Molac legetik, Konstituzio aldaketara
Estatu frantseseko hizkuntza gutituak babesteko Molac legearen aurkako helegitearen inguruko deliberoan, murgiltze eredu guztiak antikonstituzionaltzat jo zituen Kontseilu Konstituzionalak, gaurko egunez, 2021ean. Efemeridea baliatuta, orduko une haiez eta egungo egoeraz idatzi du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak.
Frantziar Konstituzioko 2. Artikuluak dio Frantziar Errepublikako hizkuntza frantsesa dela. Eta ahaleginak ahalegin, euskarak eta hizkuntz gutxiagotuek (Hexagonoan 20 hizkuntza eta itsasoz haraindiko kolonietan beste 50) ez dute oraindaino behar besteko ezagupenik legedian. Urte luzeetako borrokaren ondoren, 2008. urtean lortu zen Konstituzioa aldatzea, «eskualde hizkuntzak» Frantziako ondare gisa izendatuz 75-1 artikuluan. Baina Konstituzio Kontseiluak 2. Artikulua gailentzen dela adierazi eta aldaketa horrek ere eskubide berririk ez zuela sortzen ebatzi zuen berehala.
Konstituzioak gure hizkuntzak «ondare» gisa izendatzen dituenez, Paul Molac diputatu bretoia Frantziako Ondare Kodearen bidez saiatu zen orain hiru urte hizkuntza gutxiagotuei eskubide berriak ematen.
Molac legeak ondare immateriala eta Kultura aniztasuna babestea zuen helburu. Gisa horretan, testuak zehazten du hizkuntza ondare bat dela, frantses hizkuntzak eta «eskualde hizkuntzek» osatua. Estatuaren eta tokiko erakundeen betebeharra aipatzen du hizkuntzen irakaskuntzan, hedapenean eta balorazioan. Hizkuntzak «altxor nazional» gisa aitortuz babes-araubide berezia aplikatzea zuen helburu, besteak beste bideko seinaleztapen elebiduna legez babesteko.
Diputatuaren asmoa ez zen txarra, eta Parisen ibili ginen lobby lana egiten Frantziako Senatuan Macronek gehiengorik ez zuela baliatuz. Molac legeari hainbat zuzenketa egin genizkion, Estatu osoko jatorri eta kolore politiko ezberdinetako senatarien konplizitatearekin. Hala lortu genuen beren eskoletan euskarazko irakaskuntzarik ez duten herriek ondoko herrietako ikastoletako Diwan edo Bressolako ibilmoldea finantzatzen lagundu behar izatea.
Gisa berean, irakaskuntza elebidunaz gain, murgiltze irakaskuntza legeztatzeko saiakera egin genuen. Ikastolen jarduna babesteaz gain, eskola publikoetan murgiltzea garatzeko atea irekitzea lortu genuen. Senatuak onartu zuen legea –Jean-Michel Blanquer ministroaren iritziaren kontra–, eta Asanblea Nazionalak ere berdin onartu zuen, Macronen alderdiko diputatu ugarik alderdiaren kontsignei muzin egin ondoren. Gisa berean, tildea euskal edo bretoi izenetan onartzeko artikulua ere erdietsi genuen.
Garaipen itzela izan zen. Baina pozak guti iraun zuen, Blanquer ministroaren azpikeriaren bitartez, Konstituzio Kontseiluak Molac legea zentsuratu baitzuen, murgiltzea legez kanpo izendatuz eta Iñaki, Aña Mari edo Fañch bereizgarria kenduz. Momentu larriak pasa genituen une horretan, ikastolak itxiko ote zizkiguten kezkaturik. Baina herritarren eta hautetsien presioari esker, Frantziako lehen ministro Jean Castexeren bidez –katalan hiztun aktiboa bera–, legeak zentsuratutako murgiltze eredua praktika pedagogiko gisa aitortzen duen zirkularra erdietsi genuen. Edozein momentutan auzitegi batek bertan behera utz dezakeen zirkular xumea, baina nolabaiteko babesa, halere.
Geroztik aldaketa guti izan da. Murgiltzea eskola publikoetan posible da zirkular horren bidez, baina Estatuko zerbitzuek ez dute aplikatu nahi, zirkular xumea baita, eta tokiko hautetsiak ez baitira aski ausartak. Euskara klasea denborara murriztua da eskola publikoetan, eta ez du lekurik eskola bizitzan. Hiru eskola publikotan baizik ez dute lehen hezkuntzan euskara hutsezko irakaskuntza Ipar Euskal Herri osoan. Ez dago murgiltzerik bigarren Hezkuntza publiko osoan. Baxoa euskaraz izatea ere baimendu lezake zirkularrak, baina Ministerioak ez du nahi. Inaki, Ana eta Fanch teilaturik edo ñabardurarik gabe gelditu dira.
2008. urtean eta 2021. urtean bezala, Estatu mailan hizkuntz gutxiagotuen aldeko indarrak bildu eta Konstituzio aldaketa berri bat bultzatzera goaz. Ekainaren 1ean izanen dugu arnasa luzekoa izanen den ekimen berri honen lehen hitzordua, Estatu osoan 100 elkarretaratze baino gehiago eginen baitira. Goazen aitzina, euskara dugu irabazteko!