Ezagutzen zutenek bere izaera irekia eta bertsolaritzarako trebezia nabarmendu izan dituzte. Iñurrategi anai mendigoizaleen artean zaharrena zen (1967an jaio zen, Alberto anaia gaztea baino urtebete lehenago), nekazaritza alorreko ingeniaritza ikasketak zituen eginak, eta Murrukixo Mendizale Elkartearen eskutik egin zituen mendizaletasunaren lehen urratsak. Baina Euskal Herriko sabaiak goiz geratu zitzaizkien motz bi anaia aretxabaletarrei, eta zerua hatz puntekin ukitzeko ametsak mendigoizaletasunaren goi mailara gidatu zituen.
1990eko hamarkadan alpinismoaren gailurrean ibili ziren Felix eta Alberto Iñurrategi anaiak. Alpeetan (Mont Blanc, 1988) eta AEBetan trebatu ostean (Yosemiteko 'The Nose', 1987), Himalaiari eusteko prest ikusi zituzten beren buruak, eta Pumoriko (7.161) tontorra izan zen euren lehen jomuga. Lehen espedizio hura arrakastatsua izan zela ikusita, zortzimilakoak hartu zituzten begitan, eta hamarkada batean hamabi igotzea lortu zuten: Makalu (1991), Everest (1992), K2 (1994), Cho Oyu (1995), Lhotse (1995), Kanchenjunga (1996), Shisha Pangma (1996), Broad Peak (1997), Dhaulagiri (1998), Nanga Parbat (1999), Manaslu (2000) eta Gasherbrum II (2000). Azken honetan amaitu zen Felix Iñurrategiren bidea, ustekabeko ezbehar baten ondotik.
Uztailaren 28a zen, eta, ordu batzuk lehenago, Iñurrategitarrak beraiek izan ziren Euskadi Irratiarekin egindako zuzeneko konexio batean tontorra erdietsi zutela baieztatu zutenak. Ikusgarritasun onak ematen zien ikuspegi paregabea nabarmendu zuen Albertok. Suziriak jaurti ziren Aretxabaletan, eta Murrukixo Mendi Taldearen egoitzan ongietorrirako prestaketak abiatu zituzten. Ordu batzuk beranduago, arratsaldez, jakin zen albistea: beherako bidean, 400 metrotik amildu eta hil egin zen Felix. Pozak etsipenari eta saminari utzi zien bidea.
Gasherbrum II Pakistan eta Txina artean dagoen Karakorum mendilerroan dago kokatuta eta, bere 8.035 metroekin, munduko hamahirugarren mendirik garaiena da. Paradoxikoki, zortzimilakoen artean zailtasun tekniko gutxien duenetako bat ere bada; eta beste euskal mendizale batek ere, Antton Ibarguren gipuzkoarrak, bertan galdu zuen bizia, 1993an, honek ere jaitsieran.
Alberto bera izan zen, egun batzuk beranduago –anaia galtzearen minari jaitsiera konplikatu bat gehitu zitzaion, meteorologiaren eraginez–, jada Sondikako aireportuan, xehetasunak eman zituena. «Zulo oso sakonean nago eta igoaldi luze eta zaila daukat aurretik. Eskalatzen ari zarenean, burua eskalatzean bakarrik duzu. Hasi besterik ez naiz egin eta burua oso nahasia dut, denbora eta asko pentsatzeko beharra daukat», adierazi zuen aireportuan bertan.
Istripua La Banana modura ezagutzen den zonan gertatu zela azaldu zuen: «28an, zortzietan tontorrera iritsi ostean, II kanpalekura jaitsi ginen, 6.900 metrora; atsedenaldi bat egin eta kanpalekua jaso genuen. Nahiko denbora genuen, kanpaleku basera jaisteko beste, baina I kanpalekura iristea zen gure asmoa, gorputza hobeto errekuperatzeko eta jaitsiera glaziar zonan zelako eta eguzkiak ematen duenean oso arriskutsua jartzen delako, arrakala asko zabaltzen baitira. I kanpalekurako jaitsiera hasi genuen 13.30ean, eta 14.00etan, La Bananako lehen rappelean, soka finkoa eusten zuen loturetako bat atera zen eta ezin izan zion Felixi eutsi», kontatu zuen. Mendizalea 400 metrotik behera amildu zen ezinbestean.
