1977/2024 , 6 juillet

Arrantzale bizardunak

Gora herria!

Hamaika urte igarota, Artefaktuak eskatuta, honela gogoratu dute «arrantzale bizardunek» uztailaren 6 hartan egin zuten ekintza ikusgarria. «'Arrantzale bizardunak' edonon topa ditzakegu gure herrian», diote, eta ez dute aukera galdu orduan salatu zutena eta eskatu zutena orain ere salatu eta eskatzeko.

Giza mosaikoa Iruñean, ikurriñaren alde eta epaiketen aurka.
Giza mosaikoa Iruñean, ikurriñaren alde eta epaiketen aurka. (Iñigo URIZ | FOKU)

Goizeko zazpiak dira. Esnatu berriak batzuk. Besteak teilatuan jada. Urduritasuna, ardura eta ezinegona. Egun garrantzitsua da gaurkoa. Bizarrak jantzi, zumezko txanoak hartu. Zuri-gorria nagusi da. Eguzkiak gogor jotzen du teilatuetan. Iruñea esnatzen ari da, eta jairako prestatzen ari da. Gu guztiok jada dantzan gara.

Minutuek aurrera egiten dute, motel. Udaletxe plazako bi aldeetan gaude, bakoitza bere tokian. Hamaika t’erdiak pasa dira. Teilatuak gureak dira. Ikurrina gurekin da. Bestaldean ikusten ditugu gure konplizeak. Elkar agurtu dugu. Zirrara. Bagoaz. Kanabera atera dute gure parean. Jaso dugu hari-muturra. Ikurrina lotu dugu...

Urteetan jaso du ikurrinak era guztietako jazarpena Euskal Herri osoan, eta zer esanik ez Nafarroa Garaian. Herri oso baten existentziaren ukazioa izan da horren helburu nagusia. Gure sinboloetako bat ikusezin eginez, askatasunaren ikurtzat jo duguna jazarriz, herri oso bat desagerrarazi nahi izan dute. Bai, espainiar nazionalistek ukatu egiten dute hemen estaturik gabeko nazio bat badela. Euskal Herriak bere eskubide politiko eta sozial guztien jabe izan nahi du, besteen pare izan, bertako herritarroi ere hala badagokigulako.

2013ko uztailaren 6an kolore guztietako polizien gainetik ekintza ikusgarria burutzea lortu genuen. Egun horretan mundu osoa Iruñeari begira egoten dela esan ohi da. Egun garrantzitsua da jai-egutegian, eta beraz, inportantea da oso munduari hemen herri bat existitzen dela erakustea. Urtero hamarnaka lagun saiatzen da ikurrina Iruñeko udaletxe plazan presente egon dadin, herri honen askatasun ikurra den hori. Urte horretan modu irudimentsu eta berritzailean herri borondateak irabazi zuen, UPNren obsesioaren gainetik. Garaipen txiki bat izan zen, eta hori argi ikusi ahal izan genuen ondorengo egun eta asteetan herritarren aurpegietan. Poza zen nagusi.

Ekintza honen prestaketan hilabeteak eman genituen. Ezin zuen ezerk huts egin, eta hamaika proba egin behar izan genituen. Auzolan txiki bat izan zen hau ere, herri honen beste ezaugarrietariko bat. Hainbat herritarren prestasunari eta konplizitateari esker borobildu genuen ekimena. Kanaberak lortu, ikurrina egin, eraikinak kuxkuxeatu, arrantza egiten ikasi... eta zas! Uztailaren 6 horretan guztia bikain atera zen. Ezin genuen sinetsi. Ordu eta egun askotako buruhausteek beren fruitua eman zuten. Beste behin ere, ikurrina modu duinean eta injustizia guztien gainetik Euskal Herriko hiri buruzagian merezi zuen lekuan agertu zen. Imajinazioz, teilatutik teilatura, plazan zeuden ehunka herritarren buru gainean. Eta bizar azpian, ezin irribarreari eutsi. Gora Herria!

Urteak joan urteak etorri, ikurrinaren eta herri honen kontrako jazarpenak bere horretan dirau. Baina badira ehunka, milaka, herritar Euskal Herriaren alde lanean jarraitzen dutenak, dugunak. Arrantzale bizardunak edonon topa ditzakegu gure herrian, konpromisoaren, determinazioaren eta imajinazioaren bidetik tiraka, Euskal Herriaren askatasunaren aldeko bere aletxoa jartzeko prest. Aurten ere Iruñeko udaletxe plazan ikurrina egonen da, ez dugu zalantzarik. Akaso baita beste herri batzuekiko keinuak ere. Berriro ere auzolanean sartu beharko da, oztopo polizialei aurre eginez eta irudimena erabiliz. Herritar horiek guztiak dira gure altxorrik preziatuena.

Bada garaia apartheid honekin bukatzeko. Orain da unea bestelako sinboloen lege bat egikaritzeko, errespeturako eta aitortzarako. Orain da unea elkarguneak bilatu eta horietan sakontzeko, jendarte justuago baten bila, kohesio sozialak hobeak eginen gaitu eta. Eta horretarako guztirako, euskaldunon nortasunak ere errespetatua izan behar du, hemen herri bat baitago, Euskal Herria. Eta inoiz, herri libre bat izanen gara.