1977/2024 , 14 mai

Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA

Ikurrina, Everesteko gailurrean Martin Zabaletaren eskutik

1980ko maiatzaren 14an, ikurrina Everesteko tontorrean ipini zuen Martin Zabaleta hernaniarrak Pasang Temba xerpa nepaldarrarekin batera. 15.30 ziren. Gailurrean, 8.848 metrotara, hamabost bat minutu egon ziren. «Martin naiz, allitu gea (ailegatu gara), Gora Euskadi Askatuta, Gora Euskadi antinuklearra! Cambio». Mezu hura Euskal Herriaren eta euskal mendizaletasunaren historian betiko gelditu dira.

Martin Zabaletarekin batera Everesteko gailurrera iritsi zen Pasang Temba xerpa.
Martin Zabaletarekin batera Everesteko gailurrera iritsi zen Pasang Temba xerpa. (EVEREST 80 ESPEDIZIOA)

«Martin naiz, allitu gea (ailegatu gara). Gora Euskadi Askatuta, Gora Euskadi antinuklearra! Cambio», izan ziren bota zituen hitzak gailurrera iristean. Ikurrinarekin batera, energia nuklearraren aurkako bandera ere jarri zuen. Festa handia izan zen Khumbu glaziarrean.

'Egin' Zabaletaren etxean izan zen albistea zabaldu zen egunean bertan. Haren amari, Monikari, telefono bidez telex bat irakurri zioten Martinek eta bere xerpa nepaldarrak munduko mendi altuena igo zutela esanez. Une horretatik aurrera, deiak bata bestearen atzetik etorri ziren, eta makina bat lagun, ezagun eta ezezagun gerturatu ziren etxera zorionak ematera.

«Mugagabeko poza sentitzen dugu orain. Ez nuen uste gure Martin izango zenik muturreraino igoko zena, neuk dakidanez hirugarren sokaldian baitzihoan eta beste bietariko norbait izango zela uste baikenuen», aitortu zion Monikak 'Egin'-eko kazetariari. Familiaren etxean egon zen hogei minutuko epean, lauzpabost telefono dei jaso zituzten.

«Berri zehatzik ez genuenez, nahiko urduri eta nerbioso egon gara, ni behintzat. Beldurrik ez dugu izan, ez horixe. Martin gazte zentzudun eta serioa baita, kalean eta baita mendian ere. Mendian, batez ere, inoiz ez du tontakeriarik egin, eta lagunek diotenez, oso mendizale segurua da. Oso ongi prestatzen da gainera, mendiko zailtasunak ezagutu eta menderatzeko. Mendirako bizi da Martin», gaineratu zuen.

«Hala ere, banekien Everestera igotzea ez dela txantxetako gauza, eta nahiko urduri egon naiz», aipatu zuen.

Zabaletari mendi zaletasuna nondik datorkion galdetuta, ondorengoa esan zuen: «Hemeretzi urte zituela hasi zen mendira igotzen. Ondo ikusten nuen zaletasun hori, oso garbia eta osasungarria baita… Tabernetan igandeak pasatzea baino osasungarriagoa behintzat».

Zabaleta: «Gurea talde lana izan da»

Gailurrera iristea lortzen zuen 104. alpinista bihurtu zen Zabaleta. Bere lorpen historikoa goraipatu beharrean, lorpena Euskal Espedizioaren talde lanari zegokiola nabarmendu zuen lehen egunetik.

«Alpinismoan ez dugu 'dibo' izaerarik. Gurea talde lana izan da, eta gailurra Euskal Espedizioak lortu du. Niregana bakarrik etortzen zarete galdezka, lorpen honen meritua talde oso batena denean», adierazi zuen Zabaletak Barajasen lurra hartu ostean.



Espedizioak hilabete osoa behar izan zuen Euskal Herrira itzultzeko. Harrera beroa eskaini zioten Sondikako aireportuan bertan. Carlos Garaikoetxea lehendakaria han izan zen. Telesforo Monzonek berak ere agurtu zuen.

Bere gailur zerrendan daude Kangchenjunga, Cho Oyu, Quitaraju eta Alpamayo Mendikate Zurian, Alaskan Denali, Eigerren ipar horma Suitzako Alpeetan, Paineko Dorreak Txileko Patagonian, Aconcaguako hego pareta Argentinan...

Erregistroak daudenetik, Everestera igotzen lehenak Edmund Hillary eta bere xerpa Tenzing Norgay izan ziren, 1953ko maiatzaren 29an. Aurretik, Norgayk sei saiakera egin zituen, lehena 1935ean. 1975. urtean egin zioten elkarrizketa batean, espedizioaren hasieran Norgayk bizitza salbatu ziola aitortu zuen Hillaryk.

40. urteurrena GARAn, webgunean eta NAIZ irratian

Igoeraren 40. urteurrena dela eta, GARAk Zabaleta gailurrera iritsi zeneko argazkia erreproduzitzen zuen kamiseta eskaini zuen. Diseinua KOT arropa markak egin zuen. Urte batzuk lehenago, 1980ko maiatzaren 15ean, 'Egin'-ek izan zuen azala irudikatzen zuen kamisetak.

