Jon Anzaren hilotzaren isiltasuna ozen barreiatu zenekoa
2010eko martxoaren 11n, arratsaldean, ezagutu zen Jon Anzaren gorpua Tolosako (Okzitania) gorputegi batean zegoela. Hurrengo egunean, garai hartan GARAn lan egiten zuen Arantxa Manterola hara joan zen ia urtebete lehenago desagertutako iheslariari geratutakoaren inguruko informazio bila. Honako artikuluan, Manterolak egun haiek gogoratzen ditu Artefaktuarentzat.
Azken hamarkadetako gertakizun esanguratsuen memoria ariketa honetan, ezin falta Jon Anza euskal militantearen desagerpenaren eta bere gorpuaren agerpenaren aipamena. Egunotan, zehazki hilotza agertu zeneko urtemuga bada ere, bi gertakariak eta bien artean igarotako 11 hilabeteetako gorabeherak ondotxo iltzatuak ditut buruan.
Izan ere, ETAko kidearen familiak 2009ko maiatzean Baionako Auzitegian desagertzea salatu zuela jakinarazi zuenetik, hilabeteetan afera honen jarraipena egitea egokitu zitzaidan.
Ia urtebete geroago, Tolosako Purpan erietxeko gorputegian bere hilotza «aurkitu» zutela jakin zenean, harantz abiatu nintzen goizean goiz. Bigarren aldia zen gertakari honen harira Okzitaniako hiriburura joaten nintzela, lehen aldian Euskal Herritik trenez joandako bilaketa brigadekin izan bainintzen.
Ailegatu nintzenerako jada zenbait hedabidetako kazetariak gorputegiko atarian zeuden zain, tartean, baita Euskal Herriko batzuk ere. Ikusi nindutenean, harrituta zeudela esan zidaten, dagoeneko jakitun baitziren Anzaren senideak eta kazetari bat barnean zeudela, eta konbentzitua zeuden GARA-koa izango zela. Gerora jakin zen, ordea, prentsa espainiarreko berriemaile bat zela.
Ordu batzuetara atera zen familia, abokatu, mediku eta lagun batzuekin. Aurpegia ilun, hunkituta, jota zeuden. Inolako adierazpenik egin gabe, ziztu bizian beren ibilgailuak hartu eta alde egin zuten, han ginenon informazio-egarririk ase gabe.
Telefonoa astintzen hasi nintzen, apika, berriren bat lortuko nuelakoan. Ez alferrik. Inork ez zekien ezer, edo ezin zuen deus esan, edo ez zuen erantzuten. Berriemaileei maiz suertatzen zaigun trantze malapartatuari aurre egiteko, logikoki informazioa izan behar zuten tokietara jo nuen. Ez alferrik orduan ere.
Nork informatzen du informatzailea?
Gorputegiko zerbitzuek ez zekiten ezer zehatzik. Purpan ospitaleko komunikazio arduradunak zioen haiek dena ondo egin zutela. Donostiarraren gorpua jaso zuten Larrialdietako zerbitzuek ezin zutela ezer esan. Komisaria nagusian txotxongiloak bezala eduki ninduten bi orduz zain, azkenean polizia batek artatu ninduen arte, zertarako eta niri buruz eta nire komunikabidearen joera politikoaz itauntzeko… Horrenbeste inpotentziaren aurrean, Anza egon zen lekuetako argazkiak egin nituen, bederen, hurrengo egunean argitaratu behar zen kronika osatzeko.
Garai hartako tresneriarekin informazioa idatzi eta mugikorrez helaraztea konplikatu samarra izan ohi zen. Horrenbestez, lokutorio batera joan nintzen hango ordenagailu batetik artikulua eta argazkiak erredakziora bidaltzeko asmoz. Gogoan dut egoera surrealista hura. Nire ezkerreko ordenagailuan gizon bat bideokonferentzian burua estalia zeraman emaztearekin ozen arabiarrez hizketan. Eskuin aldean, berriz, mutil gazte bat irudi pornografikoak ikusten. Eta erdian, ni, euskal militante abertzale baten hilotzaren agerpenaren nondik norakoez idazten.
Surrealista, benetan, Jon Anzaren heriotzaren inguruan gertatuko guztia bezala.