1977/2024 , 7 mai

Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Gotzon Garatek 'Egin'-en adierazitako kezkak, gaur ere uxatu ezinik gabiltzanak

1992ko maiatzaren 7an Gotzon Garate idazle eta hizkuntzalari ezagunak gutun bat argitaratu zuen 'Egin'-en, eta bertan euskarak hezkuntza sisteman jokatu beharreko paperaz eta zenbait eragilek jarritako oztopoez hausnarketa egiten zuen. Hiru hamarkada beranduago, hausnarketa horiek ez zaizkigu urrun geratzen.

Gotzon Garate idazle, irakasle eta hizkuntzalaria.
Gotzon Garate idazle, irakasle eta hizkuntzalaria. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Ia mende erdi honetan milaka eta milaka izan dira 'Egin' edo GARAko Iritzi atalean argitaratutako idazkiak, asko dira orrialde hauetan euren hausnarketak zabaltzeko bidea ikusi duten lagunak. Gehien-gehienak anonimoak, beste batzuk, ordea, euskal gizartean sobera ezagunak.

Gotzon Garate (Elgoibar, 1934; Bilbo, 2008) idazle, irakasle eta apaiza izan zenak ez du aurkezpen beharrik. Bereak dira XX. mendeko bigarren zatian euskal literatura, eta zehazki saiakera eta eleberrigintza, aro berrian kokatu zuten zenbait lan –'Izurri berria', 'Goizuetako ezkongaiak', 'Esku leuna', 'New York, New York'...–. Eta harena da baita ere Karl Marxen pentsamenduari buruz euskaraz egin den azterketa sakonetakoa: 'Marxen marxismoa', 'Leninen marxismoa', 'Marxen ondoko errebisionismoa', 'Marx eta nazioa'...).

Literaturarekiko zuen grina bere euskaltzaletasunak bakarrik gainditu zezakeen. Euskal atsotitzen bilduma zabalena egin zuen hizkuntzalariak, euskalki guztiak ondo ezagutzen zituen batuaren defendatzaile porrokatuak, Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologiako ikasketak abiatu zituen 1976an, eta bere pentsamendua ondo laburbildu zuen honako adierazpenean: «Euskaldun batzuek Euskal Herriaren independentzia Madrildik libre ibiltzearren nahi dute. Edo ekonomia hobea lortzearren. Beste batzuek, ordea, geure nortasunari eutsi nahi diogulako. Garbi ikusten dugu independentziarik gabe euskara ez dela beharrezkoa izango eta Euskal Herria Erdal Herria bihurtuko dela».

Euskararekiko maitasun horrek, eta zehazki gure hizkuntzak hezkuntza sisteman izan beharko lukeen eta zuen lekuak eragiten zion kezkak bultzatu zuen 'Egin' egunkarian, 1992ko maiatzaren 7an, iritzi artikulu bat argitaratzera. Bertan esaten diren gauza batzuk, aipatzen diren eragileak, ez zaizkio zaharrak edo arrotzak onartu berri den Hezkuntza Legearen gaineko eztabaida jarraitu duenari. Hauxe da, hitzez hitz, eta bere berbetan, duela hiru hamarkada luze Gotzon Garatek idatzitakoa:

Euskara, giza eskubideak eta etika

Gotzon Garate

Aldi batez, Euskal Gobernamenduan Heziketa Alorra zuzendu zuen sozialistak, eta oraingoek ere euskarari buruz duten jokabidea ezaguna da.

Demokrazian bizi gara eta euskarari buruzko iritzi asko hedatu dira bazterretan. Giza eskubideen eta etikaren aldetik, ordea, sozialista horien jarrera onar ezin litekeela garbi asko dago.

Irakaskuntza dela eta, bion arrazoibidea maiz hauxe izan da: «Euskarari lagundu nahi diote, erdaldunen kaltetan. Hau gaizki dago».

Kontua, ordea, gaizki ipinia dago. Gurasoak dira beren seme-alabek zein hizkuntzaz ikasi behar duten erabaki behar dutenak.

Gurasoek erabaki behar dute beren haurrek zein erlijio eta zein hizkuntza ikasi.

Sozialista horien ustez, erdal maisuak eta beste enplegatu batzuk lanik gabe gelditzen ari dira, euskarari gehiegi laguntzen zaiolako.

Arrazoi eskasa. Molde berean behartu beharko lirateke guziak elizara joatera, apaizak lanik gabe gelditzen direla eta.

Guraso askok ongi ikusten dute beren umeek, Euskal Herrian biziko badira, euskaraz ikasi behar dutela. Oso mesedegarria izango dutelako betiko. Horregatik, beren haurrek eskolan euskaraz ikastea nahi dute.

Beraz, gurasoen nahiaren kontra aritzea giza eskubideak zapaltzea eta etika naturalaren eta giristinoaren kontra jokatzea da.

Beste aztergai bat. Etengabe entzuten ari gara errespetatu egin behar dela euskararen egungo egoera. Ez digute esaten ea egoera hori zuzena den.

Euskararen atzerapena, bidegabe handiak direla eta, gertatu da. Ile zuria dugunok badakigu Francoren diktadurapean euskara nola egon zen zapaldua, pertsegitua, gutxietsia.

Sozialismoa injustiziak kentzeko, pobreari laguntzeko, gizarteko zapalduak gora jasotzeko sortua izan zen. Meritu hori ezin kendu Marxi eta beste sozialista askori.

Heziketa Alorretako buruzagi horiek, sozialistak direnez gero, langileen alde lanean zintzo ari direla sinesteko prest egon gaitezke. Langileak gizarte barreneko mailetan direnez gero, sozialisten lana txalogarria da, zinez.

Zergatik ez dute horiek euskararekin eta euskaldunekin egin den injustizia beldurgarria zuzendu nahi? Galzorian dagoen euskarari zergatik egiten dizkiote horrelako laidoak?

Espainiera sendo da. Milioi asko mintzo da espainieraz. Euskaraz, aldiz, arras gutxi. Ez du gizatasun handirik erakusten hamar mila ardi dituen aberatsak, ardi bakarra duenari bakartxo hori kentzen ahalegintzen bada.

Hirugarren aztergaia. Nola azaldu aspaldidanik giza eskubideen alde lanean ari omen diren gizonek euskararen eta euskaldunen giza eskubideak horrela zangopilatzea?

Arrazoi bat baino gehiago aurkituko du jendeak beharbada. Diruaren eta karguaren zirikaldia ere ezin bazterrean utzi.

Hauxe ikus liteke sarri, behinik behin; Afrikako beltzen eskubideak, Txinako talde ttipien zuzena, Erdialdeko Amerikako indiarren lurrak magalpean hartzen dituzten euskaldun batzuk, Euskal Herriko indiarren eskubideak... erran nahi da euskaldunon eskubideak zapaltzen.

New Yorken ezagutu ditut emakumeen eskubideak babestu nahi omen zituzten gizonak beren emaztea eta alabak gaizki hartzen, jotzen.

Kanpoan uso, etxean otso. Kanpoan arrosak, etxean arantzak, luzeak eta zorrotzak.