1977/2024 , 6 juillet

Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

«Arrantzale bizardunak» Iruñeko teilatuetan

Uztailaren 6a, Sanferminei hasiera emango zien Txupinazoa jaurtitzeko ordua. Bat-batean, ikurrin erraldoi bat agertu zen udaletxe aurrean. Hamaika urte joan dira, baina nafar, euskal herritar eta munduko edozein bazterretako jende askoren gogoan diraute hogei minutuz berandutu ziren Sanfermin haiek.

Ikurrin erraldoia, sanferminak hastear
Ikurrin erraldoia, sanferminak hastear (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Uztailaren 6a albistea izaten da berez, Sanferminen hasiera eguna baita. 2013koan ere, urtero bezala, mundua begira zuen Iruñeko Udaletxe plazak. Egun gogoangarria izaten da, eta urte hartakoa milioika lagunen gogoan geratu zen, Txupinazoa hogei minutuko atzerapenez bota zutelako. Alkatearen eta hedabide askoren arabera, ikurrinaren erruz; herritarrek ikusi zutenez, gorrotoaren eta erabakimen faltaren arteko nahaste baten ondorioz.

Hamabiak jo aurreko minutuan, jaiari hasiera emango zion Txupinazoa jaurti baino pixka bat lehenago, ikurrin erraldoi bat agertu zen udaletxearen aurrean. Ezezagun batzuek, txapela eta ordezko bizarra jantzita, plaza zeharkatzen zuen kable batean eskegi zuten.

Ikurrinak ez zuen Txupinazoa botatzea eragozten, baina Iruñeko alkate Enrique Maya eta bere taldeak euskal bandera kendu arte jaiari hasiera ez ematea erabaki zuten. Hartara, hogei minutu beranduago jaurti zuten suziria. Horraino iritsi zen ikurrinarekiko gorrotoa.

Ikurrina kendu ondoren, Eduardo Vall PSNko zinegotziak eta Espainiako Itsuen Erakunde Nazionalaren (ONCE) ordezkari Ana Irene Rodelesek suziriaren metxa piztu zuten.

Enrique Maya Iruñeko alkateak bere «haserrea» agertu zuen, eta Herritarren Segurtasunerako zinegotzi Ignacio Polok mundu osoan ikusten den jai batekiko «begirunerik eza» egotzi zion ekintza hari. Carmen Albak, Espainiako Gobernuak Nafarroan zuen ordezkariak, berriz, Udaltzaingoa zoriondu zuen.

Iruñeko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak ezohiko bilera iragarri zuen gertatutakoari buruz hitz egiteko, eta guardiako epaileak diligentziak ireki zituen.

Irailaren 6an, Iruñeko Udalbatzak «gaitzetsi» egin zuen Sanferminetako Txupinazoa baino lehentxeago Udaletxe plazan ikurrina jarri izana. Izenburu honen pean eman zuen GARAk haren berri: «Sanferminetako Txupinazoko ikurrin erraldoia gaitzetsi zuten UPNk, PSNk eta PPk». Izan ere, bozketak bi bloke marraztu zituen Udalaren barruan.

Gaitzespena eta «UPN kanpora»

UPNk aurkeztu zuen gertakari haiek «gaitzesteko» mozioa, eta PSNko eta PPko zinegotziek proposamenaren alde bozkatu zuten. Hiru alderdiek euren gehiengoa baliatu zuten Geroa Bai, Aralar, Bildu eta Izquierda-Ezkerrako oposizioko indarrek aurkeztu zuten testu alternatiboaren aurrean, talde horiek mozioa gaitzestea gehiegizkotzat jotzen baitzuten. Haien testu alternatiboak, gainera, sinboloen legea aldatzeko eskaera jasotzen zuen, askotariko identitateak hobeto ulertu ahal izateko.

Onartutako mozioaren arabera, bandera hori zintzilikatzea «gure errealitate instituzionalaren aurkako erasoa izan zen, gure askatasunaren aurkako erasoa, bertaratuentzat arrisku larria eta indarrean dagoen legedia urratzea».

