1977/2024 , 9 février

Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevue
Peio Jorajuria
Seaskako lehendakaria

«Orain hizkuntza gosea zabaldu da gizartean, eta hori asetzeko, Seaska beharrezkoa da»

Seaskako lehendakaria da Peio Jorajuria, 1969an sortu zenetik hamaika oztopo gainditu behar izan ditu Seaskak, irudimena erabili behar izan du aurrera egiteko. Jorajuriak pixkanaka hazten doazela kontatzen du, Ipar Euskal Herri osoa bereuskalduntzea dutela helburu, eta horri ekiten diotela egunero.

Peio Jorajuria, Seaskako lehendakaria.
Peio Jorajuria, Seaskako lehendakaria. (Guillaume Fauveau)

Gaurko egun batez, Baionako epaitegi batek Seaskako ikastolek «akulturizatu» egiten dutela zioen epaia kaleratu zuen. Bikote baten banaketa prozesuan haur bat ikastolatik ateratzeko agindu zuen Baionako epaileak. Momentuan, Seaskak epaia «onartezina» dela salatu zuen. 2006ko otsailaren 9an gertatu zen hori. Orduz geroztik, hamaika eraso, oztopo eta gatazka izan ditu Seaskak, baina beti jo du aitzinera, elkarlana eta komunitatea lagun. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak traba eta aurrera urratsak gogoratzen ditu egungo argazkia azaltzerakoan; eta batez ere, baikortasunez aurrera jarraitzeko gogoa sumatzen zaio.

2006ko otsailaren 10eko GARAren azala.


Duela 18 urteko albiste bat hartu dugu aitzakiatzat gaurko elkarrizketarako. «Bikote baten banaketa prozesuan haur bat ikastolatik ateratzeko agindu du Baionako epaile batek, Seaskak 'akulturizatu' egiten duelako». Sinestezina dirudi titularrak berak, garaian Seaskak jasaten zituen erasoen erakusle al da?

Dudarik gabe, horrelako berriak baziren garai horretan, baita lehenago ere: Seaskan ziren ikasleak gaizki ikusiak ziren, Seaskaren hautua egiten zuten gurasoak baztertuak... Seaskaren eredua eta helburua ez zuen gizarte osoak onartzen. Hori, egun, aldatu da, normalizazio garai batean gara, orain hizkuntzaren gosea zabaldu da gizartean, eta hizkuntzaren gose hori asetzeko Seaska beharrezkoa dela denek onartzen dute. Ez dute denek Seaskaren hautua egiten, baina esan daiteke egun Ipar Euskal Herrian Seaskaren eskaintza ulertzen dela eta gehiengo bat ados dela aukera hori ukaiteaz.

Sorrerako urteetan ez bezala, egun Seaska eragile aitortua dela esango al zenuke?

Ez da eragile bakarra, baina bada eredu jakin bat defendatzen duen eragilea: Euskal Herri bat euskalduna, irekia, eraikitzen duena; horretan parte hartzen dugu eta horrela ezagutuak gara. Orain urte batzuk ez bezala, Ipar Euskal Herria lurralde gisa onartua da, ez paperetan, ez administrazioan baina gizartean bai, hautetsiengandik ere bai; lan amankomun bat egiten da eta gizarte proiektu bat dago, euskarak badu bere tokia proiektu horretan eta Seaskak badu bere tokia berreuskalduntze prozesu horretan.

Azken erasoa Beskoitzeko ikastolakoa izan daitekeela esan dezakegu. Zertan da egoera?

Gibelera eramanen digute, Beskoitzeko egoera bezalakoak ezagutu izan ditugu historikoki, duela 25 urte, duela 10 urte… Auzapez batzuk oraindik euskararen kontra egotea eta euskararen kontrako neurriak hartzeko gai izatea arraroa da, eta horregatik aipatzen da horrenbeste Beskoitze. Mehatxu horrekin gara, legeak ez gaitu babesten, frantses legepean gaude eta lege horretan hizkuntzak ez dira onartuak, eta beraz, frantses batek badu eskumena ezetz esateko, gu kanporatzeko… ez dugu utziko egiten, gizarte mailan sostengu handia dugu eta borroka oraindik ez da bukatu.

Pasa den asteazkenean Parisen izan zineten. Zein izan zen aldarria, zer moduz joan zen?

Frantzia osoko gazteekin egon ginen, korsikeraz, alsazieraz, bretoiez, okzitanieraz edo euskaraz ikasi duten gazte batzuekin joan ginen Pariserat. Diputatu batzuen aitzinean azaldu zituzten bizi dituzten arazoak, beste batzuk kanpoan ginen karrikan aldarrikatzeko eta errateko, nahiz eta lege batzuk onartu diren, nahiz eta pauso batzuk egin diren, 2021ean izandako Molac Legea adibidez, administrazioak oztopoak jartzen jarraitzen du eta inoiz baino oztopo gehiago ditugu gure hizkuntzetan irakaskuntza bermatzeko. Hori salatu genuen diputatuen aitzinean eta eskatu diegu harago joatea, erran dugu argiki hizkuntzen alde lege bat ez baldin bada aski, konstituzioa aldatu behar dela, batzuk ikusten baitute frantsesaren hegemonia bat dela, eta horrela irakurtzen bada konstituzioa, denok ez gara babestuak izango.

