1977/2024 , 21 juin

Ion Telleria
NAIZ Irratia. Programazio arduraduna

Aurore Martinen kasua, herri harresien eta konplizitate berrien kimua

2011ko ekainaren 21ean Frantziako Polizia Aurore Martin Batasuneko militantea atxilotzen saiatu zen, eta ez zuen lortu. Egiteko modu bat erakutsi zuen, eta baita adostasun berriak eraikitzekoa ere.

Audio_placeholder

Aurore Martinen kasua, herri harresien eta konplizitate berrien kimua

Loading player...
Martinen Espainiaratzea salatzeko protesta. Besteak beste Colette Capdevielle PSko diputatua; Max Brisson (UMP), Jean-René Etchegaray eta Jean-Jacques Lasserre senataria eta Departamenduko presidentea.
Martinen Espainiaratzea salatzeko protesta. Besteak beste Colette Capdevielle PSko diputatua; Max Brisson (UMP), Jean-René Etchegaray eta Jean-Jacques Lasserre senataria eta Departamenduko presidentea. (Gaizka Iroz | FOKU)

«Eraiki dezagun errepresioa eta inposaketa geldituko dituen herri harresia» esanez irten zen ezkututik Aurore Martin Biarritzen, ehunka herritarrek eta ordezkari politiko eta sozial talde handi batek babestuta. Bi egunera, 2011ko ekainaren 21ean, Polizia frantziarra hura atxilotzera joan zen, eta ez zuen eramatea lortu, ordura arte askok modu sinbolikoan uler zezakeen herri harresi hura material bilakatu zelako.

Aurore Martinen atxiloketa Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu zuen, ilegalizazio garai betean Batasunaren aurka zeraman ofentsibaren barnean. Aurrekaririk gabeko egoera zen, Espainiako auzitegiek frantziar hiritartasuna zuen herritar baten espainiaratzea galdetzen zutelako haren ekimen politikoagatik; gainera, ilegalizazio garaiko hainbat paradoxa utzi zituen auziak agerian; Hego Euskal Herrian legez kanpokoa zena Ipar Euskal Herrian erabat legezkoa zelako, mugaren alde bateko militantziagatik atxilotu nahi zuen Madrilek mugaren beste aldean erabat legezko militantzia zeraman herritar bat. Hala ere, 2010eko azaroaren 23an euroagindua onartu zuen Paueko auzitegiak.

Ipar Euskal Herriko ia klase guztietako alderdi eta eragileen kontrako iritzia eragin zuen erabakiak. Frantziako Alderdi Sozialistaren erreakzioa horren adierazgarri izan zen, Departamenduko bulegotik igorritako agiri batean «demokrata garen neurrian onartezina» zela zioten, eta hori ez zela ETAren aurkako borroka, «ekitaldi politiko demokratikoak kriminalizatzea» baizik. Izan ere, gerora espetxeratze autoan jasota geratuko zenez, Espainiako auzitegiek Martini egozten zizkiotenak hiru ekitaldi politiko, bi prentsa agerraldi eta bilera bat ziren.

2010eko abenduaren 16an Kasazio Gorteak (Frantziako Auzitegi Gorena) atzera bota zuen Martinen defentsaren helegitea. Egun gutxira gutun bidez iragarri zuen 31 urteko militante independentistak ezkutatzea erabaki zuela: «Ez dut gordetzea beste hauturik (…) Kontrol judiziala bertan behera uztea erabaki dut eta nire burua ez gehiago publikoki erakustea. Euskal Herrian naiz, zuen artean, zuei esker eta atea ireki didaten hainbat eta hainbat lagun eta sostengatzaileri esker. Euskal Herrian bada sekula kenduko ez diguten balore bat: elkartasuna».

Aurore Martinen hitz hartzea Biarritzen, ezkututik atera berritan

Loading player...

Urte erdi bat izan zen ezkutuan Martin, harik eta 2011ko ekainaren 18an Biarritzen antolatutako ekitaldi jendetsu batean berriro agertu zen arte. Hiri lapurtarreko Irati gelako eszenatokian, aurrez militante abertzale baten defentsan ikusi gabeko ordezkaritza sozial eta instituzionala elkartu zen. Didier Borotra Biarritzeko alkate-senataria buru. Odei Barroso bertsolariak egin zien bertaratuei diosala, azken oinarekin Aurore Martin berriro jendaurrera ekarriz, «… ta itzalpean egon den horrek, argia ikus dezala».

Txalo, oihu eta babes txistuek utzi ziotenean, «onki xin» batekin abiatu zuen bere hitzartzea zuberotarrak, hilabete horietan guztietan izandako babesa eskertu zuen eta, bere kasuaz harago, errepresioari aurre egiteko deia luzatu zuen, «herriz herri, auzoz auzo, bakoitzaren ibilbidean, erritmoan eta bere historia errespetatuz, eraiki dezagun errepresioa eta inposaketa geldituko duen herri harresia». Lauzpabost aldiz errepikatu zuen Martinek herri harresi bat eraikitzeko beharra, eta ekitaldia amaituta, ñabardura garrantzitsu bat egin zuen, ez zen argitara atera atxilo zezaten, «ez dut amore eman nahi, beste bataila bat hasten dut bihar bertan».

