1977/2024 , 28 juin

Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Josune Bereziartu, emakumezkoen eskaladan sokan lehena

Josune Bereziartuk hizki larriz idatzi du bere izena euskal kirolaren esparruan. Ez da nolanahikoa urratutako bidea. Balentriak bata bestearen atzetik eskuratu ditu eskalatzaile lazkaotarrak.

Josune Bereziartu, 2010. urteko irudian.
Josune Bereziartu, 2010. urteko irudian. (Jon URBE | FOKU)

Begirada gorantz. Ezpainak estu. Besoetako gihar bakoitza markatzen zaio. Behatzak paretako zirrikitu txikienari itsatsita ditu. Eutsi. Mendia eta bien arteko elkarrizketa luzean –urteak iraun zuen– makina bat aldiz errepikatu zen irudia.  
 
Aitzindaria izan da Josune Bereziartu Urruzola (Lazkao, 1972). Garaiari aurreratua bizi izan den emakumea. Bide berriak urratzen eman du bizitza. Mendia bizimodu izan du Bereziartuk. Ez lehia. Lazkaotarra sinetsita dago norbera hazteko bide hoberik ez dagoela: mugimendua. Eta bere biografia ikusita, ezin esan besoak antxumatuta egon denik.

Euskal Herriak izan duen emakume eskalatzailerik garrantzitsuena lorpen handiak egina da. Gaur bezalako egun batean, 2000ko ekainaren 28an, 8c+ bidearen balentria egin zuen: Honky Mix. Bi urte lehenago lortu zuen 8c kateatzea: Honky Tonky. Patxi Arozena eta Rikar Otegi –Bereziartuak bera izan du mendian eta bizitzan sokalagun– ziren ordura arte egina zuten bakarrak. Horren aurretik Macig Eye (8b-8c) eta Panoramix (8b+) lortuak zituen Bereziartuk. Pausoz pauso eraikitako ibilbide aparta.

Bi hilabetez saiatu ondoren Otegirekin batera Oñatiko Araotz auzoko Korea sektorean erdietsi zuen 8c+ bidea. Hirurogei mugimendu. 1998an Otegi izan zen Honky Mix igotzen lehena –horrek zeukan garrantziarekin– eta ordutik, hainbaten saiakerak kamuts gertatu ziren. Bereziartuk gainditu zuen arte. Horrela kontatu zuen Andoni Arabaolazak GARAN ekainaren 30ean: «Iker Pouren balentriaren (Action Direct, 9a) ajea guztiz osatu gabe zegoenean, kirol eskaladak beste 'lurrikara' bat izan du. Oraingo honetan, zartakoa hurbiletik entzun dugu; hain zuzen ere, Araozko Korea sektorean, Oñatin. Euskal Herriko bide zailena dugu Honky Mix, 8c+, eta herenegun Bereziartuk lehendabiziko errepikapena egitea erdietsi zuen».

Rokodromorik gabe

Rokodromorik ez zegoen garaian abiatu zen horman gora lazkaotarra. Kasik informaziorik gabe, enpresa babeslerik gabe, bere lanbidearekin uztartuz osatu zuen ibilbidea hasierako garaietan gurean minoritarioa zen kirol jardueran.

1989an hasi zen eskalatzen, 17 urte zituela, 'Al filo de lo imposible' saioaren dokumental bat izan zuen akuilu. Miriam Garcia Pascual eta Monica Serentill ageri ziren, Verdonen eskalatzen. Berandu, beste kirolariekin alderatuz. Baina hau ez zen eragozpen izan.

Urte askoan bere buruaren aurkako lasterketa izan zen, ez beste inoren kontrakoa. Gizonak ere gutxi ziren bere markak egindakoak. Mundu osoan ez zeukan parekorik, 90eko hamarkadan Kathy Brown eta Lyn Hill bezalako figurei gailendu zitzaienetik. Are gutxiago ondoren urratuko zituen bide berriekin. Letra handiz idatzi du lazkaotarrak bere izena mundu mailako kirolean.

Munduko kirol-eskaladan emakumezkoen lehen postuari eutsi dio 1997tik 2017ra arte. Bi hamarkada.

Iaz Ainhize Belarrek Honky Tonky (8c) eta Honky Tonky Mix (8c+) bideak egin zituen. Mende laurdena pasa zen Bereziarturen bi marketatik. Joan den maiatzean, Coma Sant Pere (8c+) bide berria kateatu zuen eskalatzaile atxondarrak.