 

Gure proiektuaren inguruan badakigu gizarte zabal bat dugula egiten duguna sostengatzen, Herri Urrats da horren adibide.

 


Elkarlana izan da Seaska ezaugarritu duen balio garrantzitsuenetako bat. Korrikak ere Azterketak Euskaraz dinamikari eman dio bere aitortza berriki. Nola sumatzen dituzu ikasleak?

Ikasleak biziki harro dira, borroka hori bai ikasleek baina baita irakasleek eta gurasoek ere egiten dute, horrela goraipatua izatea guretzat biziki ona da. Aukera ederra da gure aldarrikapenak zabaltzeko, baita harrotasun handi bat ere, zeren AEKrengandik heldu da aitortza hori. Seaska elkarlanean ari da, saretzean hainbat egitura eta elkarte ditugu eguneroko lana aurrera eramaten dutenak, egunero oztopoak dituztenak, eta horrelako jendearengandik aitortza jasotzea guretzat harrotasun handi bat da.

Komunitate sendo bat ere baduzue: irakasleak eta langileak, gurasoak eta ikasleak.

Guztiak beharrezkoak dira, ezin dugu proiektua aurrera eraman batzuen artean bakarrik, gizarte proiektu bat gara eta gizarte horretan bakoitzak bere tokia hartu behar du. Borroka hori ez bada instituzioetatik aurrera eramana izanen, gu guztiok hartu beharko dugu. Ikasleak lehen lerroan dira, haiendako ari gara, haiek baitira gure etorkizuna, eta horregatik erdigunera eramaten ditugu. Irakaslerik gabe ezinen genuke egin, eta gurasorik gabe ere ez. Gurasoek kudeatzen dituzte ikastolak eta elkarteak, inplikatzen dira egunero kudeaketan, aunitz egiten dute. Eta laugarren hanka gizartea litzateke, gure proiektuaren inguruan badakigu gizarte zabal bat dugula egiten duguna sostengatzen, Herri Urrats da horren adibide.

Herri Urrats aipatu duzu, Senperen Ipar zein Hego Euskal Herria elkartzen da. Zubiak etengabe eraikitzen al zabiltzate?

Herri Urrats egunean ez gara zubiak eraikitzen ari, herri bat eraikitzen ari gara. Herri Urrats eta horrelako bestetan denak bat gara, eta horretarako dira. Zubiak eraikitzeko, mugaz gaindi aritzeko bi talde ezberdin bagina bezala ikusi beharko genuke, baina ez, herri gisa ari gara, eta horregatik, beharrezkoak ditugu Herri Urrats bezalako egunak.

1969an sortu zen Arrangoitzen lehen ikastola. Egun zenbat ikastetxe eta ikasle dituzue?

Erregularki garatzen ari gara, pixkanaka-pixkanaka baina bidean jarraitzen dugu, aurten ireki berri dugu 39. ikastetxea, kolegio bat da, 200 ikaslerendako, beharrezkoa genuen tresna bat da. Gero eta ikasle gehiago ditugu, eta ikusten dugu galderak hor direla, haurren eskaeran mugarik ez dugu, ez eta gurasoen eskaeran ere, gure ahaletan dugu muga, eta pixkanaka-pixkanaka ari gara gainditzen. Bide ainitz dugu egiteko oraindik, gaur egun 4.200 ikasle ditugu eta Seaska ez da 4.200 ikaslerentzat, guk Ipar Euskal Herri osoa berreuskalduntzeko erronka dugu, badugu lana.

Beskoitzeko ikastolaren aldeko mobilizazioa.



Zein erronka dituzue?

Milaka erronka ditugu, egunerokoan, kudeaketan, hezkuntzan… Hezkuntzaz arduratzeak eskatzen du egunero gure praktikak galdera bihurtzea. Baina badugu misio politiko bat, eta hor, baditugu oztopo politiko batzuk. Gure ereduaren ezagutza ez dugu oraindik lortu guztiz murgiltzea, batzuentzat gure eredua oraindik legezkotasunetik kanpo delako, eta hori zuzendu behar dugu. Kolektibitatean laguntzak lortzen ditugu hein handi batean, baina ez behar genituzkeen eta ahal izan genitzakeen beste. Hizkuntza politika batean kokatzen gara, behar dugu instituzioek egin ditzaten hizkuntza politika ausartak, hor borrokatu behar dugu.

Nola ikusten duzu bidea, ba al da itxaropenik?

Baikortasunik ez bagenu, ez ginateke hemen egonen. Guk baikortasunarekin hartzen ditugu erronka horiek guztiak, badakigu eguneroko lanak higatzen duela, baina badakigu emaitzak hor direla. Urtero ateratzen dira belaunaldi berriak, ondotik gurutzatzen ditugunak beste ibilbide batzuetan, eta urte batzuk berantago guraso gisa. Badakigu gure lanak emaitzak ekartzen dituela eta beharrezkoa dela; beraz, baikortasunarekin segituko dugu aurkezten diren desafio guztiak banan-banan gainditzen.