1977/2024 , 9 mars

Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Telesforo Monzon aitzindari abertzale ahaztezina zendu da

Telesforo Monzon (Bergara, 1904ko abenduaren 1a–Baiona, 1981eko martxoaren 9a), joan den mendeko euskal lider politiko handienetarikoa, duela 43 urte hil zen. Euskaltzalea zen, jauntxo edo aristokrata munduko 'desertorea', eta 1936ko Gerraren osteko belaunaldi gazteekin batzeko ausardia eta gaitasuna izan zuen.

Monzon Bergaran sartzen, Askatasunaren Martxan, 1977an.
Monzon Bergaran sartzen, Askatasunaren Martxan, 1977an. (Olaso Fundazioa)
Telesforo Monzon 1933ko Aberri Egunean, Donostian.
Telesforo Monzon 1933ko Aberri Egunean, Donostian. (WIKIPEDIA)
1975. urteko mitin batean.
1975. urteko mitin batean. (EGIN)
1976 urtean, Yeu uhartea. Euskal deportatuekin batera.
1976. urtean, Yeu uhartea. Euskal deportatuekin batera. (EGIN)
Monzonek eta Argalak harreman estua lortu zuten.
Monzonek eta Argalak harreman estua lortu zuten. (NAIZ)
Bergarak ongi etorri beroa eman zion, etxera itzultzean.
Bergarak ongi etorri beroa eman zion, etxera itzultzean. (EGIN)
Tolosa, 1978. Txabi Etxebarrietaren omenaldian. Ondoan, Miguel Castells.
Tolosa, 1978. Txabi Etxebarrietaren omenaldian. Ondoan, Miguel Castells. (EGIN)
Tomas Albaren heriotzaren aurkako manifestazioan, 1979. urtean.
Tomas Albaren heriotzaren aurkako manifestazioan, 1979. urtean. (EGIN)
Bilboko kaleetan, dotore.
Bilboko kaleetan, dotore. (EGIN)
Argazki hau ikonikoa bihurtu da.
Argazki hau ikonikoa bihurtu da. (EGIN)
Gorpua mugan bahitu zuen Polizia espainolak.
Gorpua mugan bahitu zuen Polizia espainolak. (EGIN)
San Pedro eliza, 1981. urtean. Herria lepo zegoen.
San Pedro eliza, 1981. urtean. Herria lepo zegoen. (EGIN)

Baionako Grenet klinikan zendu zen orain 43 urte Telesforo Monzon Ortiz de Urruela, bihotzeko baten eraginez. 77 urte zituen, eta kardiopatia arazoak zituen aurretik. Bere bihotzak kolpe latzak jaso baitzituen bere bizitzan zehar.

Hurrengo eguneko 'Egin' egunkariko azala ia osorik hartu zuen albisteak; barnean, sei orrialde eskaini zitzaizkion. Monzon gertutik ezagutzen zuten politiko eta herritarrek, 'Egin'-ek zioenez, «guztiak bat datoz hildakoak, bere bizitzako azken unera arte, Euskadiren subiranotasunaren alde eta abertzaleen batasunaren alde borrokatu duela esatean. Era berean, elkarrizketarekiko zuen jarrera irekia nabarmendu zen, eta baita gaurko gudarien borroka nola ulertu zuen ere, beste garai batzuetako euskal gudarien ildo beretik ikusten zituelako gaurkoak».

Hil kapera Monzonen Donibane Lohizuneko Mende Berri etxean jarri eta, egun batzuen buruan, Bergarako panteoian hobiratuko zutela aipatu zion 'Egin'-i Monzonen sendiak.

Herri honetan, tamalez, behin baino gehiagotan gertatu den legez, martxoaren 12an bere jaioterrian egin zitzaion hileta latza gertatu zen: Polizia espainiarrak hilkutxa senideei kendu egin zien eta tanketen artean eraman zuten, herriaren omenaldia saihesteko. Toronton bizi den Jesús Murueta Goikoetxea bizkaitarrak orduan San Pedro elizan grabatu zituen irudiak NAIZi eman zizkion eta, lau hamarkadaren buruan, ikusi ahal izan genituen.

 

Eta hau, zer dela eta? Ba duela hiru urte, Monzonen heriotzaren 40. urteurrenaren karira, GARAk eta NAIZek hainbat erreportaje, elkarrizketa, hausnarketa eta ordura arte ezagutzen ez zen materiala argitaratu zutelako. Pertsonaia historiko honen garrantzia gaur egunera ekartzea zen xedea; garai eraginkor eta gogorretan abertzaletasunaren ahotsa izan zelako.

