1977/2024 , 8 juillet

Entrevue
Ibon Errazkin, Oihane Errazkinen neba

«Oihanek beti zeukan gaitasuna besteengan pentsatzeko»

Gaur 20 urte, 2004ko uztailaren 8an, iritsi zen albiste lazgarria. Oihane Errazkin euskal presoa hilik aurkitu zuten Fleury-Merogis espetxeko bere ziegan. Gatazka politikoa gertutik ezagutzen zuen familia bateko kide zen –Andorran jaio zen gurasoak oraindik erbestean zirela–, Donostiako Alde Zaharrean eta Portuan garatu zuen bere militantzia, eta oso gazte, 31 urterekin, hil zen etxetik milaka kilometrotara, dispertsioaren eta kartzela politika krudel baten ondorioz. Ibon bere nebarekin bildu gara Oihane gogoratzeko.

Ibon Errazkin, Donostian egindako elkarrizketan.
Ibon Errazkin, Donostian egindako elkarrizketan. (Gorka RUBIO | FOKU)
Aurten beteko dira 20 urte Oihane hil zela. Uztailaren 8a hurbiltzen denean zer sentitzen duzu?

Oihane urte osoan gogoratzen dugu, baina egia da data hauetan ohitura daukagula bai familia aldetik eta bai auzoko eragile desberdinen aldetik Oihane oroitzeko. Aspaldi ikusi ez ditugun lagun eta ezagunekin elkartzeko aukera da.

Urteak igaro ahala aldatzen dira barruko sentimenduak?

Denbora pasata, gero eta harrotasun handiagoa sentitzen dugu, familiaren aldetik behintzat. Nire kasuan, Oihaneren neba izatearena, adibidez.

Gurasoek gehiago sufritzen dute?

Beraien kasuan ere harrotasunez bizi dute. Pertsona bezala nolakoa zen gogoratuz, bere militantzia gogoratuz... Bere familia izatea, bera ezagutzeko aukera izatea...

Oihaneren zer oroitzapen dituzu haur garaian, gaztetxo garaian?

Nik azpimarratu ohi dudana da Oihanek beti zeukala gaitasuna besteengan pentsatzeko. Txikitatik. Berarengan bakarrik pentsatu ordez beti aldamenean zeukan jendearengan pentsatzen zuen. Beti laguntzeko prest zegoen, nik oroitzapen hori daukat. Kontzientzia militante aldetik, adibidez, nik baino askoz kontzientzia gehiago zeukan, eta horretan asko erakutsi zidan. Denbora pasatzen denean eta urteetan aurrera joan ahala, atzera begiratzen duzu, eta konturatzen naiz asko aportatu zidala.

Militantzia politikoa nola agertu zen galdetu behar nizun...

Ni ere gaztetxoa nintzen garai hartan eta agian ez nintzen konturatzen erabat gertatzen zenaz. «Txoriburu» samarra nintzela onartzen dut [umorez dio], baina gero urteekin aztertuta konturatzen zara. Badakit Ikasle Abertzaleak-en egon zela, Jarrai-n ere bai... Gerokoaz ezin dut askorik esan, gehienetan, gainera, etxekoak ginelako azkenak enteratzen. Gaur egun, adibidez, langile ordezkaritza lanetan nabil, eta horrelakoetan baloratzen dut bere kontzientzia hori. Burua zer sendo zeukan eta besteei laguntzeko zer prestutasun.

Kalean, auzoan, oraindik berekin gogoratzea izan daiteke diozun horren erakuslea?

Bai, bai, baina ez Oihanerekin bakarrik, beste militante batzuekin ere bai. Olaiarena [Castresana] ere data hauetan izan zen. Jendearen aldetik beti sentitu izan dugu berotasuna.

2001ean atxilotu zuten. Une hura gogoratzen duzu?