Era berean, 7K-k erreportaje zabala argitaratu zuen 2020ko maiatzaren 10eko edizioan. «Bi mugarri historiarako» izenburupean, Andoni Urbistondok euskal mendizaletasunarentzat jada mugarri diren bi efemeride lotu zituen; batetik, Zabaletaren lorpen historikoa eta, bestetik, 2010eko maiatzaren 17a: egun horretan Edurne Pasaban zortzi milako guztiak osatzen zituen lehen emakumea bihurtu zen.

Erreportaje horretan, Zabaletak Antxon Iturriza kazetari eta mendiko adituari emandako azalpenak jasotzen ditu Urbistondok, igoerari eta jaitsierari buruzkoak: «Elurra pisua zegoen, belauneraino edo gorago. Arrastoa irekitzen beti. Gailurreko tripodea ikusi nuen, eta emozio latza izan zen. Oxigenoa bukatu zen konturatzerako. Botilak bertan utzi behar izan genituen. Hillary eskailera pasatuta, ertz batean, xerpa erori egin zen eta une kritikoa izan zen. Zazpi metroko soka baino ez genuen, gerrian lotuta. Arnesik ez genuen orduan. Eutsi egin nion, pultsuan igo, lasaitu, eta han lotan geratu nahi zuela esan zidan. Nik ezetz, Everesteko hego gailurrera iritsi behar genuela, gutxienez. Han zoko bat bilatu genuen, eseri, eta kieto! Elur erauntsia, hotz ikaragarria... Pasatu genuen gaua; ez urik, ez janaririk, hitz egin ere gutxi, bakoitza bere munduan. Hiru aldiz saiatu nintzen jaikitzen, lehen argi printzekin, gogortuta erabat, gonbitoka. Baina lortu nuen gorputza berotzea. Jaisten hasi ginen. Xerpa bat bidali zuen Lorentek, ur eta te bero pixka batekin. Lorenten harrera ikaragarria izan zen, hego lepoan. Kanpin dendan sartu gintuzten, oxigeno pixka bat eman, gorputza berotu… Maria Cristina hotela ematen zuen hark!».

Iturrizak, besteak beste, 'Egin'-erako idatzi zuen egun horretako kronika. «La ikurriña ondea ya en el Everest» izan zen lehen orrialdeko titular nagusia. Azal horrekin kamisetak atera zituen egunkariak.

40. urteurrena dela eta, NAIZ Irratiak Felipe Uriarte, Kike de Pablo eta Martin Zabaleta bera bildu zituen irratsaio berezi batean.

«Herriaren bihotzean oso ongi sartu zen lorpen hau, igoera hau. Sinbolo bat bilakatu zen nolabait esatearren, eta orain hemen gaude gu, horren ajeak sufritzen. Baina ni pozten naiz gauzak ongi joan izanaz, eta egindakoarekin jendea poztu genuela konturatzeaz», gogoratu zuen Zabaletak Ameriketako Estatu Batuetatik.

«Ez zen bakarrik tontorrera heltzea izan, baizik eta hango giroa, hango oroitzapenak… oso onak denak. Ondo pasatu genuen, taldea primerakoa zen. Tontorra, lagunak… dena borobil irten zen, eta hori, noski, ez da espedizio guztietan lortzen», gaineratu zuen De Pablok.

Umorez gogoratu zituen garai hartako bidaiak eta garraioak: «Hamar tona zirela uste dut. Itsasontzi batean eramaten zen hemendik Bombayraino, eta gero guk lurrez kamioi batean eraman genuen materiala Katmanduraino. Abentura itzela zen, ze hiru hilabete lehenago joan ginen horretarako. Nik guztira sei hilabete eman nituen han. Eta gero itzuleran ere berdin, ze materiala itzuli egin behar zen. Erro, (Javier) Garaioa eta hirurok egon ginen denbora gehiago han. Gu iritsi ginenerako, ahaztuta ez, baina kontua lasaiago zegoen jada», gogoratu zuen.

'Tximist' espedizioa gogoan

Nabarmendu zutenez, 1980ko espedizioa ezin da ulertu sei urte lehenago, 1974an, 'Tximist' izenarekin munduko mendirik garaiena zapaltzeko egin zen saiakera hura gabe. Eta 1974ko proiektu horren oinarria 1967an Andeetan euskal alpinistek egindakoa izan zen.

Espedizio hura gailurra zapaltzetik 200-300 metrora gelditu zen. «Primeran iritsi ginen 8.600 metrora, baina orduan, egiten den bezala, denda jarri eta lo egin genuen. Ez zitzaigun okurritu esatea 'hemen gaude, ongi gaude, goazen jarraitzera eta gailurra egitera'», aitortu zuen Uriartek.

'Agur Everest' pelikula NAIZ-en

NAIZek 'Agur Everest' dokumentala eskaini zuen zuzenean 2020ko maiatzaren 14an. 1980ko eta 1974ko espedizioak biltzen ditu  Fernando Larruquertek eta Juan Ignacio Lorentek zuzendutako lanak. 1981ean aurkeztu zuten lehen aldiz, arrakasta handiarekin.