1977/2024 , 23 juillet

Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura

Luzia Urigoitia, inpunitate polizialaren itzalpean

28 urte zituen Luzia Urigoitiak Poliziak hil zuenean. 1987ko uztailaren 23an, Trintxerpen burututako polizia operazio batean galdu zuen bizia otxandiar gazteak, eta haren heriotzaren ondotik martxan jarri ziren frogen ezkutatze eta bertsio ofizialen eraikitze mekanismoek inpunitate polizialaren itzala noraino iristen den erakutsi zioten –beste behin ere– euskal gizarteari.

'Egin' egunkariko titularra.
'Egin' egunkariko titularra. (EGIN)

Koka gaitezen: ostegun gaua da Trintxerpen, eta giroa iluntzen hasi da; kalez jantzitako poliziek hartua dute Pasaiako auzoa, sarrerak itxi ditu Guardia Zibilak eta Renteria kaleko 3. zenbakiko bizilagunei ez diete etxeratzen uzten. Balen aurkako txalekoa jantzita daramaten agenteek inguruan dabiltzan herritarrak hormen kontra jarrarazi eta katxeatu egiten dituzte, metrailetak altuan dituztela. Beldurra eta haserrea nagusitzen hasi dira giroan.

Etxebizitza barruan zer gertatu zen bertan zeudenek baino ez dakite. 'Egin'-en biharamunean argitaratutako kronikak bizilagunek ikusitakoa bildu zuen: gertuko taberna batean zeudenek 15 guardia zibil inguru ikusi zituzten portalean sartzen.

Bizilagunek, pauso hotsak eskaileratan gora, eta, gutxira, eztanda bat eta tiro hotsak. «Ez ziguten leihoetara gerturatzen ere utzi, ezin izan genuen ezer ikusi», esan zuten zenbait bizilagunek. Irratizale batek 'Egin'-i adierazi zionez, Guardia Zibilaren frekuentzian honakoa entzun zuen: «Ea denak akabatzen dituzuen eta horrela gero mozkortzera joango gara».

Bizilagun gutxi batzuek Alicia Pereira, etxebizitzaren jabea, ileetatik tiraka bi guardia zibilek etxebizitzatik nola ateratzen zuten ikusi ahal izan zuten. Pereira eta bere bikote Manuel Muiñosek hiru urte zeramatzaten bertan bizitzen. Biak atera zituzten arrastaka etxebizitzatik, eta bertan zegoen hirugarren pertsona, Luzia Urigoitia, hilkutxa batean.

Luzia Urigoitiaren argazkia. (EGIN)

Hurrengo orduetan nahasmena, samina eta amorrua hedatu ziren euskal lurraldeetan. Atxiloketak burutu ziren Hernani, Donostia eta Errenterian, 9 pertsona orotara, baina ezer gutxi zabaldu zen etxebizitza barruan gertatu zenaz.

Lehen bertsio ofizialaren arabera, poliziek «atea irekitzeko hainbat bider agindu ostean, su-armen tiroekin jaso zituzten. Buru zihoan guardia zibilak balen aurkako txalekoan jaso zuen tiro bat eta Lucia Urigoitia Ajuria atzetik zihoazenen tiroen ondorioz hil zen».

Ohar ofizial honen bidez jakin zuen familiak Luziaren heriotzaren berri, Donostiara bertaratu baziren ere, Gobernu Zibilak Intxaurrondoko kuartelera bideratzen baitzituen, eta honek, berriz, Gobernu Zibilera. Autopsia Polloeko hilerrian egingo ziotela jakitean hara ere joan ziren, baina ez zieten gorpua ikusten utzi.

Informazio nahasia hedatzen eta familia leihatilen arteko pelegrinajean zebilen artean, kaleak harrotzen hasi ziren, ikurrinak krepe beltzez jantzi ziren, eta asanblada eta mobilizazioak abiatu ziren herri ezberdinetan. Otxandion, greba orokorra deitu zuten uztailaren 24rako.

Bertsio ofizialaren gainbehera

Alarmak gorriz tindatu ziren biharamunean 'El Pais' eta 'El Independiente' egunkari madrildarren titularrak irakurtzean: «Hildako 'etarra'-k ondo-ondotik jaso zuen tiroa garondoan», ziurtatzen zuen lehenak, «maila goreneko eta fidagarritasun guztizko iturriak» aipatuta.

