1977/2024 , 26 février

Andoni ARABAOLAZA

Alex Txikon, neguko zortzimilakoen historian urrezko pasartea idatzi duen euskal mendizalea

Alex Txikon
Alex Txikon (Alex Txikon)

2016. urteko otsailaren 26a data historikoa bihurtu zen euskal zein nazioarteko mendizaletasunarentzat. Alex Txikonek Nanga Parbateko (8.126 m, Himalaia) neguko lehen igoera sinatu zuen Ali Sadpara pakistandarrarekin eta Simone Moro italiarrarekin batera.

Jarduera horren garrantzia testuinguruan jartzeko, lehenik eta behin aipatu behar dugu Euskal Herriko mendizale batek arrakasta historiko hori lortzea berezia dela oso. Ez gara chauvinismo kontuetan eroriko; ez da gure asmoa. Soilik azpimarratu nahi dugu herri txiki bat garela mendi xumez inguratua. Baina gure ezaugarriek mendi garaietara eraman dituzte mendizale asko. Besteak beste, Karakorumeko eta Himalaiako mendilerroetara. Eta mendi erraldoi horietan Edurne Pasabanek bezala beste euskal alpinista batek historia egiteak esanahi berezia du.

Hori bera galdetu genion duela zortzi urte Txikoni Nanga Parbatetik jaitsi bezain pronto. Honakoa izan zen bizkaitarraren erantzuna: “Aitortu behar dut ekarpen hori barne-barnetik bizi izan dudala. Horrekin esan nahi dut uste dudala Euskal Herriari ekarpen xume bat egin diodala. Gure izena, euskal mendizale batena, zortzimilakoen historian egotea garrantzitsua da. Euskal Herria hor goian jartzea harro egoteko modukoa da”.

Gainera, Txikonen ekarpenak beste plus bat du: zortzimilakoen ohiko denboraldietatik kanpo lortu zuen, hots, neguan. Bazirudien poloniarren kontu bat zela urtaro hotzenean zortzimilakoak sinatzea. Baina aurretik beste batzuek eta, ondoren, Txikonek eta bere sokakideek nagusitasun hori pixka bat irauli zuten.

Espezialista denek dioten modura, munduko bi mendilerro garaienetan neguan jarduteak beste estadio batean kokatzen gaitu. Udaberriko, udako edo udazkeneko baldintzekin alderatuta, neguak eszenatoki zeharo ezberdin bat aurkezten du. Muturreko hotza nagusitzeaz gain, haizeteek sentsazio termikoak erabat bizkortzen dituzte. Mendiaren baldintzak ere oso gaiztoak izaten dira. Elurte ikaragarriak egin ditzake, baina prezipitazio gutxi dagoenean haizeak aldats asko garbitzen ditu eta izotzezko plaka beldurgarriek indarra hartzen dute. Neguko jarduera baten hitzen konfigurazioaren inguruan ari gara; Txikonek berak soilik daki izaera horretako eskalada batean bizitzen dena zer den.

Ibilbidearen garrantzia

Data historiko horretara heltzeko, euskal mendizaleak eskarmentu handia pilatu behar izan du. 2008. urtean Pasabanen zortzimilakoen zerrendaren egitasmoarekin bat egin eta tolosarrak arrakastarekin hamalauak sinatu ondoren, Txikon, beste urrats bat eginez, neguko zortzimilakoetan murgildu zen. 2011n iritsi zen lehena: Gasherbrum I (8.068 m, Karakorum). Ez zuen tontorrik lortu, ezta hurrengo urteko espedizioan ere. Bi ekinaldi egin zituen eta etxera esku hutsik itzuli zen. Lehenbizikotik bost urtera Nanga Parbatera abiatu zen, eta beste behin ez zuen gailurrik lortu. Bai, ordea, bigarren agerraldian.

Txikonek berak azaldu zigun ibilbide hori giltza izan zela: “Inolako zalantzarik gabe, berebiziko garrantzia izan du. Bost urte hauek trebakuntza, formakuntza… izan dira. Nanga Parbaten neguko lehen igoera  egin dut, baina hau eskuratzeko kristoren lana egin behar izan dut, Gasherbrum I mendian bi urtez eta beste bi urtez Nanga Parbaten. Eskarmentu horri esker, erronka garrantzitsu bat egiteko gai izan naiz”.

Irakurtzen den legez, neguko zortzimilakoetan arrakasta azkar bat lortzea ia ezinezkoa da. Ondoren, urtaro berean baina beste mendi batzuetan, errealitate gordin horrekin tupust egin zuen. Zortzimilako “apal” batetik, 2017. urtean Everestera (8.848 m, Himalaia) egin zuen salto. Txikonek berak aurreratu zuen gutxienez hiru ekinaldi beharko zituela balizko tontorra zapaltzeko. Lehenbiziko horretan zein hurrengo urtekoan gailur preziatutik oso urrun geratu zen; gehienez 8.000 metroko kota ukitu zuen.

Bazirudien hirugarren saialdi bat egingo zuela Everesten, baina duela bost urte K2 edo Chogorira (8.611 m, Karakorum) joan zen. Munduko bigarren mendi garaienari ere ezin izan zizkion metro asko kendu. Iaz, berriz, kota txikiagoetara abiatu zen; hots, Manaslura (8.163 m, Himalaia). Eta urtarrilaren 10ean, lemoarra bigarren neguko zortzimilakora iritsi zen. Batzuek diote tontor historikoa izan zela, Maciej Berbeka eta Ryszard Gajewski poloniarren espedizioa ez zelako guztiz neguan egin. 1984. urteko urtarrilaren 12an poloniarrek Manasluko neguko lehen igoera erdietsi zuten. Txikonen Nanga Parbateko ekarpen historikoa, bederen, inork ez du zalantzan jartzen.