1977/2024 , 1 mars

Artefaktuak berriro eskaintzen du '2008-2016: Martutenetik Logroñora' ikus-entzunezkoa

'2008-2016: Martutenetik Logroñora' dokumentala eskaini zuen NAIZek Arnaldo Otegi kartzelatik irten ostean. Artefaktuak berriro eskaini nahi du, kaleratzearen urteurren honetan, lan hura. Ezker abertzalean eta Euskal Herrian denbora tarte horretan izandako aldaketa sakonaz jabetzeko balio duen ikus-entzunezko lan mardula da.

Arnaldo Otegi, Logroñoko espetxetik aske gelditu berritan.
Arnaldo Otegi, Logroñoko espetxetik aske gelditu berritan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Arnaldo Otegi 2016ko martxoaren 1ean irten zen kartzelatik. Bi egun geroago, NAIZek aurretik prestatuta zuen '2008-2016: Martutenetik Logroñora' dokumentala eskaini zuen. Aurretik prestatuta izan arren, ordea, Otegiren kaleratzearen irudiak txertatzea lortu zuen. Logroñoko irudi haiek ematen diote, hain zuzen, hasiera dokumentalari, gaur Artefaktura ekarri dugun kazetaritza lan hari. Elgoibarko plazara iritsitakoan, Otegik bertan bildutako jendetzari zuzendutako hitzekin amaitzen da ikus-entzunezkoa.

2008an Martuteneko kartzelatik irten zen Arnaldo Otegi, eta orduan ekin zioten ezker abertzalean estrategia aldatzeko eginahalari. 2009an atxilotu eta sartu zuten berriro kartzelan Otegi, 'Bateragune auzia' zela-eta, beste lau lagunekin batera. 2016an askatu zuten. 8 urteko tarte hori du ardatz dokumentalak. Denbora tarte horretan ezker abertzaleak berak eta bereziki Euskal Herriak bizitako aldaketaren testigantza dakar.

Arkaitz Rodriguez, Rufi Etxeberria, Miren Zabaleta, Anita Lopepe, Sonia Jacinto, Antton Lopez, Jose Ramon Martinez de la Fuente, Aitziber Ibaibarriaga, Oskar Matute, Pello Urizar, Rebeka Ubera, Joseba Asiron, Naike Diez eta Julia Arregiren testigantzak jasotzen ditu ikus-entzunezkoak, baita urte horietan barrena gertatutako une esanguratsuenen irudiak eta hitzak ere. Merezi du. Akaso denboraren perspektibak beste balio batzuk erantsiko dizkio.