Sinbolikotik materialera

Biarritzeko ekitaldia izan eta bi egunera, ekainaren 21ean, Frantziako Polizia espainiarren agindua betearazten saiatu zen. Errepresioaren aurkako herri harresiaren metafora egia bilakatu zen, dozenaka herritarrek atxiloketa ekidin baitzuten.

GARA Aurore Martin
Biharamuneko GARAren azaleko sekuentzia

Astearte hartako 15.00ak aldera sei polizia Aurore Martin atxilotzera joan ziren, bere ahizparen Baionako etxean zegoen, telebista kate baten elkarrizketari erantzutekotan. Aldaba jo zuten poliziek, irekitzea eskatzeko, ezetz erantzun zieten eta behera bota zuten atea. Baina tarte labur hori nahikoa izan zen militantzia kide eta lagunak bertaratzeko, lehenak Frantziako Estatu guztian sortu zen suminduen mugimenduko kanpaldian zeudenak. Poliziek Martin atxilo hartu eta eskaileretan behera zeramaten, ordurako 40 bat pertsona elkartu ziren bertan poliziei aurre egiteko. Aurore Martini dena laster pasako zela esaten zioten poliziek, gutxira hartuko zuten erabakia aurreikusi gabe, agian.

Aurore Martini elkarrizketa, atxiloketari aurre egin ostean

Loading player...

Baina bertaratuak ez zeuden etsitzeko, eta poliziek alde egin behar izan zuten militante independentista bertan utzita. 15.30erako 200 bat pertsona elkartu ziren San Andres plazaren inguruan Aurore Martinen defentsan, tartean hainbat hautetsi. Ixabel Etxeberria eta Jeff Bederede Urruñako eta Senpereko zinegotzi abertzaleak zeuden, baina baita Marie-Christine Aragon Departamenduko kontseilaria eta PS-ko kidea eta artean Baionako zinegotzia zen Jean-Rene Etchegaray (Modem) ere.

Bake Bidearen agerraldia Aurore Martin atxilotu ostean
Aurore Martinen Espainiaratzea salatzeko agerraldi oso adierazgarria. Bertan dira Xabi Anza (ELA), Jean-Jacques Laserre (senataria, Modem), Peio Dufau (CGT), Martine Bisauta (Baionako Udala), Frederique Espagnac (senataria, PS), Christian Millet-Barbé (UMP), Colette Capdevielle (diputatua, PS), Sylviane Alaux (diputatua, PS), Daniel Romestant (PC), Alice Leizagezahar (Departamenduko kontseilaria, Berdeak), Xabi Larralde (Batasuna), Peio Etxeberri-Aintxart (AB)...

Egun hartatik aurrera dinamika indartsua sortu zen Aurore Martinen inguruan, tartean, oraindik PS-ren presidentegai zen François Hollande berak ere babesa adierazi zion Batasuneko militanteari eta «errukia» eskatu zion Espainiako Gobernuari. 2012ko azaroaren lehenean atxilotu zuten berriro Aurore Martin, aldi hartan autoan bakarrik harrapatu eta presaka espainiaratu zuten. 16.30 aldera atxiki eta 21.00etarako Guardia Zibilaren eskuetan zegoen.

Aste batzuk lehenago gerora baketze prozesuan, armagabetzean eta presoen auzian izugarrizko garrantzia izango zuen Bake Bidea ekimenaren aurkezpenean parte hartu zuen Martinek. Maiz azaldu dute Bake Bidearen sustatzaileek bi mugarri nagusi izan dituela ekimen honek: Martin bera Biarritzen itzaletik argira ateratzea ahalbidetu zuen ekitaldia, batetik, eta Aieteko konferentziak eragin zuen konponbidearen aldeko bidea, bestetik. Frantziako Gobernuarekin ireki zen interlokuzioaren eraikuntzan eta bake prozesuaren aldeko indar metaketan ezinbesteko aktore izan da; Bake Bidearen bozeramaile lanetan aritu den Anaiz Funosasek gidatu zuen, adibidez, ETAren armagabetzearen inguruko ekitaldia Baionan.

Armagabetzea Baiona
Herritarrak bakegileen eskua altxaz, Baionako armagabetze ekitaldian, 2017ko apirilean (Marisol Ramirez / FOKU)

Aldi hartan, Espainiak marra gorri berriak pasa behar izan zituen ezker independentistaren aurkako errepresioan. Baketze prozesurako ezinbestekoak izango ziren harreman eta konfiantzak eraikitzeko akuilu izango ziren, ordea.