Xabier Galdeano Arana algortarra 'Egin'-eko sortzaileetako bat zen, Administrazio Kontseiluko kidea eta egunkariaren ordezkaria Ipar Euskal Herrian. 1982ko ekainetik zegoen Donibane Lohizunen errefuxiatuta; berak eta bere bikotekideak hainbat atxiloketa eta miaketa jasan ondotik hartu zuen bere sorterritik alde egiteko erabakia.
Galdeanoren lankideek ez zuten haren deirik jaso 1985eko martxoaren 30ean. Baionara joan zen arratsaldean, bezperan Café des Pyrenées tabernan izan zen atentatua salatzeko manifestaziora, eta argazkiak bidali behar zituen Hernaniko erredakziora. Autoa hartu eta Baiona-Donostia lineako autobusera argazkiak eramatera joan aurretik, bere etxetik gertu argazki batzuk egin zituen karretea bukatzeko, Carmen eta Begoña bere alabekin, Donibane Lohizuneko Urdazuri auzoan.
Argazkiak iritsi ziren 'Egin'-en erredakziora, baina beste esku batzuek eramanda. Galdeano bere autoa hartzera zihoala tiroka hil zuten Citroen BX markako kotxe batetik bi gizonek, arratsaldeko 19.30 aldera. 49 urte zituen. Lekukoek ozta-ozta irakurri ahal izan zituzten matrikularen lehen eta azken zenbakiak, ziztu bizian ihes egin baitzuten, Urdazuriko Jendarmeriaren egoitzaren aurretik pasatuta. Poliziak Plan Éclat izenekoa martxan jarri zuen, baina, euskal errefuxiatuen aurkako beste eraso batzuetan bezala, ez zuen emaitzarik eman. Suprefetaren aginduz, mugako igarobidea itxi egin zuten, baita Galdeano familiarentzat ere.
Heriotzaren albistea berehala zabaldu zen Donibanen, eta laster hurbildu zen jendea Galdeano erail zuten tokira, manifestazio bat inprobisatuz. Poliziaren pasibotasunaren eta GALen aurkako oihuekin agerrarazi zuten beren haserrea. Hilotza 21.15 arte egon zen han, Errepublikako prokuradorea iritsi zen arte. Xabierren emazte Maribe Prieto eta Carmen eta Begoña alabak gorpuaren ondoan egon ziren denbora osoan, 'Egin'-ek jaso zuenez.
Tentsio handiko uneak ziren, eta prokuradorea oraindik han zegoela, CRSak bortizki kargatu zuten kontzentratuen aurka, negarra eragiteko gasekin eta gomazko pilotekin. «Protestak areagotu egin ziren eta prokuradoreak berak kargu hartu zien poliziei beren jarrera bortitzagatik, eta kargatzeko agindua nork eman zuen argitzeko exijitu zien», kontatzen zuen hurrengo eguneko kronikak. Ondoren, ehun autok baino gehiagok karabanan zeharkatu zuten Donibane Lohizune, Galdeanoren beraren kotxea buru zela, alabetako batek gidatua.
Albistea jakin orduko, Hego Euskal Herrian ere protestak hedatu ziren. Manifestazioak, barrikadak, Poliziarekin liskarrak eta atxiloketak izan ziren hurrengo egunetan, eta Uribe Kostan greba orokorra deitu zuten Amnistiaren Aldeko Batzordeek, KASek eta Herri Batasunak.
'Egin'-en samin handia eragin zuen lankidearen hilketak. Zortzi orrialdeko gehigarria argitaratu zen, eta bertan, Juan Mari Arregi kazetariak Maribe emazteak izan zuen jarrera goraipatzen zuen, senarraren hilotza oraindik bero zegoela, urduritasun eta larritasun une haietan, han bildu zirenei zera errepikatzen baitzien: «Lasai, ez dugu gure jomuga bistatik galdu behar, aurrera jarraitu behar dugu borrokan».
Lankideek beste artikulu batean ziotenez, Galdeanok sekula ez zuen patxada galtzen, nahiz eta zaurituak edo hildakoak oso gertukoak izan. «Aizue, bonba bat jarri dute taberna batean eta badirudi bi hildako daudela. Badirudi errefuxiatuak direla. Jakiteko esaten dizuet, orrialdeen aurreikuspenak egin ditzazuen. Datu gehiago ditudanean deituko dizuet».
GALek hartu zuen bere gain algortarraren hilketa, eta Guy Cantavenera, Alain Parmentier, Jacky Pinard eta Bernard Foucher mertzenarioak atxilotu zituzten. Frantziar Estatuan 20 urteko kartzela zigorra ezarri zieten. Haietako batek adierazi zuen kontratatu zituztenek lotura zutela espainiar Poliziarekin.
Espainiar Gobernuak ukatu egin zizkien Galdeanoren senideei GAL eta BVEren biktimei aitortu zizkieten kalte-ordainak, eta Europako auzitegietara jo behar izan zuten.
Xabier Lopez Peña, kartzela politikaren biktima
Gaurko egunez baina urte batzuk beranduago, 2013an, beste albiste lazgarri bat iritsi zen Euskal Herrira Estatu frantsesetik. Xabier Lopez Peña galdakoztarra Parisko ospitale batean hil zen, Fleuryko espetxean bihotzekoa jasan eta 19 egunera.
Lopez Peñak 54 urte zituen eta 2008ko maiatzetik zegoen preso. Martxoaren 11n ingresatu zuten Corbeil-Essone ospitalean, bihotzekoa jasan ostean, baina albistea ez zen jakin egun batzuk igaro arte. Hilaren 13an Parisko Pitie-Salpetriere erietxera eraman zuten eta ebakuntza egin zioten. Buruko isuria izan zuen eta bere egoerak okerrera egin zuen. Martxoaren 30ean hil zen.
Etxeratek jakinarazi zuenez, heriotza goizaldeko 1.00 aldera gertatu bazen ere, hamabi ordu beranduago eman zieten senideei horren berri. Fleuryko espetxeak nahiz ospitaleak gogor salatu zuten familiarekin izan zuten jarrera, izan ere, «une oro haren egoera isildu dute, bere heriotza barne, eta bisitak eta harekin kontaktua izatea oztopatu dute».
Martxoan bi astetan zendu zen bigarren euskal presoa zen Lopez Peña; hilaren 14an Anjel Figueroa getxoztarra bere Algortako etxean hilda topatu zuten. Gaixotasun larria eta sendaezina zuen eta 2008tik etxean zegoen, espetxealdi arinduan.
Espainiar eta frantziar estatuen kartzela politikaren eraginez hildako presoen zerrenda luzean 17.a zen Lopez Peña, Ion Salgadok erreportaje honetan errepasatu zuenez. Zerrenda hazi, eta 20 dira dagoeneko, azkena Igor Gonzalez Sola.