1977/2024 , 17 juillet

Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota

Nikaragua: behar bezala zahartu ez zen iraultza baten «egunik zoriontsuena»

FSLNren borrokari esker, 1979ko uztailaren 17an Anastasio Somoza diktadoreak Nikaragua utzi zuen hegazkinez, azken 40 urtetan herrialdea burdinazko ukabilez kontrolatu zuen dinastiaren amaieran.

Jarraitzaile sandinistek Managuan ospatu dute 2021ean iraultzaren 42. urteurrena.
Jarraitzaile sandinistek Managuan ospatu dute 2021ean iraultzaren 42. urteurrena. (Stringer / DPA | EUROPA PRESS)

Beranduago jaio ginen askori Kortaturen 'Nicaragua sandinista' sarkor horrek piztu zigun Erdialdeko Amerikako iraultza harekiko jakin-mina, geroago heldu zen The Clashen disko mitiko hura, eta azkenerako gure kaseteen artean oso bestelako Carlos Mejia Godoyren beste ereserki malenkoniatsuago hura sartu zen, baina gure aurreko belaunaldien inspirazio iturririk handienetako bat izan zen herrialde txiki hartako iraultza.

Pilak aurreztearren zintak boligrafoarekin atzera-aurrera ibiltzera bultzatzen gintuen walkman zahar eta pisutsu haien antzera, denboraren joanak –kontrak eta Ronald Reaganen presioak ere eragin izugarria izan zuten– batere mesederik ez dio egin eraldatze prozesu honi, edo hobekiago esanda, garai hartako protagonista batzuei; baina utopikoen bihotzetan beti izango du lekutxo bat FSLNren bandera gorri-beltzak.

Eta milioika pertsona ilusionatu eta politizatu zituen prozesu horri data bat jarri beharko bagenio, hori, ziurrenik, 1979ko uztailaren 17a litzateke, ordutik «Pozaren Eguna» bezala ezagutu dena. Urte luzeetako borrokaren ostean, goizalde hartan, Anastasio Somoza Debayle diktadoreak Nikaragua utzi zuen hegazkinez, kondairak dioenez, herrialdeko aberastasunen zati handi baten artean, bere aita eta anaiaren hilotzak berarekin zeramatzalarik.

40 urtez Nikaraguako herritarrak burdinazko ukabilez kontrolatu zituen dinastia anker baten amaiera izan zen erbesterako ihesaldi hura. Esan genezake egun horietan eman zela FSLNren (Frente Sandinista de Liberacion Nacional) iraultza armatutik izaera politikorako jauzia.

Azken Somozatarraren ihesaldiak jarri zuen bi egun beranduago gauzatuko zen iraultza sandinistaren garaipenaren harri nagusia. «Saltoka hasi ginen, dantzan, ero moduan barrezka, albistea entzun genuenean. Emozio handiko unea izan zen, poz eta nahasmen handikoa» aitortu zuen urteetara BBCn Daysi Zamora poeta eta FSLNko kideak. 1979ko uztailaren 17 sonatu hartan Costa Rican zen Zamora, Radio Sandino irrati klandestinoaren egoitzan. Berehala hartu zuten berak eta irratiko gainontzeko kideek Nikaraguarako bidea.

«Somoza erori zeneko hurrengo egunetako jendearen poza gogoratzen dut. Mundu guztiak pozik zirudien. Nahasmen handia zegoen, jende guztiak nahi zuena egiten zuen, kaos handia zegoen, baina denak hunkituta geunden», gogoratu zuen.

«Triskantza handia zegoen, baina, era berean, askatasun sentimendu handi bat. Egiteko asko genuen, berregite lanean hasi behar genuen, sormenaren lehen eguna balitz bezala, ia zerotik hasi behar genuen».

Susperraldi ekonomikoa

Eta egin zuten. Lehen urrats bezala, ekonomia suspertzea izan zen eman beharreko lehen pausoetako bat. Hasteko, Somozatarren ondasun guztiak desjabetu zituen Gobernu berriak, garaiko kalkuluen arabera, herrialdeko ekonomiaren %40, gutxi gorabehera.

