1977/2024 , 10 juin

Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Erabakitzeko nahiak lotuta, Gure Esku Dagoren giza kate erraldoia

2018ko ekainaren 10ean, Gure Esku Dago plataformak deitutako giza kateak espektatiba guztiak gainditu zituen. 175.000 lagun lotu ziren Donostia, Bilbo eta Gasteiz artean, eta azken hiriburu honetako Legebiltzarrean enkargu argi bat utzi zuten: bermatu zezala erabakitzeko eskubidea Estatus Berrian. Helburu zehatz horretaz landa, baina, herri-gogo bat ozen adieraztea lortu zuen mobilizazio erraldoiak.

Gure Esku Dagok antolatutako giza-katearen irudia, Bilboko Guggenheim aurrean.
Gure Esku Dagok antolatutako giza-katearen irudia, Bilboko Guggenheim aurrean. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Igarleek esku-ahurrak irakurtzen dituzte etorkizuna asmatzeko, bada, nahi zuten geroa idatzita utzi zuten milaka pertsonak, ezein iruzurgilek ez zezan haien partez erabaki. Esku-ahur bakoitza katebegi bilakatuta, gogo bat besteari lotu eta giza kate erraldoia marraztu zuten milaka pertsonak; Bilbo, Donostia eta Gasteiz artean bildu zen jende andana, munduari erakusteko Euskal Herriaren geroa erabakitzeko nahiak ez zuela herdoiltzera egin, bizi zela, 2018ko ekainaren 10eko eguzki hura bezala.

Justu urtebete lehenago, 2017ko ekainaren 10ean, Gure Esku Dagok 10.000 lagun batu zituen Bilbon, erabakitzeko eskubidearen aldeko plataforma honek 2013an sortu zenetik erdietsi zuen enegarren mugarrian. 10.000 horien artean galdera-marka handi bat osatu zuten, nazioarteari, baina baita geure buruari ere, erakusteko Euskal Herria prest zela ezeri uko egin gabe burujabetza politikora bidean pauso berriak emateko.

Lau hilabete baino gutxiago falta ziren Kataluniako urriaren 1eko galdeketarako –«Nahi duzu Katalunia estatu independente izatea errepublika gisa?», erantzuteko beta izan zuten han– eta Jordi Cruixart Òmnium Culturaleko presidenteak egin zituen Bilboko ekitaldi jendetsuan iragarle lanak. «Kataluniak botoa emango du, hau ez dago gelditzerik», esan zien galdera-marka handian batu ziren euskaldunei. Lehenagotik eta geroztik, katalanak lagun izango zituen Gure Esku Dagok, antolatu zituen ekimen guztietan.

Herri gogoa geldiarazteko modurik ez zen izan, bederen, eta urtebetera lehertuko zen olatua hazten hasi zen. 2017ko ekainaren 10 hartan, herri galdeketak antolatu zituzten Nafarroako 24 udalerrietako ordezkariek hautetsontzi zuri bat eraman zuten plaza Eliptikotik Euskadi plazara –herri galdeketen ekimena bukatzerako, bi urtean, 208 herritan 218.248 pertsonak eman zuten botoa estatus politikoari edo erabakitzeko eskubideari buruz–. Hautetsontzi haren barruan gorde zuten Herri Ituna, eta egun hartan aurkeztu zuten bederatzi printzipio eta bi konpromiso biltzen zituen akordioa. Funtsean, esaten zuen euskal herritarrei dagokiela beraien etorkizun politikoa erabakitzea. Geroa marraztuko zuen bide-orri hari eutsi zioten milaka pertsonak, eta haien esku-ahurretan grabatuta utzi zuten.

Biharamuneko GARAren azala.
Biharamuneko GARAren azala.

«Zorionak Euskal Herriari»

Ez zen berria izan, baina handitasunak egin zuen berezi. 2014ko giza katearen hauspotik zetorren Gure Esku Dago; 123 kilometro bete zituen orduan, Durango eta Iruñea milaka pertsonarekin lotuta. Herriz herri ipinitako hautetsontzietan lagatako boto-paperak, sinbolikotzat har badaitezke ere, euskal herritarren ilusioaren pizgarri izan ziren, bozaren poza. 2018ko ekainaren 10ean egindakoak, baina, beste dimentsio bat hartu zuen. Hala ekarri zuen Ramon Solak hurrengo eguneko kronikara: «Gure Esku Dagok berriro egin du. Ezinezkoa zena erreal bilakatu zen 2014an, 123 kilometroko giza katearekin, eta sinestezina zena egin zen atzo, antzeko mobilizazio batekin, baina 202 kilometrotan. 175.000 pertsona ingururen eskutik, erabakitzeko eskubidea indarrez itzuli da agenda sozial eta politikora, EAEn Estatus Berriaren eztabaida emanda».