Bereziartuk ez zuen mugarik. Limitera eramanda zituen gorputz zein buru. Bere egoskorkeria –hala aitortua– lagun izan du. 2002an Bain de Sang (St. Loup, Suitza) bidea eskalatu ostean, 9aren muga gainditzea lortu zuen. Lorpenagatik, Estatu Batuetako 'Climbing' aldizkari entzutetsuak Golden Piton Awards saria eman zion, urte hartan egindako eskalada ekintza guztietatik onena egiteagatik, hain zuzen ere.

Urtebete lehenago bakarrik eskuratua zuen Chris Sharma estatubatuarrak bere 9a+ bidea. Bere markarekin, gradu bakarraren aldea ezarri zuen lazkaotarrak gizonezkoen eta emakumezkoen artean.

Logical Progression, 9a zailtasuneko bigarren bidea

2004an, lorpena errepikatzea lortu zuen, orduko hartan Japonian, Logical Progression bidea eskalatzea lortu baitzuen, 9a zailtasuneko bigarren bidea. Bereziartuk, hala ere, beste hainbat eskalada mota ere egiten ditu, horma handietako eskalada alpetarra, esate baterako. Eta 2004an Yeah Man bidearen lehenengo eskalada egitea lortu zuen Otegirekin batera: 8b+ graduko gehienezko zailtasuna duen 300 metroko bidea, Alpeetako Gastlosen mendilerroan.

2005eko udaberrian 9a zailtasunetik haratago dagoen bide bat egiteko prest ikusi zuen bere burua, eta maiatzaren 9an bere errekorra haustea lortu zuen 9a/a+ zailtasuneko Bimbaluna bidea eskalatuz Suitzako St. Loup eskolako hormetan.

«Zortzigarren gradua gizonarentzat erreserbatuta dago», esan zuen Jean-Baptiste Tribout frantziar eskalatzaileak behin. Ez zuen Bereziartu ezagutzen.

2006an, 8b+ zailtasuneko bide bat bistaz –aurretiazko entsegurik gabe– eskalatzea lortu zuen lehenengo emakumea bihurtu zen Hidrofobia bidea eskalatu ostean, Montsanten.

Atzean historia bat gordetzen duten bideak izan ditu gustuko lazkaotarrak. «Nork irekiak izan diren... Nire limiteko bideak bai, baina horiez gain zailak eta erreferentziazkoak zirenak eskalatzen nituen; modu horretan lortu dut eskalatzaileen errespetua», esan izan du.

Naturari eta bidaiatzeari eskua emanda

Naturari eta bidaiatzeari lotuta ulertu du eskalada. Baina lekuak eta ekintzak ez dira ezer emoziorik pizten ez badute. Ez Bereziarturentzat. Bihotza. Emozioak. Sentipenak hain ziren handiak, ezen erraza baitzitzaion diziplina, entrenamendua. Horma bakoitzaren aurretik egin beharreko ahaleginak erakarri izan du. Horrek motibatu du.

Neguan Pirinioetan izotz-eskaladan aritzera animatu zen. Nola ez, Otegi lagun. 2006ko uztailean berarentzat eta beste alpinista askorentzat ametsa zena lortu zuen: Jorasses Handietako Walker Espoloia Cassin bidetik burutzea.

Etengabe ate berriak irekitzen jarraitzeak bizi du. Eta hori egin ezean hobe beste norabide bat hartzea. Horixe egin zuen kirol eskaladan eman zezakeena emana zuela ikusita. Alpinismoari lotu zitzaion Mont Blanc-en, Grand Pilier d´Angle egina du Cechinel-Nominetik. Harkaitz eskaladatik lehiara eta bueltan harkaitzera. Mendira itzulera. Dena hasi zen lekura.

2014ko ekainaren 28an berri pozgarriarekin esnatu zen Euskal Herria. Izan ere, 92 enpresa aitzindarik .EUS domeinua errealitate bihurtu zuten sarean. Helburua, interneten euskararen eta euskal kulturaren presentzia areagotzea. Denetariko enpresek –sozietate pribatuak, erakunde publikoak, hedabideak –NAIZ, horien artean–, kultur eta kirol eragileak, sindikatuak...– jarri zuten lehen harria.