1977/2024 , 6 février

Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

«Erdara tentazio handiegia da euskal idazleentzat», Torrealdairen kezka 1978an

1978ko harribitxi bat dakarkigu 'Egin'-ek gaurko egunean, Joan Mari Torrealdaik sinatua. Bi iritzi artikulutan kezka adierazi zuen, euskarazko liburuen produkzioaren inguruan, aurreko urteko datuak eskutan. Eta zenbait galdera luzatu ere bai...

Joan Mari Torrealdai, 1999. urteko irudi batean.
Joan Mari Torrealdai, 1999. urteko irudi batean. (Andoni Canellada)

1978ko otsailaren 6an 'Euskal liburuak (II)' izeneko iritzi artikulua sinatu zuen Joan Mari Torrealdaik 'Egin'-en. Analisiaren lehenengo atala otsailaren 3an argitaratua zuen. Kezka baten adierazle ziren biak: 1977an euskarazko liburuen produkzioak behera egin zuen, edo idazten ari zirenen kopuruak behintzat, eta Franco hil osteko agertokian ez zirudien gauza normala, hamarkadotako debekuaren ostean. Horretaz asko zekien, eta batez ere kezka handia zuen, hogei urte beranduago 'El libro negro del euskara' idatziko zuen euskaltzaleak.

Berauk produkzio handia egin ostean, 2020. urtean zendu zen Joan Mari Torrealdai. Laburbiltzera goazen iritzi artikulu honek, euskararen aldeko bere grinaren berri eman ez ezik, garai hartako argi-ilunak laburbiltzen ditu:

Atzera egin ote dugu?

(...) 1997ko liburuak direla eta, idazleren bat baino gehiago agertu da bazterretan. 'Egin'-ek berak ere atera du bat edo beste. Bai 'Egin'-ek eta bai 'Deia'-k, iaztik 'Jakin'-ek ere bai, urteko liburu guztien zerrenda eta azterketarekin.

Guztien asmoa balantze tankerako zerbait egitea izan ohi da. Gurea ere horixe da, eta orain arte itxaron baldin badugu, datu gehiago eskuratzeko intentzioz izan da. Okasio honekin, bada, balantze kritiko bat egin nahi genuke, bide batez ikuspegi orokor bat eskainiz.

Gauza batek harritu izan nau egin diren kontu ematetan. Komentarista guztiek aho batez panorama beltza pintatu digute (...) Iritzi hau, nire ustetan, errealitate objektiboa baino gehiago inpresio bat da. Euskal argitalpena sakabanatuagoa izan da, eta beste mila gertakari izan da gure artean. Horregatik, galdua bezala gelditu bide da euskal liburugintza, protagonismoa galdurik. Ez dakit. Hipotesi bat da. Baina komentaristen inpresio hori esplikatu beharra dago. Zeren eta liburu gutxiago ez da atera. 150 liburu eta liburuxka, denetara: 120 bat liburu eta 30 bat liburuxka edo folletoi.

1977an, ez da aurreko urtean baino liburu gutxiago publikatu, argitaratu. Liburu argitaratuen zerrenda ikustea aski da horretaz jabetzeko. Baina idatzi? Baliteke 1977an besteetan baino gutxiago idaztea (...) Honen arrazoiak ez luke misteriorik: 1997 urteak lan berriak sortu dizkio idazleari, eta ogibidea eman ohi dioten lanak sortu ere (...)

Badirudi 1977an urritu egin direla idazle langileak, hots, liburuak idaztera dedikatzen direnak: egoera aldatu egin baita, eta egoera berri horretan non kokatu ez dakitela eta leku bila dabiltza gehienak. Batzuek politika ekintzara jo dute, erdarara ere pasatu dira, eta hirugarrenez, egunkariek eta aldizkariek irentsi dute beste zenbait (...)

