1977/2024 , 14 mars

Agustin Goikoetxea
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Krisiaren kudeaketari kritika, aita galdu ostean

Beilatoki batean lore-sorta bat duen emakume bat.
Beilatoki batean lore-sorta bat duen emakume bat. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Pandemiaren lehenengo asteetan hil zen Jesus Mari Pikabearen lau alabek GARAra igorritako gutunak osasun krisiaren kudeaketaren arrakala guztiak agerian utzi zituen. «Aita hil da, ama ezin dut besarkatu, baina lanera joan beharra daukat» lerroburua jarri genion Leire alabak Errenteriako bizilagun horren heriotza azkarraren gaineko xehetasun eta gorabeherak azalduz eskaini zuen elkarrizketari.

Martxoaren 14an hasitako konfinamendu zorrotzak egoera gogorrak ekarri zituen. Aitaren heriotza bera gogorra izan bazen, familiaren samina gehiago handitu zuten azken agurrak eta agurtzeko moduak: beilatokiko bakardade hotzenean, inor alboan izan gabe, eta kutsatzeak geldiarazteko ezarritako murrizketak tarteko. Nekane Murga orduko Lakuako Gobernuko Osasun sailburuaren aginduz, hileta-osasunaren arloan salbuespenezko hainbat neurri ezarri ziren; horien artean zeuden gaubeilak debekatzea edota agurrerako ekitaldi zibil eta erlijiosoetan jende pilaketak saihestea.

Leire Pikabeak amorruz agertu zuen elkarrizketa hartan ezin izan zutela elkar besarkatu ekintza hain intimo horretan, baina, aitzitik, egunero Topoan dozenaka pertsonaz inguratuta egiten zituela lanerako joan-etorriko bidaiak, alarma egoeragatik ezarritako edukierak edo bestelako mugak aintzat hartu gabe. Bizitakoa «surrealistatzat» jo zuen; hainbat galdera jartzen zituen plantan, arduradunen erantzunaren zain.

Besarkaden tokia telefono deiek eta mezuek hartu zuten, baina Leire Pikabeak oso argi utzi zuen bere aitak, Errenterian oso ezaguna zen gizasemeak, merezitako agurra izango zuela osasun egoerak hobera egiten zuen bezain pronto.

2020ko udaberriaren hasiera hartan pertsona askok eta askok bizitakoaren adibide ezin argiagoa da Jesus Mari Pikabearen sendiak pairatutakoa.