1977/2024 , 15 juin

Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa: itzuleraren bide-orria marraztu da

Gatazka armatuaren osteko koiuntura berriak irteera-gresilla kokatu zuen 2013ko ekainaren 15ean. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) sinesten zuen garaia zela konponbiderako eta «gizarte demokratikoa» lortzeko bidea egiteko, eta bide hori, ezinbestean, etxerako bidea zen. Biarritzen aurkeztu zuen «Sorterritik sorterrira, lepoan hartu eta segi aurrera» izeneko dokumentua, funtsean, iheslari politikoen itzulerarako bide-orria markatuko zuena.

EIPKk 2013ko ekainaren 15ean Biarritzen egin zuen ekitaldia.
EIPKk 2013ko ekainaren 15ean Biarritzen egin zuen ekitaldia. (Gaizka IROZ)

Torturak, gerra zikin odoltsuak, atxiloketa masiboek eta, oro har, Euskal Herria zenbaitentzat ezleku bilakatu duten agente zapaltzaileek deserria beste biderik ez diete utzi zenbait euskal herritarri hamarkada luzez. Hegoaldeko askok Ipar Euskal Herrian hartu zuten aterpe, han eraikia zen sare solidario sendoak lagunduta. Beste askok, aldiz, herrialdea utzi eta mundu zabalera egin zuten, edo hara deportatuak izan ziren. Herrira itzultzeko zain eman dituzte askok urteak; zain, zain...

Eta aspertu ziren zain egoteaz. Onartuta beraiek mugitzen ez baziren beste inork ez zituela Euskal Herrira bueltan ekarriko, 2012ko urtarrilaren 15ean jarri zuten itzuleraren lehen hazia, Larresoroko Elkartasun Egunean. 70 errefuxiatu inguru batu ziren eszenatokian, eta horietako batek, Xabier Ezkerrak, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) adostutako komunikatua irakurri zuen. «Euskal Herrian abiatu den bide berriari babes eta konpromiso guztia adierazten diogu Bidasoa eta Pirinioak gurutzatzera behartu gaituztenok». Horrekin, iheslari eta deportatuak prozesu demokratikoan parte aktibo izango zirela adierazi zien gainontzeko euskal herritarrei.

Orduko hartan, estatu frantses eta espainolari galdegin zieten jadanik armak behin betiko utziak zituen ETArekin negoziatu zezaten gatazkaren ondorioak behingoz konpontzeko, tartean, iheslariak Euskal Herrira bueltatu zitezen. Aieteko Adierazpenak ordezkatzen zuen orduan soluziorako oinarria. Ohartarazi zuten, baina, halakorik egingo ez bazuten, aldebakarrez ekingo ziola EIPKk itzulera sustatzeari.

Frantses eta espainiar estatuek muzin egin zioten EIPKren deiari, eta bi urte eta erdiren ostean, zain egotea estrategia hutsala zela berretsita, Biarritzeko Irati erakustazokan iheslarien «dinamika berritzailea» aurkeztu zuten: itzulera handirako bide-orri bat. 2013ko ekainaren 15a zen, eta egun horretan finkatu zen deserritik Euskal Herrira itzultzeko irteera-gresilla.

Biarritzeko ekitaldiaren hurrengo eguneko GARAren azalak titular hau jaso zuen.
Biarritzeko ekitaldiaren hurrengo eguneko GARAren azalak titular hau jaso zuen.

