1977/2024 , 17 juin

Santutxukoak elkarrekin San Mamesera bidean
Santutxukoak elkarrekin San Mamesera bidean (ZARRABEITIA)
Gero pusikek aireratuko zuten ikurrina erraldoia.
Gero pusikek aireratuko zuten ikurrina erraldoia. (ZARRABEITIA)
Amuriza eta Lopategi bertsotan
Amuriza eta Lopategi bertsotan (ZARRABEITIA)
Lepo bete zen San Mames euskararen alde
Lepo bete zen San Mames euskararen alde (ZARRABEITIA)
Mikel Laboa San Mameseko eskenatokian
Mikel Laboa San Mameseko eskenatokian (ZARRABEITIA)
Lupe kantaria San Mamesen
Lupe kantaria San Mamesen (ZARRABEITIA)
Ion Telleria
NAIZ Irratia. Programazio arduraduna

Bai Euskarari 1978, abiatze berri bat euskararentzat

Frankismo osteko giroan, dena sortzeke zegoen garaian, euskararen aldeko herri babesa bilatu zuen Euskaltzaindiak 1978ko Bai Euskarari kanpainarekin. San Mames bete zuen euskararen aldeko abiatze berri bat sustatzeko. 20 urte beranduago, bost estadio beteko zituen aldarri berberak.

Gero puxikek aireratuko zuten ikurrina erraldoia.
Gero puxikek aireratuko zuten ikurrina erraldoia. (ZARRABEITIA)

1978ko ekainaren 17an San Mames bete zuten euskaltzaleek. Bai Euskarari kanpainaren amaiera zen, «gure herria suspertzea zuen helburu kanpaina honek, eta badirudi horrelako zerbait lortu dugula, baina hilabete batekoa edo egun batekoa ez bedi izan, bestela gure buruak engainatuko ditugu, baina besteenak ez». Egun hartan Joxe Mari Iriondo aurkezleak esandako lehen hitzak dira.

Antzera mintzo zen 'Egin'-en orrietan egun honi begira egindako adierazpenetan Gontzal Mendibil kantaria, «hil ala biziko unean bizi gara. Iraupena, superbibentzia oraindik airean dago. Gogorra da aitortzea, baina gure istilu nagusia oraindik bizitzea da, bizi beharra».

Pantxoa eta Peio - Bai Euskarari 1978

Loading player...

San Mamesen entzun zen lehen aldiz orduan kanpainari eta ondoren aldarriari berari soinu banda jarri dion Pantxoa eta Peioren 'Bai euskarari' kantu ezaguna.

Euskarak izango zuen estatusa argitu gabe zegoen. San Mamesko jaialdia baino aste pare bat lehenago ESEI (Euskal Sozialistak Elkartzeko Indarra) alderdiko ordezkariek Senatura eramandako auzia adierazle. 'Egin'-ek orduan jasotzen zuenaren arabera, Gregorio Monreal senatariak hezkuntza arloan Moncloako Itunetan jasotakoa ez betetzea egotzi zion Adolfo Suarezen gobernuari, «bagaude uste dugunak Estatuko herritar izateak ez duela esan nahi uko egiten diogunik osorik galiziar, euskal, katalan, valentziar… izateari; eta badira Estatuaren nazio aniztasuna desagerrarazi beharreko akats bat dela uste dutenak».

Trantsizioari bide eman zioten Moncloako Itunetan tokian tokiko hizkuntzak hezkuntza sistemara gehitzeko konpromisoa jaso zen, hark bete gabe jarraitzen zuen eta euskal senatariak esangura handiko salaketa egin zuen Madrilen: «Gobernuak horren garrantzitsua den hizkuntza nazionalaren auzian horrela jardun badu, zer zilegitasun eta autoritaterekin eskatu ahal zaie gutxiengo nazionalei Estatuarekiko leialtasuna?»

EGIN egunkarian argitaratutako publizitatea
EGIN egunkarian argitaratutako publizitatea

Dena egiteko zegoen giro horretan ospatu zen Bai Euskarari kanpaina. San Mamesko jaialdi handiaren aurretik herriz herri izan ziren hainbat mugarri; ohikoak izan ziren diru-bilketak, adibidez, edo, amaiera bezperako 'Egin'-ek jasotzen zuen moduan, eragileen ekarpen handiak; Adegi enpresarien elkarteak bost milioi pezetako ekarpena egin zuen, adibidez.

150 pezetatan saldu zen San Mamesko sarrera bakoitza, eta jaialdia 19.00etan abiatu zen. Uso zuri bat eta ikurrina zeramaten 3.000 puxika aireratu ziren; kanpainaren eta aldarriaren sinbolo bilakatuko zen usoa.

Euskaltzaindiaren izenean Aita Villasantek hartu zuen hitza, «euskara da herri honek duen bereizgarririk argiena, gure asabengandik datorkigun ondasun paregabea; baina ondasun hau gordetzeko, bizirik eta osorik ateratzeko, guztion lana, lehia eta ahalegina behar ditugu».

Villasante eta Davanten hitz hartzeak

Loading player...