«Beti jakin izan dugu mendia halakoxea dela, baina inoiz ez duzu pentsatzen zuri pasako zaizunik», onartu zuen Albertok, abailduta. Eta gorpua berreskuratzea ezinezkoa izango zela ere aurreratu zuen. «5.000 metroko garaieran jada ezinezkoa da, beraz, 6.100 metrotan… ez dugu planteatu ere egin», amaitu zuen.
Iñurrategi anaiak aski ezagunak ziren mendian arriskuak aurreikusteko usaimenagatik eta atzera egiten jakiteagatik. GARAn, bi anaiak sobera ezagutzen zituen Antxon Iturrizak eman zuen albistearen berri, euren profesionaltasun eta zuhurtasuna goraipatuz. «Alpinismoaren kontzeptualizazio ia matematikoan bat egiten zuten biek. Euren planteamenduetan ezer ez zen zoriaren eskuetan uzten, ibilbidetik hasi eta ekiporaino, prestakuntza fisikotik elikaduraraino. Euskal alpinismoan, zaletasunaren eta profesionaltasunaren arteko muga markatu dute. (…) Euren izaera kalkulatzaile eta zuhurra erakutsi dute, une oro jakin dute zailtasunaren eta arriskuaren artean bereizten». Urte batzuk lehenago, esaterako, K2, Annapurna eta Gyala Periko igoeretan atzera egitera deliberatu ziren.
Felix Iñurrategi abuztuaren 2an agurtu zuten Aretxabaletan. Herria txiki geratu zen euren samina partekatu nahi izan zutenentzat, eta isiltasuna izan zen nagusi elizkizunak eliza kanpotik jarraitu zituztenen artean ere. Senide, lagun eta jarraitzaileez gainera, kirol, kultura eta politika arloko hainbat pertsona izan ziren agurrean, eta Felixen heriotzaren oihartzuna luze eta zabal hedatu zen zazpi lurraldetan. Urte hartan bertan, Mikel Urdangarinek 'Non geratzen den denbora' ('Espilue' diskoan jasoa, 2000) kantua sortu zuen mendizalearen omenez, bere kantutegiko abesti ezagunenetarikoa bilakatu dena.
Mendizaletasunaren profesionalizazioan aitzindari
Iñurrategi anaien emaria ez zen, baina, 2000. urte hartan itzali. Ordurako aitortua zitzaien euskal mendizaletasunaren profesionalizazioan izan zuten eragina, baita ikus-entzunezko emanaldien bidez Himalaia euskal mendizaleengana gerturatzeko egin zuten lana ere.
Albertok bere bidea jarraitu du, eta alpinismoaren historian zenbait aitortza ere lortu ditu. Felix anaiarekin batera Everesten tontorra erdietsi zuenean, mendi hura oxigenorik gabe igo zuen lehen euskalduna bilakatu zen, eta baita gazteena ere, orduan 24 urte baitzituen. Hamalau zortzimilakoak gainditzea 2002an lortu zuen, lorpen hura eskuratzen munduko hamargarrena bilakatuz; hamaika urte eskaini zizkion zeregin honi.
Eta Felix anaiaren izena munduan zehar zabalduz, bere espiritua bizirik mantentzea ere lortu du. Besteak beste, Felix Iñurrategi-Baltistan Fundazioa sortu zuen Karakorumeko garapen sozioekonomikoa bultzatuz, bertako biztanleen bizi baldintzak hobetzeko helburuz. Izan ere, Baltistan eskualdean dagoen Matxulu herriaren inguruko xerpak hautatu ohi zituzten Iñurrategi anaiek euren espedizioetarako. 3.000 metroko garaieran dagoen herri honetan mendi-eskola bat sortzea ere bada erakundearen xedeetako bat.
Albertok anaiaren omenezko hainbat ikus-entzunezkotan parte hartu du; lehena 'Bihar ere argituko dik, Felix' (2001, Asier Aranguren eta Andoni Egañarekin batera), eta 'Hire Himalaia' (2003) eta 'Gure Himalaia' (2004) dokumentaletan ere euren bizipenak partekatu zituen.
Iñurrategi anaien inguruko argitalpenak ere ugari dira. Azkenak orain lau urte eskas ikusi du argia: 2020an, aretxabaletarraren heriotzaren 20. urteurrenean, bi anaien ibilbidea errepasatzen duen 'Iñurrategi anaiak' (Sua, 2020) komikia argitaratu zen. Ia mende laurden bete da, beraz, Felix Iñurrategi hil zenetik. Baina joan... ez da sekula joan.