Gasteizen, 2018ko ekainaren 10ean, erabakitzeko eskubidearen alde.
Gasteizen, 2018ko ekainaren 10ean, erabakitzeko eskubidearen alde. (Jaizki FONTANEDA)
Gure Esku Dagoren ekimenak Gasteizen utzi zuen irudietako bat.
Gure Esku Dagoren ekimenak Gasteizen utzi zuen irudietako bat. (Juanan RUIZ)
Gasteizko Legebiltzarrera eraman zuten Herritarron Ituna.
Gasteizko Legebiltzarrera eraman zuten Herritarron Ituna. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Demokratikoki erabakitzeko nahia adierazi zuten Donostian ere.
Demokratikoki erabakitzeko nahia adierazi zuten Donostian ere. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Eguzkia lagun, giro alaiean lotu zen milaka herritar erabakitzeko eskubidearen alde.
Eguzkia lagun, giro alaiean lotu zen milaka herritar erabakitzeko eskubidearen alde. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Eskuak lotuta Zigoitian ere.
Eskuak lotuta Zigoitian ere. (Gotzon ARANBURU | FOKU)
Zubiaren gainean, zubiak eraikitzen, Bilbon.
Zubiaren gainean, zubiak eraikitzen, Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)
Adin guztietako herritarrak batu ziren Donostia, Bilbo eta Gasteiz artean; irudiko hauek, Elgoibarren.
Adin guztietako herritarrak batu ziren Donostia, Bilbo eta Gasteiz artean; irudiko hauek, Elgoibarren. (Maialen ANDRES | FOKU)
Ikurriña erraldoiaren azpian, Donostian.
Ikurriña erraldoiaren azpian, Donostian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Irudi ederrak utzi zituen 2018ko ekainaren 10eko ekimen erraldoiak.
Irudi ederrak utzi zituen 2018ko ekainaren 10eko ekimen erraldoiak. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Ibilbideko kilometro askotan adierazi zen katalanekiko elkartasuna, baita alderantziz ere.
Ibilbideko kilometro askotan adierazi zen katalanekiko elkartasuna, baita alderantziz ere. (June PRIETO)

Ia 202 kilometro, 175.000 pertsona inguru eta 16 orrialde hurrengo eguneko GARAren egunkarian. Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu zituzten inurri horiek guztiek, bidean diren errepide, kale eta plazak, baina egindakoa herrialde osoaren lorpena izan zela nabarmendu zuen giza kate erraldoiaren akaberan Angel Oiarbide Gure Esku Dagoko bozeramaileak. «Zorionak Euskal Herriari, Euskal Herriari!», zehaztu zuen.

EAEn egin zen mobilizazioa, helburu zehatz eta praktiko bat zuelako, nahiz eta herri-gogo sendo bat erakustera iritsi zen: Gasteizko Legebiltzarrari ozen dei egin zion Estatus Berriaren eraikuntzan erabakitzeko eskubidea bermatu zezan –beranduago, Nafarroako ganberara ere eramango zuen eskaera Gure Esku Dagok–.

Aroa Arrizubieta izan zen kate erraldoiaren azken begia, eta berak eraman zuen Gasteizko Legebiltzarrera aurrez prestatutako eta ahurrez indartutako Herri Ituna, eskatzeko «erabakitzeko eskubidean aurrera egiteko pauso esanguratsuak» eman zitezela. Aurrerantzean, instituzio hari egokituko zitzaion hautetsontzien alde lan egin edo herri eskaera kaxoi ilunetan gorde erabakitzea.

 

Euskal Herriak ezin izan zuen ozenago esan. Biharamuneko GARAren egunkariak hainbat pertsonen gogoetak jaso zituen, tartean, Iker Bizkarguenaga kazetariarena. Hala adierazi zuen: «Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen. Baina gure herria badabil, eta katebegi astun horien pisua pairatzen du. Horregatik hasi da giza kateak, elkarretaratzeak eta galdeketak antolatzen, giltzarrapoa ireki edo zuzenean puskatzeko modua, bide bakarra, herriaren borondatean dagoela ulertu duelako. Dena gure esku dagoela badakielako».

«Eman eskua etorkiZUnari» izan zen 2018ko ekainaren 10eko mobilizazioaren goiburua. Geroztik, despistatuta dabiltza igarleak, inoiz baino argiago ikusi zuten hura, sekula baino esku-ahur gehiagotan, noiz gertatuko zain, eguzkirik ezagutzen ez duen Gasteizko Legebiltzarreko kaxoi herdoilduari begira.