1977/2024 , 14 août

Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Salbea, protestak eta errepresioa Donostiako erdigunean

80ko hamarkadan Salbeko prozesioaren harira protestak izan ziren Donostian, urtero, abuztuaren 14an. Amnistia eta independentziaren aldeko manifestazioen aurkako errepresioa bortitza izan zen 1995. urtera arte. 1992an hogei lagun baino gehiago zaurituak izan ziren, posta-kartutxoekin tirokatuak.

'Egin' egunkariak 1992ko abuztuaren 15ean aurkeztutako azala.
'Egin' egunkariak 1992ko abuztuaren 15ean aurkeztutako azala. (EGIN)

Ez zen batere erraza Salbearen inguruko informazioa aurkitzea 1978ko abuztuaren 15eko egunkarian. 'Egin'-eko azken orrian agertzen zen albiste grafiko laburra: «Urteroko Salbea atzo Koruko Amaren elizan». Testuan nabarmentzen zen Orfeoi Donostiarrak eskainitako ikuskizuna. Urte horretan zaila zen etorkizunean bizi izango ziren protesten inguruan pentsatzea, zeinek dozenaka atxilotu eta zauritu eragin baitzituzten.

1981ean milaka lagun bildu ziren abuztuaren 14an Donostian amnistia aldarrikatzeko. Manifestazioa Bulebarretik atera zen eta topo egin zuen Salbearen prozesioan parte hartu zutenekin, haien artean Carlos Garaikoetxea lehendakariarekin. Tentsio uneak bizi izan ziren jeltzale eta abertzaleen artean, baina ez zen kargarik izan.

Egoera aldatu zen hurrengo urtean. Amnistiaren Aldeko Batzordeen manifestazioak HB, EMK, LKI eta KASen parte ziren erakundeen babesa izan zuen, eta istiluak izan ziren Bulebarrean, prozesioan parte hartu zutenekin.

'Egin'-ek horren berri eman zuen, «berrozi» bezala ezagunak diren ertzainen presentzia nabarmenduz. Jeltzaleek kablez egindako borrak erabili zituztela ohartarazi zuen egunkariak, manifestazioaren argazkia azalean zeramanak. Informazioaren arabera, Polizia espainolaren furgonetak agertu ziren hiriko erdigunean, eta barrikadak egin zituzten herritarrek aurre egiteko.

1983an istiluak areagotu egin ziren. Espainiar Poliziaren kargek dozenaka zauritu eragin zituzten. Adineko desgaitu baten aurka jo zuten. Ertzaintza ere oldartu zen ikurrina eta amnistia aldarrikatzen zutenen aurka, gas-espraiak erabiliz. 1984an ertzainek ere kargatu zuten. Urte horretan Garaikoetxeak ez zuen parte hartu prozesioan.

Hurrengo urtean, HB eta Donostiako alkatea akordio batera heldu ziren istiluak saihesteko, baina Ramon Labaienek iragarritako neurriek ez zuten ezertarako balio izan eta Espainiako Poliziaren kargak errepikatu ziren. 'Egin'-eko kronikaren esanetan, zauritutako herritar bat ospitalera eramaten zuten bitartean Jose Antonio Ardanza lehendakaria Udaletxean zegoen, ospakizunaz gozatzen.

1986an antzeko egoera bizi izan zen. 'Egin'-ek azalean nabarmendu zuenez, manifestazioan parte hartu zutenek errespetatu egin zuten Salbea, eta poliziek beraien adierazpen askatasuna zapaldu zuten. Eta 1987an azaleko titularrarekin batera bi azpititulu agertu ziren: «Poliziak indarrez ekidin zuen ikurrina omentzeko ekitaldia» eta «Ertzaintzak kargekin babestu zuen Salbearen sarrera eta irteera».

1988an milaka lagunek parte hartu zuten ikurrinaren aldeko ekimenean, eta agintarien prozesioan ez zen istilurik izan. Hauek beranduago hasi ziren, Udaletxetik gertu. Baina egoerak okerrera egin zuen hurrengo urtean, 1989an, 80 zauritu baino gehiago izan ziren Ertzaintzaren eta Polizia espainiarraren kargen ondorioz. 20 lagun ospitalera eraman zituzten, haietariko bat larri.

Hamarkada berriko lehen urtean ere enfrentamendu gogorrak izan ziren Donostian. Atxilotu eta zauritu ugari izan zen. Ardanzak, manifestariok botatako txaponak zirela eta, Ertzaintzaren babespean egin zuen ibilbidea, 'Egin'-eko azalean argitaratutako argazkian ikusten zenez. Hamaika zauritu izan ziren egun horretan. Argiratutako testuaren arabera, kalez jantzitako poliziek gazte bat paperez estalitako burdinazko barrekin jipoitu zuten.

1991ko Salbea berezia izan zen; izan ere, urte horretan eztabaida sakona izan zen Leitzarango autobidearen proiektua aldatzearen harira, eta lehergailu bat agertu zen arratsaldean Donostiako Bulebarrean, desaktibatua izan zena. ETA-k ukatu egin zuen bere ardura, eta «maniobra polizial intoxikatzaile»-tzat jo zuen. Dena den, polizien presentzia areagotu egin zen eta 25 lagun zaurituak izan ziren kargetan.

ETA-k «maniobra polizial intoxikatzaile»-tzat jo zuen Donostian agertutako bonba-paketea.
ETA-k «maniobra polizial intoxikatzaile»-tzat jo zuen Donostian agertutako bonba-paketea.

Posta-kartutxoekin tirokatuak

Eta 1992an errepresioa gogortu zen, hogei lagun baino gehiago zaurituak izan ziren, posta-kartutxoekin tirokatuak. Barne Sailak lehergailu baten metrailaren eraginez zauritu zirela esan zuen, baina lekukoek argi utzi zuten ez zela eztandarik egon. Ziotenez, ertzainek tirokatu zituzten. Zaurituak, politikariak eta Ertzainak agertu ziren Andoni Canellada argazkilariak egindako erreportaje grafikoan.  

1993ko titularra argia zen: «Berriro ere gertatu zen aurreikusita zegoena». 'Egin'-en agertutako informazioaren arabera, «infiltratutako ertzainek istiluak eragin zituzten protestan». Eta 1994ko azalean ere kargen berri eman zuen egunkariak. Kalez jantzitako ertzainak egon ziren berriro ere, aurpegia estalita eraman zuten eta hamar lagun atxilotu zituzten.

‘Egin’ egunkariak 1993ko abuztuaren 15ean aurkeztutako azala.
‘Egin’ egunkariak 1993ko abuztuaren 15ean aurkeztutako azala.

1995ean ez zen egin agintarien prozesiorik. Uztailaren 29an Odon Elorza alkateak «aldi baterako» bertan behera uztea erabaki zuen. Aitortu zuenez, ez zen «ezinbesteko» ekimena, azken hamarkadatan ikusi den bezala. Dena den, 2015ean Eneko Goia alkateak prozesioa berreskuratzea proposatu zuen. Ideia ez zen aurrera atera, EH Bilduk, PSEk eta Irabazik aurka bozkatu zutelako Udalbatzan.