1977/2024 , 3 mai

«ETA herritik sortu zen eta orain herrian urtuko da», amaiera adierazpenaren azken esaldia

«ETA herritik sortu zen eta orain herrian urtuko da». Esaldi horrekin eman zion amaiera ETAk bere ibilbide historikoari. 2018ko maiatzaren 3an izan zen, gaur sei urte. Erabakia sendoa izan zen, atzera-bueltarik gabekoa, parte-hartze handia izan zuen hausnarketa eta erabaki prozesu baten ondorioz.

ETAk azken adierazpena plazaratu du. Irudian, GARAren hurrengo eguneko lehen orrialdea.
ETAk azken adierazpena plazaratu du. Irudian, GARAren hurrengo eguneko lehen orrialdea. (GARA)

Bi bidetatik ezagutu zen berria, ETAren amaiera iragartzen zuen azken adierazpena. Alde batetik, Henry Dunant Zentroak (izen ofiziala: Centre for Humanitarian Dialogue) Genevan duen egoitzan egindako ekitaldian eta, beste alde batetik, une berean hedabideetan emandako albistearen bidez. NAIZ izan zen lehena. Testuaren berri modu berezian eman zuen: bideo batean pixkanaka erakutsiz, ETAk bidalitako grabazioetako ahotsak janzteko (goialdean ikusi daitezkeen bezala). Bi bertsio ziren, bi ahots baitziren: orduan klandestinitatean zegoen Josu Urrutikoetxearena eta Frantzian kartzelan zen Marixol Iparragirrerena.

Gerora jakin eta argitaratu zenez, hirugarren grabazio bat ere egina zegoen. ETAko beste kide historiko batena, baina ez zen garaiz iritsi arazo tekniko eta diplomatikoengatik.

Bai Iparragirreren bai Urrutikoetxearen grabazioak soilik audioz bidali zituzten hedabideetara, baina bigarrenaren kasuan, egun horretan bertan jakin zenez, bideoko bertsioa ere bazegoen. Ez zen publikoki erakutsi, baina erabili erabili zuten azken urrats horretan. Izan ere, egun batzuk lehenago, Jonathan Powelli –Aieteko Konferentziaren bultzatzailea, Britainia Handiko lehen ministroaren kabineteburua eta Irlandako prozesuan britainiarren negoziatzaileen burua– eta haren ondoan Henry Dunant Zentroko bitartekari bati bideo hori erakutsi zioten, urratsaren sendotasuna egiaztatzeko. Biek ezagutzen zuten Urrutikoetxea aurreko urteetan izandako harremanetatik. Bideo hori beranduago lortu eta eman zuen ezagutzera NAIZek, 2020ko abenduan.

 

Arnagako ekitaldia

Maiatzaren 3ko adierazpenak eta Genevako ekitaldiak jarraipena izan zuten hurrengo egunean, Kanboko Arnaga Jauregian. Bertan, nazioarteko izen handiko hainbat pertsonak adierazpen bat eman zuten ezagutzera, Euskal Herrian bakebidea indartzeko. Ia denak 2011ko Aieteko Konferentzian egondakoak ziren. Konferentzia hura gogoratu, bezperan egindako ETAren urratsari ongietorria eman eta Euskal Herriarentzat «konponbide oso justu eta iraunkorra» aldarrikatu zuten.

Brian Currin abokatu hegoafrikarra eta bere herrialdeko Bake eta Adiskidetzerako Batzordeko kidea; Raymond Kendall Interpoleko idazkari nagusi ohia; Alberto Spektorovsky Euskal Herrirako sortutako Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea; Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia; Cuauthémoc Cárdenas Mexikoko Iraultza Demokratikoaren Alderdiaren sortzailea; Gerry Adams Irlandako Sinn Feineko orduko presidentea; Michel Camdessus Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari ohia eta aipatutako Jonathan Powell izan ziren bertan.

Horiekin guztiekin batera, euskal alderdi, erakunde eta eragileen ordezkaritza zabala bertaratu zen Arnagara. Lotura honetan egun hartako argazkiak ikus daitezke.

