1977/2024 , 10 juin

Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevue
Jon Maya
Dantzaria

«Euskal dantzek gure kulturaren barruan mailarik apalena okupatzen dute»

Errenteriako Ereintza Dantza Taldean umetan hasi zen eta sari ugari pilatu ditu bidean gaur Kukai dantza taldeko zuzendaria denak. Loriaz betetako ibilbidea izan denaren hastapenak, baina, nola bizi izan zituen Jon Mayak? Joxean Agirre kazetariak elkarrizketa egin zion 'Egin'-en 1997ko ekainaren 10ean, hemeretzi urteko dantzariak Gipuzkoar Erako Aurreskuan txapela irabazi berritan. Hemen berreskuratu ditugu bere hitzak.

Jon Maya dantzaria eta Kukai dantza taldeko zuzendaria, 2023an egindako argazki batean.
Jon Maya dantzaria eta Kukai dantza taldeko zuzendaria, 2023an egindako argazki batean. (Guillaume FAUVEAU)

«Euskal dantzak ez du prestigiorik gurean»

Hemeretzi urte ditu, 1,82 metro, baina ez daki seguru zenbat pi­satzen duen. Arina da­go, ez dago dudarik, larunbatean Gipuzkoar Erako Aurreskuan txa­pela jantzi baitzuen. Sarriegiren eta Edu Mu­ruamendiarazen bidetik abiatu da, beraz. No­raino iritsiko den? Ez dirudi euskal dantzaren barruan oso urrutira iritsi litekeenik.

Beste txapel batzuk handikiro ospatzen dira, Euskal Herri mailakoak direnean. Euskal dantzen barruan, ordea, ez dago dirurik ezer handikiro ospatzeko. «Nik txapela irabazi eta 35.000 pezeta irabazi nituen larunbatean. Ez dugu guk diruagatik dantza egiten. Bestela aspaldi utzia genuen lan hau, baina sari horrek adierazten du euskal dantzak gure gizartean zer begirune falta duen», esan du Jon Maya oreretar dantzari gazteak.

Txapela hamar finalisten artean jokatu zen, epaimahaiaren eta publikoaren aurrean lau pieza egin ondoren: 'Interpretazio libreko zortzikoa', 'Aurkez aurke', 'Agurra' eta 'Alpargata'. Aditu ez garenontzat, 'Agurra' da aurreskua.

Zer-nolako prestakuntza behar izaten da horrelako txapel bat irabazteko?

Ni dezente irregularra naiz. Ereintza Dantza Taldeko partaidea naiz eta taldeko lana ahalik eta txintxoen egiten saiatzen naiz. Aurreskua, berriz, bakarkako dantza da eta hori neure gisara prestatu behar izaten dut. Azken hilabete eta erdian oso prestaketa gogorra egin dut.

Zein izan dira zure aurreko txapeldunak?

Sarriegi izan da dantza molde honetan marka guztiak hautsi dituena, 8 aldiz lortu baitzuen txapela. Ondoren, azken hiru urteetan, Edu Muruamendiaraz izan da txapeldun.

Zein izan dira zure maisuak?

Ereintzakoak izan ditut maisu. Orain Mikel Koka da erakusten diguna, eta txikitan Sabil Lasarekin ibili ginen. Bitartean, Marian Bravo eta Anjel Mari Elkanoren eskuetatik ere pasatu gara. Eta gero taldekoak daude, hauek ere asko laguntzen baitidate estiloa hobetzen.

Noiz hasi zinen dantza ikasten?

Sei urterekin hasi nintzen Ereintzan. Txikitatik gustatu zait dantza egitea.

Gipuzkoar Erako txapelketa batean beste herrialdeetako partaiderik onartzen al da?

Onartu egiten dira, baina normala den bezala, herrialde bakoitzak bere era du eta zailagoa egiten zaie gure erako aurreskua egitea. Garai batean Iparraldetik ere etortzen omen ziren. Nik parte hartu dudan edizioetan nafar batzuk bakarrik ikusi ditut.

«Askotan jendeak akrobaziak egiteko eskatzen badigu ere, dotoretasuna eta fintasuna lantzen saiatu behar da»

Aurresku batean zertarainoko margen duzue estilo pertsonala lantzeko?

Lehen aipatu ditudan lau pieza horietako batzuetan askoz ere margen gehiago dugu, baina aurreskuan ere lantzen da estilo pertsonala. Nire ustez, aurreskua dantza solemnea da eta, jendeak askotan akrobaziak eskatzen badizkigu ere, ezin daiteke ezer behartu eta fintasuna eta dotoretasuna lantzen saiatu behar da.

Zer egiteko betetzen du aurreskua bezalako dantza batek gure gizartean?

Nik uste dut euskal dantzek gure kulturaren barruan mailarik apalena okupatzen dutela. Irabazi dudan sari hau garrantzizkoenetakoa da eta 35.000 pezeta bakarrik ematen ditu. Hori ez da antolatzaileen errua. Nahikoa lan egiten dute txapelketa antolatzen. Arazoa sakonagoa da. Literaturak, bertsolaritzak, trikitiak eta beste zenbait alorrek premia larriak dituzte, baina gurea da begirune gutxien duena. Eskerrak hobby bezala egiten dugun.

Zenbat emanaldi egiten dituzu zuk urtean?

Aurreskulari bezala, deitzen didaten lekuetara joaten naiz, baina ez dira leku asko izaten. Dantza taldearekin ibiltzen naiz hara eta hona. Udan, esate baterako, Eslovakia eta Poloniara joango gara.

Zer ikasketa ari zara egiten?

Kazetaritza egiten ari naiz, bigarren ikasturtean nago. Goizean Leioara joan eta eguerdian etxera itzuliz nabil.

EGINen 1997ko ekainaren 10ean argitaratu zen elkarrizketa.
EGINen 1997ko ekainaren 10ean argitaratu zen elkarrizketa.