«Aske izateko joan ginen, eta aske izateko ari gara itzultzen»

Ekitaldi hunkigarri hartan aurkeztu zuten «Sorterritik sorterrira, lepoan hartu eta segi aurrera» dokumentuak berresten zuen iheslari eta deportatuak Euskal Herriak bizi zuen gatazkaren ondorio zuzena direla eta hauek bere soluzioan parte hartzeko borondatea zutela; euskal herritarren jazarpena zekarten salbuespen neurriak desaktibatzeko beharra nabarmentzen zuen, iheslariek jasaten zuten babes judizial falta nabarmenduz eta haien kontrako euroaginduak bertan behera utzi zitezen eskatuz. Jasotzen zuen gonbidapen bat, Euskal Herriari eta instituzioei zuzendua, erbesteratuen giza eskubideak bermatzeko lan egin zezaten zioena; eta EIPKk «modu bateratuan eraiki nahi dugun gizarte demokratiko berria» eraikitzen laguntzeko borondatea erakutsi zuen, hala errelatoaren eraikuntzan parte hartuz nola erreparazio sozialean inplikatuz. «Ordua da konponbidea egituratzeko eta etxera itzultzeko», azpimarratzen zuen bide-orriak.

4.500 lagun inguru bildu zituen Biarritzeko ekitaldiak, eta malkoak, askoz gehiago. «Herria dugu arnas» izena eman zioten zitak –gerora itzuleraren leloa izango zen– esaldi gogoangarriak utzi zituen; bat, hau: «Aske izateko joan ginen, eta aske izateko ari gara itzultzen». Eta beste bat Amets Arzallusen ahotik entzunarazi zen, Joseba Sarrionandia idazle erbesteratuarena: «Ateak zabaltzen dituen jendea beharrezkoa da ateak ixten dituen jendea dagoenean».

Biarritzeko ekitaldi hunkigarrian jasotako momentu bat.
Biarritzeko ekitaldi hunkigarrian jasotako momentu bat.

Bide-orria egina zen, baina bidea ez zela erraza izango ondo zekiten EIPKko kideek. Hala ere, Biarritzen hasitako bideak helmugara, Euskal Herrira, ekarri zituen hainbat eta hainbat pertsona. Eta adierazpen garrantzitsu bat egin zuen kolektiboak Arrangoitzen, 2014ko martxoan. «Oraindik zailtasun asko daude kolektibo hori osatzen duten pertsona guztiak etxera itzuliko direla bermatzeko, baina hori posible duten egoerei irtenbidea ematen hastea erabaki dugu. Beraz, gaurtik aurrera gure sorterrietako kaleak okupatzen hasiko gara. Gaurtik aurrera, gure herrietako plazetan ere ikusi ahal izango gaituzue», esan zuten.

Oztopoz betetako bidea

Esan eta egin. 2014ko martxoko azken ostirala berezia izan zen Euskal Herriko herri askotan, presoen eskubideen aldeko mobilizazioetara agertu baitziren iheslarietako asko; Zestoa, Zarautz, Zegama, Arrasate eta Galdakaora, besteak beste. Urte horren bukaerarako, 100 erbesteratu inguru itzuli ziren Euskal Herrira, kolektibo osoaren %20, gutxi-asko, Ipar Euskal Herrian bizi zirenak gehienak, baina baita konfinamendua edo deportazioa eten eta etxeratzeko hautua egin zutenak ere.

2014ko martxoko azken ostirala Donostian; Pello Aranzabal eta Aitor Mokoroa amaratarrak etxera itzuli ziren unea. (Jon URBE/FOKU)
2014ko martxoko azken ostirala Donostian; Pello Aranzabal eta Aitor Mokoroa amaratarrak etxera itzuli ziren unea. (Jon URBE/FOKU)

1960ko hamarkadaz geroztik, 2.500 pertsona inguruk egin dute Euskal Herritik deserrira. Jadanik altxatu dira silueta beltz gehien-gehienak, eta iheslari politiko hauen aurpegiak plazaratu. Bidea egin dela ezin ukatu, Larresorotik Baionara eta Baionatik Arrangoitzera. Hala ere, iheslari eta deportatuek hainbatetan esan duten moduan, gatazka ezin da gainditutzat eman erbesteratu bat dagoen bitartean. Eta, gaur egun, 30 pertsona inguru daude deserrian.