Bai, baina lehenik apur bat lehenagokoa gogoratuko nuke. Familia batean egon denean militante bat etxetik kanpo, garai haietan bereziki, baina besteetan ere bai esango nuke, beti zeunden adi, goizero irratia entzuten, ea zer gertatzen zen, ea albisteren bat egongo zen eta ez zenuen entzungo beldurrez, beti kezka horrekin. Askotan gertatu izan da, lehenik norbait atxilotu dutela zabaldu, baina gero agian ez da horrela izan. Beti run-run hori buruan.

Oihane Errazkinen argazkia, Donostian egindako ekitaldi batean (Andoni CANELLADA / FOKU)

Atxiloketa garaiaz nabarmenduko nukeen sentimendua da «bueno, orain behintzat badakigu non dagoen». Eta ez da gutxi. Gogoratzen naiz Baionan izan zutela atxilotutakoan eta ogitarteko batzuk sartzea lortu genuela. Berez ez zuten uzten janaria sartzen, baina nolabait Juantxo tabernako ogitarteko batzuk sartzea lortu genuen. Noski, Oihanek Juantxo tabernako ogitartekoa ikusi zuenean esan zuen «bai, hau zalantzarik gabe etxekoa da», eta lasai jan ahal izan zuen.

Eta espetxealdia hasi zen, lehenik Fresnesen eta gero Fleuryn.

Orduan preso politiko guztiak Fleuryra bidaltzen zituzten, eta lehenengo bisitak oso gogorrak egin zitzaizkidan. Horrenbeste urte Oihane ikusi gabe egon eta lehenengo bisita kristal bat erdian edukiz egin beharra... Sekulako amorrua sentitzen nuen. Badakit ez dela ezer berezia, oraindik ere Estatu espainolean bisitak horrela egiten dira, kristala tartean jarrita. Egia da frantziar Estatuan gero kristalik gabeko bisitak jarri zituztela, eta gerora horrelakoak izan ditugu beste kideren batekin. Eta horixe, Parisko bidaiak planifikatzen ibiltzen ginen. Batzuetan hirurok elkarrekin joaten ginen, beste batzuetan beste senitartekoren batekin, eta bestela bakarrik. Banatzen saiatzen ginen. Autobusak ere antolatzen ziren eta asko eskertzen zen. Ni gaztea nintzen eta adin horretan edozertara moldatzen zara, baina ikusten zenuen jende heldua astero joaten bere senideak edo lagunak bisitatzera. Gogorra zen.

Euskal presoek zituzten baldintzak salatzeko protesta desberdinetan parte hartu zuen Oihanek, adibidez.

Bai, baina ez euskal presoenak bakarrik, ze horiek normalean bazuten kanpotik laguntzaren bat: senideak, lagunak... Baina askotan kontatzen zituen beste batzuen arazoak. Bazeukala ziegan berekin presoren bat, poloniar bat adibidez, inor bisitatzera joaten ez zitzaiona. Ze gogorra zen haien egoera. Kartzela barruan horrek asko eragiten zion, presoen baldintzek orokorrean.

Zuek beti argi izan duzue dispertsioa eta orokorrean kartzela politika izan zirela Oihaneren heriotzaren errudun nagusiak.

Bai, argi eta garbi. Egia esanda, ez genuen Oihane ikusten bere etsaia zen norbaiten aginduak betetzen. Beti aurre egiten zuen pertsona bat zen, oso borrokalaria. Azken batean, horretan ere guregan pentsatzen zuen. Oihanek ikusten zuen asteburu oro Donostiatik Parisera joan behar genuela. Guk gustura egiten genuen, familia bezala egiten genuen, baina bera beti horretan pentsatzen ari zen. Heldutakoan galdera beti berak egiten zigun guri: «Zer moduz bidaia?». Lehenengo galdera ez zen inoiz «zer moduz, Oihane?». Bera zen guri galdetzen ziguna.

Hil baino apur bat lehenago bisitan izan zinen, ezta? Oroitzen duzu bisita hura?