Era berean, horren beharrezkoa zen nekazaritza-erreformari ekin zioten, lurrak nekazarien esku utziz, produkzioan barne merkaturako elikagaiak ekoitzi zitzaten. Baina, ziurrenik, arrakastarik handiena nikaraguar guztien alfabetatzean eta hezkuntzarako sarbidean izan zuten. Denbora gutxian, ia populazioaren erdia ziren, alfabetatu guztien kopurua %12ra murriztuz.

Honek guztiak babes handia eskaini zion, barruan zein kanpoan, Iraultza sandinistari, eta 1984. urtean, Daniel Ortegak erraz irabazi zituen hamarkada askotan Nikaraguan izandako lehen hauteskundeak, jokoan ziren 96 eserlekuetatik 61 eskuratuta.

Baina arrakastarako bidea ez zen batere erraza izan. FSLN 60ko hamarkadan sortu zen, helburu garbi betekin; Anastasio Somoza diktadorearekin amaitu eta iraultza sozialista bat hastea. Izena, Augusto Cesar Sandino, 1927 eta 1932 artean estatubatuarren okupazioaren aurkako erresistentzia zuzendu zuen gerrillariaren omenez jarri zioten, Somozak berak egindako traizioaren erruz hildako gerrillariaren omenez.

Sandinoren hilketaren ostean, Somozak herrialdearen agintea hartu zuen, lau hamarkadatan Nikaraguako herritarren erabateko kontrol sozial, politiko eta ekonomiko krudel bat ezarriz. Garai ilun horietan, Eliza Katolikoaren eta Ameriketako Estatu Batuen babesa izan zuen.

Somoza familiak Estatu autoritario bihurtu zuten Nikaragua, eta ondasun ikaragarriak pilatzera heldu zen, Estatu Batuetako korporazio handiei herrialdeko ondasun eta lehengaiak eskura ipiniz. United Fruit Company edo Standard Fruit bezalako multinazional handiek nekazaritza sektorea eurena egin zuten, latifundio handiak sortuz eta nekazari tradizionalak lurrik gabe utziz.

Honek pobrezia handia sortu zuen hiri handietako auzo pobreetara joan behar izan zuten nekazarien artean. Kotoia edo azukrea bezalako produktuen prezioaren erorketak are gehiago hondoratu zuen Nikaraguako ekonomia. Eta hori guztia gutxi balitz, 1972. urtean milaka hildako utzi zituen lurrikarak. Gainera, tragediaren kudeaketa kaskarrak are gehiago zaildu zuen Nikaraguako biztanleen egunerokoa, Somozatar eta laguntzaileen luxuzko bizitzaren parean.

Kuba eta Aljeria ispilu

Batistaren aurkako Kubako Iraultza eta frantziar okupazioaren aurkako Aljeriako askapen gerra eredu, Nikaragua osoan diktaduraren aurka egiteko mugimenduak sortu ziren, ikasleak, nekazariak eta langileak baturik, batez ere. Hiru alor hauek batzeko estrategiak, emakume kolektiboen borrokaren laguntzaz, 1961ean egin zuen bat lehen aldiz, eta bi urte geroago hartu zuen «sandinista» izena.

Hurrengo hamarkadan proiektuari oinarri ideologikoak ezarri eta indar metaketa bat burutu ostean, FSLNk 1974. urtean aurrerapauso bat eman zuen bere estrategian, herrialde osoan ekintza armatuak eginez. Esanguratsuena gerrillariak AEBetako enbaxadorearen omenaldi batera sartu eta zenbait goi kargu bahitu zituenekoa izan zen. Somoza hauen askapena negoziatzera behartu zuten, mundu guztiak Nikaraguan bizi zen egoeraren berri izan zuelarik.

Arazoak arazo, FSLN bere gerrilla ekintzak ugarituz joan zen eta 1977tik aurrera ekintza hauek gero eta garrantzitsuagoak izatera pasatu ziren, hiri handienetan ere eragina izatera heldu baitziren. Sandinisten korronte desberdinen arteko batasunak presioa areagotzea ahalbidetzen zuen bitartean, AEB ez ziren Amerikako beste herrialdeen babesa lortzeko gai izan, eta «Somozarik gabeko somozismoaren» taktikak ere ezer gutxirako balio izan zion, Costa Rica, Venezuela edo Mexiko bezalako herrialdeek erregimenaren nazioarteko isolatzea bultzatu zutenean.