Bistan da hori dena txirikordatzeko –ETAren adierazpena eta Arnagako ekitaldia jarraian horrela lotzeko– itzalpeko lan handia egin zela, eta, gerora ezagutu zenez, gainditu beharreko oztopo handiak ere izan ziren. Espainiako Gobernuak ekimenak zapuzteko egin zezakeen ahaleginaren  beldur ziren denak. Horregatik, adibidez, Genevako ekitaldia moldatu egin zuten (hasiera batean, ETAko kide historikoak han izatea eta Urrutikoetxearen bideoa bertan ikusaraztea zegoen aurreikusita). Bigarren adibide bat: hurrengo eguneko ekitaldia Arnagan egitea erabaki zen segurtasunagatik, Hego Euskal Herrian egitea baztertu ostean.

Eztabaida prozesua

ETAren amaiera ekarri zuen eztabaida urtebete lehenago hasi zen gutxi gorabehera, erakundea armagabetzea gizarte zibilaren bidez gauzatzera zihoanean. ETArentzat, bi gai horiek –armagabetzea eta erakundearen amaierari buruzko erabakia– galdera bakar bati erantzun behar zioten: zer egin behar zuen ETAk euskal prozesu politikoari laguntzeko? Horrela jasotzen zuen, behintzat, bere barne-dokumentuetan.

Izan ere, dokumentu horien arabera, erabaki hori ez zegoen jada Frantziako edota Espainiako gobernuekin egin beharreko balizko negoziazio baten mende. Ezker abertzaleak abiarazitako estrategia aldaketa eta Euskal Herrian zabaldutako garai berria indartzea zuen helburu.

ETAk azken erabakia hartzeko erabilitako prozedurak ere interesa piztu zuen, batez ere nazioarteko eragileen artean; erakunde klandestinoa izanagatik, prozesuaren berri hilabete lehenago eman zuelako eta parte-hartze handia izan zuelako.

ETAren barruko eztabaida 2017ko zati handi batean garatu zen, eta ondorioak 2018ko martxoan militantziari egindako barne-komunikazio batean azaldu ziren. ETAren beraren arabera, 3.000 bat lagunek izan zuten eztabaidaren berri, baina 1.335 militantek baino ez zuten botoa emateko eskubidea. %93k zuzendaritzaren proposamena onartu zuen.

Idazkiak eragileei, ezker abertzaleari eta militantziari

Eztabaida hiru txostenekin hasi zen: lehenengo biak balantzekoak ziren (bata bere ibilbide osoari buruzkoa, eta bigarrena estrategia aldaketarekin eta borroka armatua uztearekin hasitako azken aldiari buruzkoa), eta hirugarrenak ETAren desegitearen aldeko proposamen politikoa jasotzen zuen. Eztabaidaren ondoren, ETAk beste bi dokumentu idatzi zituen: lehenengoak militantziaren ekarpenak jasotzen zituen eta bigarrenak proposamen politikoaren behin betiko bertsioa zekarren (‘Euskadi Ta Askatasunaren Eztabaida 2017-2018-Ondorio txostena’).

Horrekin batera, ETAk beste testu batzuk egin zituen, bere erabakia jakinarazteko edo azaltzeko, hala nola nazioarteko gobernu eta erakunde garrantzitsuei (Suitzako eta Norvegiako gobernuei edo Vatikanoari, besteak beste) edo euskal eragile politiko eta sozialei (horietako filtrazio batek hilaren 2ra aurreratu zuen ETAk desagertzea erabakia zuela). Ezker abertzalearen oinarriei zuzendutako testu bat eta bere militantziari bideratutako gutun bat ere idatzi zituen (militantziarentzat testu honetan erabili zen azken aldiz ETAren zigilua). Material horren guztiaren zati handi bat ‘Zutabe’ argitalpenean dago jasota.

ETAren zuzendaritzak, halaber, azken elkarrizketa luze eta trinkoa eskaini zion GARAko zuzendariari amaieraren bezperetan. Aste gutxi geroago, liburu formatua hartu zuen, eta urtebetera gaztelaniazko bertsioa atera zen.

Aipatutako azken ‘Zutabe’ horretan, ETAk bere historian zehar egindako ekintza armatuari buruzko txosten zabal baten laburpena agertzen da. Txosten oso zabala dela zehazten da, baina oraindik ez da osorik ezagutu eta ez da jakin izan non utzia den.