Bai, ni izan nintzen bizirik ikusi zuen azken senidea. Ba gogoratzen dut bisita nahiko normala izan zela, etxekoak zer moduz zeuden galdetu zidala, elkarri gauzak kontatzen egon ginela, gure proiektuak aipatzen...

2004ko uztailaren 8an jaso zenuten heriotzaren albistea. Une hura nola gogoratzen duzu?

Ba nik nire kasua kontatuko dizut. Nik orduan zerbitzu tekniko batean egiten nuen lan, eta gogoratzen dut garabi baten gainean nengoela. Bizkai aldean zela uste dut, baina ez naiz ongi gogoratzen. Lankide bat etorri zitzaidan esanez jaisteko, tailerrera joan behar genuela. Noski, momentuan ezetz esan nion, konponketa lanetan sartuta nengoen eta nola utziko nuen hori erdizka. Ni burugogor. Lankide gaixoari eman zioten notizia, eta berak ahal bezala bideratu behar izan zuen kontua. Nola hala lortu zuen ni garabitik jaitsi eta autoan sartzea, eta behin autoan gindoazela, berak eman zidan notizia. Beti eskertuko diot pasa behar izan zuen trantzea eta izan zuen jarrera, berak ere oso gaizki pasa zuelako. Orain, atzera begiratuz, uste dut momentu horretan shock-ean geratu nintzela apur bat, ez nuela ezer esaten.

Gorpuaren bila joan behar izan zenuten. Une haiek ere gogorrak izango ziren...

Bai, zalantzarik gabe. Denok geunden shock egoeran, baina beti eskertuko dut gurasoek eta familiak une haietan izan zuten duintasuna. Tanatoriora nola eraman gintuzten... Joseba Alvarez gurekin egon zen eta asko lagundu zigun. Eta bai, oso gogorra izan zen, ez duzulako sinistu nahi zer gertatzen ari den.

Oihaneren neba ertzainen aurrean ama babesten. (Andoni CANELLADA I FOKU)

Donostian oso familia ezaguna zineten, itzulitakoan babes handia izan zenuten kaleetan.

Ikaragarria izan zen herriak eman zuen erantzuna. Oraindik harritu egiten nau. Biarritzen bertan hegazkina iritsi zenean jendea ari zen itxaroten, familiarrak eta lagun minak ere bai, noski. Han autoa hartu eta Donostiara gentozela, ez naiz ahaztuko, adibidez, nola gelditu gintuzten Oreretan. Jende guztia kalean... ikaragarria zen. Eta Donostian ere bai, etxeraino nola lagundu ziguten. Oso hunkigarria izan zen, emozio fuerteak.

Baina, zoritxarrez, Ertzaintzak jokabide oso erasokorra erakutsi zuen eta ezin izan zenuten agurra lasai egin.

Lehen 'amagoa' Oreretan egin zuten, baina ez zen urrunago joan. Baina hurrengo asteburuan egin zen manifestazioan, hor bai, hor Ertzaintzaren jarrera lotsagarria izan zen. Jendearen kontra kargatu zuten, pilotakadak egon ziren... Gogoratzen naiz nola lagun min bat nire aurrean jarri zen eta pilotakada bat bota ziguten metro eta erdira. Ez dakit goitik norbaiten aginduz izango zen edo beraien kabuz egin zuten, baina nire ustez garbi zeukaten helburua manifestazioa deuseztatzea zela. Aldi berean, egia da jendeak tinko jarraitu zuela, aurrera egin zuela, eta manifestazioa ongi amaitu ahal izan zela. Baina jendearen jarreragatik, argi zutelako aurrera jarraitu behar zela, bestela...

Urteak pasata, nola nahi zenuke jendeak zure arreba gogoratzea?

Nik ez dizut esango nola gogoratzea nahi dudan, nik esango dizut guk nola gogoratzen dugun, guk nola sentitzen dugun. Guk harrotasunez gogoratzen dugu, duintasunez. Oihane pertsona on bat zen, konpromisoa hartu zuen pertsona bat.