1977/2024 , 10 juillet

Fidelen krokodiloak Pasaiako portuan

1986ko uztailaren 10ean 'Egin'-ek albiste deigarri bat zekarren bere azalean, Fidel Castrok oparitutako krokodiloak Pasaiako portura iritsi zirela. Jakin-minez arakatu dugu gaia, eta mamia ez zen guk espero genuena.

'Egin'-en argitaratutako albistearen irudia.
'Egin'-en argitaratutako albistearen irudia. (EGIN)

'Egin'-en titularrak ezin zuen deigarriagoa izan 1986ko uztailaren 10ean: «Fidel Castrok erregalaturiko lau krokodilo heldu ziren atzo Pasaiako portura». Ia 40 urte geroago, jakin-mina pizten du izenburuak: Nori oparitu zizkion krokodiloak Fidelek? Zergatik? Edo zertarako? J.A. siglekin sinatu zuen kazetariaren kronikan aurkitu ditugu erantzunak, tranpa txiki bat egin digun sentsazioarekin.

Izan ere, Fidel Castrok krokodiloak Almendralejoko zoologikoari oparitu zizkion, ez Euskal Herriari, eta Kubatik Extremadurarako bidaian geldialdi bat baino ez zen izan Pasaia. Geldialdi behartua, gainera, 'Rio Canimar' kargaontziak hilabete batzuk igaro baitzituen bertan konponketa lanetan. Bisitak garaiko komunikabideen eta gipuzkoar askoren kuriositatea piztu zuen, baina ikusmin horrek ez zituen gehiegi asaldatu lau narrastiak, «erdi lotan» egon baitziren bertaratu zirenek argazkiak ateratzen zizkieten bitartean.

Hauxe da kronika osoa, hitzez hitz garaian argitaratu zen bezalaxe:

Fidel Castrok erregalaturiko lau krokodilo heldu ziren atzo Pasaiako portura

J.A.

Egun batzuk barru Badajozko Almendralejon biziko diren lau krokodilo heldu ziren atzo Pasaiako portura La Habanako ontzi batean, zoologiko horretako zuzendariak Fidel Castrori eskatu eta hark erregalatuta.

Pasaiari bitxi horiek ikustera kurioso pilo bat bildu zen, eta, prentsako argazkilariek beren makinak enfokatzen zituzten bitartean, lau animaliek erdi lotan jarraitu zuten ontzi gainean jotzen zuen arratsaldeko eguzki beroa aprobetxatuz.

Lau krokodiloak ekarri zituen ontzia, 'Rio Canimar', kargero handi bat da eta Pasaiako portuan hilabete batzuk egingo ditu, konponketak burutzen.

Almendralejoko zoologiko zuzendariak, Jose Luis Rodriguezek, egunkari honi deklaratu zionez, badira hilabete batzuk Fidelek krokodilo horiek agindu zizkiola. «Munduan zehar oso haztegi gutxi daude eta guk krokodilo batzuk nahi genituen gure zoologikorako. Nik gutun bat idatzi nion, Badajozko publikoarentzat oso animali interesgarriak zirela adieraziz, eta Castrok lau bidaliko zizkidala esan zidan, herrialde haren izenean», esan zuen.

Krokodiloek klima oso beroa behar dute bizi ahal izateko, eta Almendralejon negua jasateko instalazio bereziak burutu dituzte, kristalpeko egoitzetan berogailuak jarriz.

Bidaiari bitxi hauei lagunduz etorri zen biologoak, bere aldetik, lau krokodilo hauek aklimatazio berezi bat jasan dutela adierazi zuen. Bi har eta bi eme direnez gero, beharbada ondorengoak izango dituzte, nahiz eta oraindik oso gazteak diren.

«Munduan den krokodilo haztegirik handienak Kuban dira», esan zuen Rodriguezek, eta oso pozik jarri ginen bidaliko zizkigutela jakitean. Guri, ahal den ondoena zaintzea dagokigu. Krokodiloek oso hazkuntza mantsoa dute eta, oraindik gazteak badira ere, bi bikote hauek beharbada ondorengoak izango dituzte».

'Rio Canimar' Estatuan fabrikaturiko kargero bat da, eta duela hilabete batzuk sute batek hondatu zuen. Horregatik ekarri dute Pasaiara, bertako ontzioletan konpontzeko. «Bertan ere egin zitzaketen konponketak, baina pieza guztiak hemengoak dira eta, gainera, teknologia aldetik gu askoz ere aurreratuago gaude», esan zuen Pasaiako ontzioletako arduradun batek.

Guillermo Morales kapitainak adierazi zuenez, hemezortzi egunetako bidaia burutu dute La Habanatik Pasaiara, eta lehenbiziko aldia da horren pasaiari xelebreak ekarri dituztena. Hala ere, laguntzaile gisara ekarri duten biologoari esker, ez dute inolako problemarik izan.

Metro batzuetako kaxa batean sarturik etorri dira lau krokodiloak Euskal Herrira, udako eguzki beroa itsasoan hartuz. Pasaiako haur eta helduak begira zituzten bitartean, apenas egiten zioten inori jaramonik. Noizbehinka tripulaziokoek burdinazko kaxa eskuekin kolpatzean bakarrik goititzen zituzten muturrak, hortzak erakutsiz.

 

Amaiera tristea

Albiste kurioso eta kronika goxo baten itxura izan arren, gaiaren haria jarraitzeak tristura handia sortzen du. Izan ere, Almendralejoko zoologikoa Estatuko komunikabideetan albiste bilakatu zen urte batzuk geroago, eta ez preseski arrazoi onengatik. Zoologikoak eta Jose Luis Rodriguez Rosa bere jabeak hainbat salaketa jaso zituzten animaliei emandako tratu txarrengatik eta zooan jasan behar zituzten baldintza penagarriengatik.

Azkenean, eta tirabira askoren ondoren, 2006an zoologikoa ixtea lortu zuten talde animalistek, baina itxi eta urtebetera oraindik animalia batzuek bertan jarraitzen zuten egoera tamalgarrian, nora eraman ez zekitelako. Azkenik, bertan geratzen ziren azken hiru primateak, bi txinpantze eta Gibraltargo makako bat, 2008ko abenduan eraman zituzten Herbehereetako AAP Fundaziora.

Jose Luis Rodriguez, zeina Extremadura aldean oso ezaguna baitzen publizitate munduan egindako lanagatik eta garaiko lehen animalia denda zabaltzeagatik, 2021ean hil zen 90 urterekin.