Euskaltzaindiak eta kanpainaren sustatzaileek ekitaldira alderdi edo eragileen sinbolorik gabe joateko eskatu zuten, anitza zelako deialdia eta kontrakotasunik ez sortzeko. Agian horregatik, Jean-Louis Davantek, Euskaltzaindiaren izenean honek ere, modu honetan aldarrikatu nahi izan zuen euskarak behar zuena: «Batzarre honetako nehor zauritu gabe erran dezaket hizkuntza mailan subiranotasun osoa behar dugula euskaldunok». 'Egin'-en kronikaren arabera, San Mamesen ez zen sinbolo alderdikoirik izan, baina bai independentziaren eta ETAren aldeko oihuak.

Giro politiko bortitza bizi zen Trantsizioko Euskal Herrian, eta horren adierazle izan zen, edo horren ohikotasunaren adierazle, jaialdian izan zen bonba abisuaren kudeaketa.

Bonba abisua

Loading player...

Antolakuntzak gauerdian San Mamesen bonba bat lehertuko zenaren abisua jaso zuen; egoera aztertu ostean, Juan San Martin euskaltzainak mezu bat irakurri zuen, abisuaren berri emanez eta, behin jakinda, bertaratuen eskutan utziz euren eserlekuetan mantendu ala ez. Txistu egin zioten San Martini gaztelaniaz egiteagatik lehen hitzak, eta txistu egin zuten bertaratuek bonba abisuaren iragarpena entzutean; baina 'Egin'-en egun hartako kronikaren arabera, inor ez zen mugitu bere lekutik.

Hogei urtera, dena bider bost

1978ko Bai Euskarari jaialdiaren bezperan, 'Egin'-ek Euskaltzaindiako Enrike Knörr-i egindako elkarrizketa zekarren, bi ideia nabarmendurekin; «Arabar biztanle gehienek euskaraz ikasi nahi dute», zen izenburua, eta izenburu aurrekoa edo zintiloa honakoa: «Euskararen egoera Araban: 20.000 hiztun daude».

Inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskaldun kopurua apalagoa zen orduan, baina edonola, hurrengo hamarkadetan 4 edo 5 aldiz emendatu da. Bai Euskarari jaialdiaren garapena ere hala izan da, 1998an, 20 urte lehenagoko ekimen hura gogoan, Euskal Herriko bost estadiotara eraman baitzuten pareko jaialdi garaikidea.

Urtebete lehenago sortu zen Euskararen Gizarte Eragileen Kontseiluak aurrez ikusi gabeko mobilizazio ikusgarria antolatu zuen 1998rako, 20 urte lehenagoko Bai Euskarari lelo berarekin. Anoeta, Sadar, San Mames, Mendizorrotza eta Agilera bete ziren euskararen aldeko bateratasun eta indarra aldarrikatuz.

Euskadi Informacion Bai Euskarari
Bai Euskarari jaialdien biharamuneko azala, ‘Euskadi Información’ egunkariarena, ‘Egin’ itxi osteko eta GARA sortu aurreko garaia da

Ekitaldia bera gaitasun adierazgarri izugarria izan zen, satelitez loturik izan baitziren bost eszenatokiak, bost kokapenetan aldibereko ekitaldi bateratu bat ahalbidetuz.

Politikoki «Bai Euskarari Akordioa» izan zuen oinarri ekitaldi hark, euskal sindikatu nagusiek (ELA, LAB, CCOO, CFDT…) eta kirol taldeek (Aviron, Osasuna, Alaves, Reala, Athletic…) sustatutakoa, besteak beste.

Kontseiluaren lehen idazkari nagusi izan zen Xabier Mendigurenek egin zuen hitzartze nagusia Iruñeko Sadarretik Euskal Herri guztira. Estadioetako ekimenaren arrakastaren akuilu nagusietako bat irailean eragile eta alderdi abertzaleek sinatutako Lizarra-Garazi akordioa izan zen, eta hala adierazi zuen Kontseiluak berak ere, «aldeko haizea sentitzen hasi ginen udazkenean, haize fin eta beroa hasieran; zorion, poz eta alaitasunezkoa une honetan, itxaropen haizea euskararentzat». Ondoren, 78ko Bilboko ekitaldiari egin zion erreferentzia, «duela 20 urte abiatu zen San Mamesen euskararen uso zuria, uso zuri honek bat egin du bake eta askatasunaren usoarekin, eta elkarrekin doaz XXI. mendera hegan, euskararen usoak bakea eta askatasuna behar baititu hegan egiteko».

Denbora honetan euskaltzaleek «asko ikasi» zutela zioen Mendigurenek, «orain badakigu nora goazen eta nola goazen», eta zin egite kolektibo batekin amaitu zen 98ko hura, «zutik Agilera, zutik Mendizorrotza, zutik San Mames, zutik Anoeta eta zutik Sadar ere… Euskal Herriko bost hiriburuetan bildu garen euskaldun guztiok, geure borondatez eta ageriki hitzematen dugu eutsi egingo diogula euskarari, gure hizkuntzari, eta guk hitzematen dugun bezala, geroak har dezan herri osoaren hitza, guztiok batera aldarrika dezagun: euskarari bai! Euskarari bai! Euskarari bai! Euskarari bai! Euskarari bai! Euskarari bai! Euskarari bai!»

* 1978ko ekitaldiko audioak Artefaktuarentzat Euskaltzaindiak utzitako funtsak dira.