Bere ahotsa ere ekarri genuen gurera, hizlari aparta zelako: Iratzar Fundazioaren funtsetan gordetakoa. 1979an Donostiako Belodromoan hartutako grabazioa da:

Mitin de Telesforo Monzon en Anoeta

Loading player...

 

Mikel Zubimendik dioen bezala, «Euskal Herriak eman duen inpaktu handieneko figuretako bat izan zen» Monzon. Maddi Txintxurreta kazetariak hiru testigantza garrantzitsu jaso zituen: Jose Luis Elkoro bergararra, bera ere mugarri politikoa izan dena gure historian, eta Peio Ospital eta Pantxoa Karrere, Pantxoa eta Peio kantari mitikoak. Beraien ahotsen bidez, geruza askotariko pertsonaia hau sakonago ezagutu genuen.

Bergarako familia aberatsenetako batean jaiota, berak esan ohi zuen «jatorri espainolistakoa» zela, harik eta, ekaineko egun batean, Gatzagan bere artaldeari kantatzen ari zitzaion neska artzain gazte batek ahotsak barnean zerbait mugiarazi zion arte: «Ez dakit zer gertatu zitzaidan une hartan. 'Abertzalea naiz', esan nuen», kontatu zuenez.

Hura ezagutu zutenen lekukotasunak abertzaletasun hori nabarmentzen dute.

Aipatu testigantzan, Jose Luis Elkoro hauxe adierazi zuen: «Nola ezagutu nuen nik Telesforo? Zer iruditzen zitzaidan? Nik euskalduna zela ikusten nuen Telesforo, berak argi zuen herri bat garela eta gure kultura propioa genuela. Ez zuen uste beste kultura batzuk baino hobeak edo okerragoak ginenik, baina ikusten zuen nortasun propioa zuen herria ginela. Baina akats handi bat genuela zioen: ez ginen gai gure nortasun propioa izateko, Espainia eta Frantzia baitziren nagusi gurean, eta haiek agintzen zuten. Telesforo oso kezkatuta zegoen horrekin».

Bere bizitzari buruzko lehen biografia sakonaren berri eman genuen orduan –'Telesforo Monzon, aristokrata abertzalea', Pako Sudupe (Txertoa)–, baita Telesforo Monzon Lab-en jaiotzaren berri ere. Bergaran martxan dagoen Ideien Laborategi honek pozarren sentiaraziko zuen Telesforo, seguruenik.

Martin Garitano kazetari eta Gipuzkoako Diputatu Nagusi ohiak gertutik ezagutu zuen Telesforo Monzon: «Monzonen bilakaera politikoa [EAJtik ezker abertzalera] izan zituen harreman pertsonalen bitartez azaldu daiteke. Jose Miguel Beñaranekin, 'Argalarekin', zuen adiskidetasuna gaur egun seguru asko kartzela-zigorra ekarriko zion artikulu batean islatu zuen. 'Egin' egunkarian argitaratu zen, Argala hil eta handik aste batera: 'Maite nuen laguna galdu dut, anaia txikia, borrokan estu lotuta nengoen herrikidea (...), eta irakasle bat ere joan zait'».

Eta, azkenik, ez dezagun ahaztu: politikoa izateaz aparte, Monzon kulturgilea izan zen. «Joan den mendeko euskal lider politikorik handienetakoa izan zen. Jelkidea gaztetatik, jeltzalea hil arte. Baina besteak beste bere hitzaldiek famatu zuten politikariaren atzean idazlea ere bazegoen, olerkari, antzerkigile eta, batez ere, prosagile bikaina zen», Xabier Izagak idatzi zuen bezala.

Ibilbide luzea

Ibilbide luzekoa izan zen Monzon, beraz. Bere abertzaletasuna EAJren magalean garatu zuen lehenik. Alderdiko burua Gipuzkoan, eta hizlari bikaina izanik, Espainiako Bigarren Errepublikan diputatu hautatu zuten Madrilgo Kongresurako.

Gerra garaian, Agirre lehendakariak Gobernazio sailburu izendatu zuen, eta kargu horretatik ‘Ertzaña’ martxan jarri zuen. Gerra galdu ostean, erbesterako bidea hartu zuen. Gobernuan mantendu zen 50ko hamarkadaren lehen erdialdera arte, bere dimisioa aurkeztu zuen arte. EAJrekin desadostasunak hasiak ziren.

Ipar Euskal Herrira bueltatu zen bizitzera. Bertan belaunaldi berri batekin egin zuen topo. Iheslari berriak lagundu zituen eta ETArekin harreman hartu zuen. Argalarekin lotura estua lortu zuen, eta ezker abertzalearen zutabe nagusietako bat izango zen Herri Batasunean murgildu zen buru-belarri.