UPNren ustez, «beste behin ere, gutxiengo erradikal batek Sanferminak bezalako jai momentua aprobetxatu nahi izan zuen bere ikur nazionalistak herritar guztiei inposatzeko, euren jaiak normaltasunez bizitzearen alde egiten baitute, ezberdintasun politikoak alde batera utzita». Hala ere, ikurrina agertu zenean, eskuin nafarrak zioenarekin bat ez zetozen oihuak entzuten ziren, plazaren zati handi batek sostengatuak: «UPN kanpora».

Bilduk ukatu egin zuen ikurrina jartzea arriskutsua izan zitekeenik bertan zeudenentzat, gogoratuz ez zuela fatxada osoa estaltzen eta ez zegoela balkoira itsatsita. Indar abertzalearen ustez, atzerapenaren benetako arrazoia «ideologikoa eta politikoa» izan zen. Eva Arangurenek adierazi zuen Gobernu taldeko kideek bera eta Bilduko gainerako kideak iraindu egin zituztela bandera zintzilikatu zenetik suziria bota zuten arte udaletxeko aretoetan bizi izan ziren une tirabiratsuetan.

Uxue Barkosen (Geroa Bai) iritziz, bozketa hura Udalarentzat askoz garrantzitsuagoak diren beste gai batzuk isilarazteko eta alkatearen kudeaketa «lotsagarria» ezkutatzeko aukera izan zen. Barkosek aitortu zuen ez zuela «konbentzitu» bandera zabaltzeko ekintzak, baina ezta «mozio honekin UPNtik ateratzeko moduak» ere. Aralarko Aritz Romeo bat etorri zen kezko hesia izan zela zioen tesiarekin.

Izquierda-Ezkerrako zinegotzi bakarrak ukatu egin zuen Nafarroako askatasunaren aurkako erasoa izan zela, eta dauden identitateei buruzko eztabaida zabaltzeko deia egin zuen.

«Arrantzale bizardunen» aurkako epaiketa (Iñigo URIZ I FOKU)

UPNk gobernatzen zuen Udalak hartutako erabakia, edonola ere, ez zen hain harrigarria izan, hamarkada oso batez ikurrinaren aurka jazarri ondoren iritsi baitzen. Patxi Zabaleta Aralarko koordinatzaile nagusiak ekintza hura baloratu zuen Info7 Irratiari eskainitako elkarrizketan. Haren ustez, «benetako probokazioa ikurrina Iruñeko udaletxeko balkoian ez egotea da».

Epaiketa

Horixe esan zuten ekintza ikusgarria egin zutenek epailearen aurrean hurrengo urteko urriaren 7an,  beren aurkako epaiketa hasi zenean: «Ikurrinak balkoian egon behar du, herriaren borondatez».

Biharamunean eman zuen GARAk epaiketaren berri. Fiskalak bost hilabeteko espetxe-zigorra eskatu zuen akusatuentzat, «desordena publikoa» egotzita; Iruñeko Udalak, berriz, bi urteko espetxe-zigorra bakoitzarentzat, eta arrantzaleek beren gain hartu zuten ekintza, nabarmenduz «ikurrina zelako» berandutu zela txupinazoa, eta ekintza segurtasun neurri handiekin egin zutela ziurtatu zuten.  

Mikel Valdivielso, Iñigo Ramallo, Josu Gracia, Natxo Barriuso eta Iker Garciak epailearen aurrean aitortu zuten ikurrina teilatuetatik zabaldu zutela, Josu Graciak ekintza bideoan grabatzen zuen bitartean. Aldez aurretik planifikatu zuten eta zehaztasunez gauzatutako ekintza izan zen.

San Saturnino kaleko teilatura sartu ziren haietako bi, beste bik teilatuetatik aurrera egin zuten Mercaderes kaletik Udaletxe plazako eraikinaren teilaturaino, ikurrina teilatutik jaso, zabaldu eta soka batekin lotu zuten; San Saturnino kaleko eraikinaren teilatuan zeudenek zenbait mosketoiri lotutako hari bat bota zuten kanaberarekin, mosketoi horiek Udaletxe plazako eraikinean zeudenek jaso zituzten eta ikurrina lotu zuten, denen artean zabalduz.