George Floyden hilketak Black Lives Matter zabaldu zuen mundu osora
Lau urte dira Minneapoliseko Poliziak George Floyd herritar afro-amerikarra hil zuela. Derek Chauvin agente zuria Floyden gainean egon zen bederatzi minutuz belauniko jarrita, belaunarekin sama gainean eztarria estutuz itotzen zuela. Beste batzuetan ez bezala, 9.29 minutuko agonia hori bideoz jaso zen, eta sare sozial batetik bestera ibili zen. Estatu Batuetan eta nazioartean ere protesta jendetsuak ekarri zituen berehala, Black Lives Matter mugimenduak deituta.
Ez zen halakorik gertatzen zen lehen aldia, eta azkena ere ez zen izan. Lehenago eta gerora, asko dira Poliziaren esku hildako estatubatuar beltzak. George Floydek 20 dolarreko billete faltsu bat erabili zuelakoan deitu zioten Poliziari inguruko saltoki bateko arduradunek. Agenteek Floydi eskuburdinak jarri eta lurrean izan zuten, atxilotuak itotzen ari zela esan arren. Zazpigarren minuturako, konorterik gabe zegoen Floyd. Bertatik pasatzen ziren herritarrek gelditzeko esan zieten behin eta berriz Chauvin agenteari eta harekin zihoazen beste hirurei, George Floyd hiltzen ari zirela; poliziak lekukoak sakabanatzen baino ez ziren saiatu, herritar bat bertan hiltzen ari zela-eta kezkatu gabe.
«I can't breathe», «itotzen ari naiz» edo «ezin dut arnasarik hartu» esan zuen Floydek hil aurretik, eta lelo hura milaka pankarta eta afixetan zabaldu zen. Hartarako ere ez zen lehen aldia, ezta bigarrena ere. Poliziaren esku hil diren hamar lagunetik zazpik esan duten esaldia da. Aurki hamar urte beteko dira esaldi hura famatu zuen tragediatik: New Yorkeko polizia batek Eric Garner-i legez kanpoko mugimendu bat egin zion atzetik helduz lepotik, bertan ito zuen arte. «Itotzen ari naiz» leloa NBAko kamisetetara iritsi zen, eta Barack Obamak berak hitz egin zuen LeBron James jokalariaren erabakiaren alde, une hartan iritsiko zitzaizkion kritikak isilaraziz.
George Floyd ia bi metro eta ehun kiloko gizona zen. Behin eta berriz esan zuen ezin zuela arnasarik hartu. Handik astebetera, Joe Biden Donald Trumpen aurkako presidentegai demokratak «ezin dut arnasarik hartu» esaldia birritan gogoraraziz hasi zuen mitin bat, nabarmenduz hitzak ez zirela George Floydekin hil. «Oraindik entzuten dira. Nazio guztian zehar daukate oihartzuna». Barack Obamaren presidenteorde izandakoak ondo zekien zein zen herrialdearen oinarri-oinarrizko arazoa arrazismoarekin, eta zeinen txertatuta zegoen gaitz hura Poliziaren barruan.
Polizia-indarkeria azaltzerakoan, ezinbesteko elementu bihurtzen da arrazakeria. Gaitza are larriagoa bihurtzen dute Estatu Batuetan kontrolik gabe dauden milioika armek, bistan da, mendebaldeko herrialde gehienetan bestelako trataera bat izan lezaketen auzien aurrean poliziek daukaten estres-unea azaltzeko. Baina hori polizia-indarkeriaren nolabaiteko azalpena izango balitz ere, inola ere ez luke arrazismo estrukturala azalduko.
Haurtzaroa amaitzearekin batera, Estatu Batuetako familia beltz guztietan egoten da gainerako familietan ez dagoen solasaldia. Zer egin poliziak geldiarazten bazaitu. Guraso guztiek etxeko nerabe guztiei –mutilei batez ere– azaltzen diete, 9-10 urte dituztenerako, edo are txikiagotan. Nerabezaroan gora egin ahala, beldurra are handiagoa da.
Testuinguru horretan sortu zen 2013an #BlackLivesMatter traola («beltzen bizitzek ere ardura dute», edo, libreago, «beltzen bizitzak garrantzitsuak dira» itzul liteke), Alicia Garza, Patrisse Cullors eta Opal Tometi aktibisten eskutik, Floridan Trayvon Martin 17 urteko mutila tiroz hil zuen pertsona absolbitu zutenean, beste behin agerian geratu baitzen zeinen merke irteten zen nerabe beltz bat hiltzea. Interneteko plataforma bat eratu zuten koordinaziorako. Hurrengo urtean Missourin Michael Brown eta New Yorken Eric Garner hil zituztenean, egun ezagutzen dugun mugimendu deszentralizatua mundu osoan egin zen ezagun. 2015ean Baltimoren Freddie Gray poliziak atxilotuta zegoela hil zenean, oso istilu larriak izan ziren.
Handik gutxira etorri ziren aurkako mugimenduak ere, eskuin muturretik poliziaren alde eratu zen Blue Lives Matter, kasu («bizitza urdinek ardura dute», polizien uniformea aipatuz). Zuri-beltzeko AEBetako banderan, marra urdin bat izan ohi dute mugimendu horretako afixek, eta ohikoak dira zenbait etxetako atarietan eta autoetan.
Eskuin erreakzionario horren eskutik iritsi zen Donald Trump Etxe Zurira 2016an. Beltzentzat aski larria zen egoerak are okerrera egin zuen berehala. Charlottesville-n, 2017an, Eskuina Batu izeneko mugimendu ultra, supremazista eta neonazien bilkuran, Heather Heyer militante antifaxista hil zutenean, bi aldeetan jende ona zegoela bota zuen presidenteak.
Aurten bezala, hauteskunde urtea zen 2020ko maiatzean George Floyd hil zutenean.
Chauvin eta beste agenteak lehendabizi kaleratu eta gero auzipetu eta espetxeratu bazituzten ere (22 urteko zigorra dauka Chauvinek), Donald Trumpek berariaz bilatu zuen polarizazioa, zuri supremazismoaren aliatu bihurtuta. Pandemiaren erdian, uda oso beroa izan zen. Black Lives Matter-en 40 talde inguru zeuden ordurako, eta bertako eta Antifako kideen kriminalizazioari ekin zion Trumpek. Hala, 2020ko abuztuan Kenoshan (Wisconsin) poliziak Jacob Blake beltza tirokatu ostean piztutako protestetan, Kyle Rittenhouse supremazista zuriak bi manifestari hil zituen tiroka. Gerora, absolbitu egin zuten.