«Batzuek politika ekintzara jo dute, erdarara ere pasatu dira, eta hirugarrenez, egunkariek eta aldizkariek irentsi dute beste zenbait», ondorioztatzen zuen egileak

 

Kolpe latzagorik ere hartu beharko du idaz kulturak, egonkortu arte. Euskal idazlea biziki errekeritua eta zirikatua izango da, zalantzarik gabe. Euskararen eta euskal kulturaren instituzionalizatzearekin, lanpostu eta lanbide berriak sortzen zaizkio idazleari. Eta haietara joko du maiz. Honek ez luke muntarik berez, gutxi ez bagina eta jarraitzaile ugari bagenu. Baina ez dugu ez bata ez bestea, eta horregatik gelditzen dira hain nabarmen Txillardegi batek, A. Lertxundi batek, X. Lete batek, J. Intxausti batek uzten dituen zuloak.

Argitaletxea

1976an sumatzen zena 1997an konfirmatu, finkatu egin da. Alegia, euskal liburuari erabat loturiko zenbait argitaletxe krisian daude, eta erdal-euskal liburuak argitaratuz biziko den beste zenbait sortu eta indartu dira. (...)

1977ko liburuaren sorlekuari begiratu eta, zer ikusten dugu? Argitaletxeen sakabanatzea. Egile eta editore denbora berean direnak aparte utzirik, 37 etxek edo erakundek atera dute libururen bat. Bistan da ez dagoela gure artean hainbeste euskal editorial. Gertatzen dena honakoa da: finantza etxe batzuk (CIP, CAP, CAM, etc.) beren liburu-saila dute; erdal editorialen batek ere atera du euskarazko libururik (Burgosko S. Rodriguez); erdarazko liburuen artean euskarazkoa eranskin bezala ateratzen da ('La Gran Enciclopedia Vasca' delakoak, esateko), eta abar. Eta hor daude azkenik euskal argitaletxeak. Hauek indarge izateak dakar holako egoera (...)

Euskara ikasteko liburua da nagusi

Gure liburugintzaren martxa ezagutzeko, liburu mota zenbait espresuki ikustea onuragarria litzaiguke.

1977an gehien publikatu diren liburuak, hiztegiak, gramatikak eta metodoak dira. Hiztegien urtetzat ere jo du inork 1977. urtea. Izan ere, sei hiztegi berri atera dira, eta horietan hiru oso onak: X. Kintanaren 'Hiztegi modernua', urte berean berrargitaratua; L.M. Muxikaren 'Hiztegi Orokor Teknikoa' bi liburukitan; eta I. Sarasolaren 'Euskal Hiztegi Arauemaile'-aren lehen prestaerako bi liburukiak (...)

Literatur liburua

(...) Zazpi eleberri atera ditugu. Horietan bat itzulpena da ('Moby Dick') eta beste bat berrargitalpena (Txillardegiren 'Leturiaren egunkari ezkutua', hogei urte geroago). Originalen artean, Koldo Izagirre, Jon Lariz, Luis Haranburu Altuna eta Xabier Gereño dira egileak. Gereñok, oraingoan ere, bi nobela atera ditu. Errazak, sinpleak; sinpleegiak esango du norbaitek, baina ezin dezakegu ahaztu Gereñoren nobelak direla gehien saltzen diren literatur liburuak (...).

«Gereñoren nobelak sinpleegiak direla esango du norbaitek, baina ezin dezakegu ahaztu gehien saltzen diren liburuak direla»

 

Kreaziozko literatur liburuaren barne orekari arreta eginez, aurreko urteetatik hona aldaketa nabarmen bat ageri da: bizpahiru bertso-liburu soilik atera da 1977an. Besteetan, sail honen pisu handi bat bertsoak eraman izan du. Hauspoaren emana agortu ote da? Bertsogintza ez, hori badakigu ez dela geratu (...).

Saio liburua, liburu soziopolitikoa, liburu historikoa, liburu ideologikoa erdaraz egiten da orain, euskara utzita kasu batzuetan. Lerratze oso-oso arriskutsua da. Irakaskuntza liburua eta literatur kreaziokoa bakarrik argitaratu behar ote ditugu euskaraz? Erdara tentazio handiegia da euskal idazlearentzat. Are handiagoa da tentazio hori irakurlearentzat.

(...)