1977/2024 , 3 avril

Iraia Oiarzabal
Edukien erredakzio burua / Jefa de redacción de contenidos

Reala garaile Sevillan, pandemia giroko finalean

Urtebeteko atzerapenarekin eta pandemiaren eraginez ezarritako neurrien baldintzapean ospatu zen 2021eko Kopako finala, Reala eta Athletic protagonista. Txuri-urdinek eraman zuten garaikurra, segur aski ahaztuko ez duten final berezi batean. Aurtengoan txapelketatik kanpo gelditu dira, baina futbolzaleari beti geratzen zaio noizbait berriro posible izango denaren itxaropena. Athleticzaleek eskura dute Kopa orain, eta esperantza hori Sevillan igarriko da laster.

Realeko jokalariak, Kopa eskuetan, garaipena ospatzen.
Realeko jokalariak, Kopa eskuetan, garaipena ospatzen. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Romaredan, 1987an, Realak Kopa irabazi zuenean zaleei eta jokalariei inork galdetu izan balie noiz eta nolakoa imajinatzen zuten hurrengo garaipena, segur aski inork gutxik esango luke 34 urte beranduago izango zela eta estadioa zalerik gabe egongo zela. 2021eko apirilaren 3an jokatu zen Sevillan Athleticen eta Realaren arteko partidua. Urtebete beranduago jokatu zen, 2020an, pandemia tarteko, atzeratzea erabaki baitzuen Espainiako Futbol Federazioak. Covid-19aren eragina eta ondorioak nabariak ziren oraindik, ordea. Atzeratutako finala jarraitzaileen presentziarik gabe jokatu zen, bestelako bideetatik sentitu zuten jokalariek berotasuna. Eta bestela gozatu behar izan zuten zaleek norgehiagokaz. Tamalez, ordurako izurriteak erakutsi zigun gutako bakoitzari bizitzari zukua modu ezberdinean eta gauza txikiagoen bidez ateratzen.

Mikel Oyarzabalek penaltiz sartutako gol batek eman zion garaipena Realari. 63. minutuan gertatu zen hura, lehia biziko partiduan. Batek baino gehiagok ondo gogoratuko du oraindik une hartan bizitako emozio eztanda. Bere hirugarren kopa irabazi zuen honela Realak. 1909. urtean irabazi zuen lehenengoa, orduan Club Ciclista izenpean. Bigarrena 78 urte geroago iritsi zen. Artean, galdutako bost final ere bazituen eta, aurten legez, finalaren atarian ere geratu izan da. 2024 honetan ez da euskal taldeen arteko final berririk posible izan, eta Athleticek jokatuko du datorren apirilaren 6an Mallorcaren aurkako finala.

Realeko jokalariak Imanolekin garaipena ospatzen. (Monika DEL VALLE / FOKU)

 Finaleko partiduaren aurreko egunak itxaropenez beterikoak izan ziren zaleentzat. Batetik, noski, norberak bere taldearen eskuetan ikusi nahi zuelako garaikurra. Baina baita partiduaren nondik norakoen inguruko zurrumurruak azken asteetara arte luzatu zirelako ere. Martxoaren 17an iragarri zuen, azkenik, espainiar Gobernuak partidua ateak itxita jokatuko zela. 2020an pandemiak eztanda egin zuenetik, konfinamendua eta segurtasun neurriak tarteko, nabaria zen ikuskizunaz eta ospakizunaz gozatzeko jendearen gogoa. Beldurra ere agerikoa zen oraindik, eta zuhurtziaz jokatu beharra zegoen.

Murrizketek uzten zuten heinean, zaleek partidua gozatu eta ospatu zuten. Orduko argazkietan, Bilbo eta Donostiako terrazak, musuko, bufanda eta kamisetadun zaleez lepo ikus daitezke. Euskal Herriko balkoi eta leihoetan bandera txuri-urdin eta zuri-gorriak ikustea ere ohiko bihurtu zen. Ohitura berriak hartzen hasiak ginen.

Cartujan bertan ere, halako bakardade sentimendua gainetik kentzea ez zitzaien erraza izango jokalariei eta talde teknikoei. Realari garaipena eman zion golaren egileak, Oyarzabalek, malkoei ezin eutsi helarazi zien mezua senideei, pandemian sufritu zuten guztiei eta Sevillan egotea ezinezko izan zuten realzale guztiei. Gogoangarria izan zen Imanol Alguacil entrenatzailearen ospakizuna eta erreakzioa ere. Poza pilula txikietan eta testuinguru intimoagoetan azaleratu zen orduko hartan, baina egon, pozarren zauden zale guztiak.

Athleticek, bigarren aukera

Apirilaren 3 hartan esku hutsik itzuli zen Athletic Bilbora. Testuingurua berezia zen zuri-gorrientzat. Izan ere, 2020an atzeratutako partidua jokatu eta bi astera hitzordu berria zeukaten Cartujan. Apirilaren 17an jokatu zuen Bartzelonaren kontra 2021eko Kopako finala. Eta honakoan alde nabarmenez galdu zuen (0-4).

Athleticeko zaleak Plaza Berrian, 2021eko finalean. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Aste gogorrak izan ziren athleticzaleentzat, baina altxatzeko gaitasuna erakutsi zuten, eta orain, hiru urte geroago, ilusio betez bizi dituzte egun hauek. Hiru egun barru eszenatoki berean egongo dira, baina testuinguru erabat ezberdinarekin. Oraingoan ez dute euskal lehiakiderik izango, aukera galdu baitzuen Realak finalerdietan. Mallorcaren aurka jokatuko dute, eta oraingoan, Cartuja eta Sevillako hiria jende eta festa eztanda bizian egongo direla aurreikusten da. Pandemia atzean utzita, zaleek gertutik animatu ahal izango dituzte euren taldeak. Eta jokalariek berotasun hori sentitu ahal izango dute.

Kopako finalean ibilbide liluragarria dute zuri-gorriek. 39 bider iritsi dira finalera, eta horietatik 23tan irabazi dute. 1984an izan zuten azkeneko garaipena lehiaketa honetan. Lau hamarkada geroago, errepikatzeko aukera berri baten aurrean daude. Babesik ez zaie faltako.