Bizilagunek entzundakoak aipatuz, atxilotuetako emakume batek «baina zer egin behar duzu? Ez egin hori, ez zaitez animalia izan» oihukatzen zuela argitaratu zuen. Baita hau ere, autopsiaz: «Autopsiak erakusten du heriotza zentimetro gutxi batzuetara jaso zuen tiroak eragin ziola. Balak irekitako zuloak bazterrak erreak ditu, hurbil-hurbiletik egindako tiroaren ezaugarri dena, eta baita gaztearen ile arrastoak ere».

Beste batzuek, aldiz, operatiboa zuritzeko ahaleginak egin zituzten. 'Abc'-k, esaterako, garondoan emandako tiroaren bertsioa zabaltzeko ETAko zuzendaritzak agindu zuela ziurtatzen zuen, edota Luis Roldan orduan Guardia Zibilaren zuzendari nagusi zenak «tirokatzen zaituztenean tirokatzea ekintza guztiz legitimoa dela» esaten zuen, ekintza zuritze aldera. Alde batetik, Poliziaren jardunaren gaineko zalantza handiak zabaldu ziren, eta bestetik, jardun horiek estaltzeko ahalegina egin zen.

Uztailaren 27an, bertsio ofiziala osatzeko ahalegina egin zen, tirokatzen lehena Luzia izan zela ziurtatuz –guardia zibilari balen aurkako txalekoan eman ziola esaten da– eta tiroa jaso zuen poliziak lehenik sabelaldean tirokatu zuela gazte otxandiarra. «Geroago, Luzia Urigoitiak bere kide baten kontra tirokatzen zuela ikusi eta bigarren tiro bat bota zion, buruan eman ziona», babesten zuten. Tiroa gertutik bota izanaren arrazoia gelaren tamaina txikia zela argudiatu zuten, eta tiroa garondoan eman izana ezeztatu zen. Gelan Luziak zeraman FN Browning pistolaren 3 bala-zorro aurkitu zirela esaten da.

Ikerketa

1988an, kasua Audientzia Probintzialera iritsi zenean, frogek bertsio poliziala sustengatzen zuten, eta, bi urte beranduago, artxibatu egin zen: ezin zen frogatu polizien aldetik deliturik egon zenik. Haserrea eta inpotentzia piztu ziren euskal gizartean.

1995ean Cesid-en paperak desklasifikatu izanak eman zion bira berria kasuari: KA/5105 barne oharrean, Urigoitiaren kasurako frogak sortu eta faltsutu zirela ziurtatzen zen, guardia zibilak prozesa zitzala ekiditeko. Eta datu zehatzak ere eman ziren: Jose Ramon Pindado, unean Guardia Zibilaren komandantea, arduratu zen frogen manipulazioa koordinatzeaz.

Epailearen etxebizitzara extra-ofizialki sartu eta bala-zorroak ordezkatu ziren, baita Trintxerpeko pisuan bertan ere, eta Luziak zeraman armaren kanoia ordezkatu eta balen aurkako txalekoan bala inpaktuak sortu ziren, guztia Luzia tiroketa batean hil zela sinetsarazteko plantak egiteko. Forentsearen informearen arabera, Luziak lurrean etzanda eta larriki zauritua zegoela jaso zuen buruan tiroa, armak azala ukitzen ziola.

‘Egin’ egunkariaren azala, Trintxerpeko operazioa nabarmenduz.

Kasua ireki zen berriro eta hainbat inputazio eta deklarazio abiatu ziren, tartean Guardia Zibilaren zuzendari nagusi zen Luis Roldan, Jose Barrionuevo Barne ministro, Rafael Vera estatu idazkari eta Jorge Argote abokatuarenak, jada 1987an bertan frogen faltsutzearen berri zutela uste baitzen.

Datuak argiak ziren, froga berriak aurkeztu ziren, barne oharra garbia zen, baina 1999an, hainbat urtetako ikerketaren ostean, Auzitegi Nagusiak sumarioa itxi zuen «froga falta» argudiatuta. Epaileak ezbaian jarri zuen barne ohar horien «edukiaren benetakotasuna», eta, Roldanen deklarazioa «nahasia, ez zehatza eta ondorio pertsonalez betea» zela iritzita, aintzat hartua izateko «zilegitasunik» ez zuela esan zen.

Urtebete beranduago, Gipuzkoako Audientzia Probintzialeko Bigarren Sekzioak sumarioa behin betiko itxi zuen, Luis Blanquez epailearen arabera, «froga berriek ez baitzuten ezer argitzen».

Epaitegietan ez agian, baina euskal gizarteak garbi izan du beti: Luzia Urigoitiaren kasuak inpunitate polizialaren itzala norainokoa den erakutsi zuen. Jaurlaritzak berak ere, 2015ean Udaletara igorritako txostenean, Urigoitia poliziaren biktima izan zela onartzen du.