Reala edo Osasuna izanda? Noski. Baina 0-4 irabazten ibili baldin bazara eta 4-4 egiten duzunean... Inondik inora ez genuen espero, baina 10 dituzunean, batez ere pelikula onenarena, ba gogoan dut sentsazio gazi-gozo bat.

«Tristura moduko bat eman zidan. Batzuetan badaukat horrelako erreakzio arraro bat. Ez nuke esango liberazio bat izan zenik film onenarena ez irabaztea, baina ez zidan minik egin»

Nola ulertzen da 10 jasotzea eta ez pelikula onenarena?

A.A: 10 ematen badizkizute pentsatzen duzu asko gustatu zaiela pelikula arlo ezberdinetan, eta pentsatzen duzu pelikula onenaren saria ere erori daitekeela. Baina azkeneko urteetan gertatzen ari den gauza bat da, sariak dezente banatzen ari dira. Agian zazpi Oscar honi, baina pelikula onena eta aktore onena beste honi. Eta ondo dago.

J.G: Nik oso diferente bizi izan nuen. Jasone Osorok liburu bat argitaratu berri du eta hor elkarrizketatu ninduen arrakastaren inguruan, eta hitz egiten da pasarte honetaz. Ni hor nengoen, jet lag-arekin, dena oso arraroa egin zitzaidan.

Tristura moduko bat eman zidan. Ez bi horiek irabazi ez izanak, baizik eta denak. Batzuetan badaukat horrelako erreakzio arraro bat. Ez nuke esango liberazio bat izan zenik ez irabaztea beste horiek, baina ez zidan minik egin. Oso erreakzio arraroa eduki nuen.

A.A: Hurrengo astea izan zen zoramena. Aurreskuak alde guztietatik. Diputaziora, Lehendakaritzara...

Nolakoa izan zen gala osteko festa hori?

J.G. Gala bukatu ta elkarrizketa ugari izan genituen. Elkarrizketetatik 03.00etan iritsi ginen festara eta 07.00etan hegazkina nuen. Nik behintzat ez nuen gehiegi disfrutatu.

A.A: Nik bai, oso ondo pasa nuen. Nolakoak diren gauzak. Gogoan dut amaitu genuela ez dakit zer ordutan eta hoteleko beste gela batean beste pelikula bateko produktoreak zeudela. Pelikula honek itzelezko arrakasta izan zuen urte guztian zehar, baina kasu honetan hiru Goya lortu zituzten. Nik uste hiru Goya pelikula honentzat...

J.G: Esan ze pelikula den, ez? Datu horiekin dagoeneko... kar, kar!

A.A: Bueno, 'Estiu 1993'. Eta produktorea kristoren bajoiarekin zegoen. Hiru Goya lortzea oso ondo dago! Gau horietan bizi duzuna ez da oso erreala. Gero denborak ematen dizu lortu duzunaren neurria. Ibilbide oso on bat hiru Goyarekin amaitzea oso ondo dago, baina egun horretan balkoitik botatzeko moduan zegoen. Gau hori burbuila bat da.

«Askoz gehiago kostatzen zitzaigun telebista batera joan eta baldintza on batzuetan harrera bat egitea, eta orain entzuten gaituzte. Orain eskaini ere eskaintzen dizkigute proiektuak»

Gerora, zer suposatu dizue?

J.G: Nahiz eta 'Handia'-rekin ez nuen erreakzio hori izan, niri normalean sariek poza ematen didate. Baina sariek hurrengo proiektuetarako ateak irekitzeko balio dute batik bat. Hasieran askoz gehiago kostatzen zitzaigun telebista batera joan eta baldintza on batzuetan harrera bat egitea, eta orain entzuten gaituzte. Orain eskatu ere eskatzen edo eskaintzen dizkigute proiektuak.

Euskarazko zinemari bultzada bezala ere uler zitekeen arrakasta hura.

J.G. Lagundu zuen batez ere ikusgarritasuna ematen euskal zinemari, une horretan, Galan bertan ere bai; jende askok ez duelako pelikula ikusten, baina bai gala, eta han euskara asko entzun zelako. Baina balio du hemengo jendearentzat ere. Jende askok balioa ematen dio kanpoan sariak lortzeari. Zifrak daude. Pelikula berriz estreinatzen da eta jendea zinemara doa, eta ez dut uste jendeak errepikatu zuenik.

Euskal zinema momentu onean dago. Egiten da 'Irati' bezalako pelikula bat, orain dela urte batzuk pentsaezina zena, eta gero egiten dira drama intimistagoak, dokumentalak... Eremu zabala da.

A.A: Gaur egun Goya sarietan behintzat ez da hain arraroa euskarazko pelikula batek izendapen asko edukitzea. 'Ane', 'Irati', 'Akelarre'... Balio du erreferentziak egoteko. Egiten ari denak ez dezan pentsa euskaraz egiteak ez duela biderik.

Zenbaterainokoa da zuengan 'Handia'-ren itzala?

J.G: 'Handiak' itzal bat sortu baldin badu, positiboa izan da. Esaten duzu, «egiten dudan hurrengoa gustatuko al zaie?». Baina ez nuke esango ezertan efektu negatiborik izan duenik. Presioa bai sentitzen duzu, baina gaizki atera balitz ere izango zenuke.

A.A: Nik esango nuke itzal handiagoa izan zuela 'Loreak'-ek 'Handia'-rekiko, 'Handia'-renak besteekiko baino. Orain beste era batera gaude ohituta, baina garai horretan euskarazko zinema gutxi zegoen.

Niri laguntzen dit pentsatzeak ezer ez dela «la hostia». Zuk egiten duzu ahal duzuna eta ez zara kartzelara joango gaizki ateratzen bada. Hurrengoa ahalik eta ondoen egin eta aurrera. 'Marco'-rekin ez zait pasatzen burutik ea lortzen dugun besteekin lortu duguna. Besterik gabe ea istorio hau ahalik eta interesgarrien kontatzerik dugun.