1977/2024 , 5 septembre

Manex Altuna

Reinhold Messner oxigenorik gabe eta bakarrik igo zen Everestera

Abuztuaren amaieran gailurra egin zuela jakin bazen ere, ‘Egin’ egunkariak 1980ko irailaren 5ean eman zuen mendizaletasunaren munduko figuretako batek lortutako mugarriaren berri. Martin Zabaleta euskal alpinistak «balentria handitzat» jo zuen igoera, albistea ezagutu bezain laster.

‘Egin’ egunkariaren azalean argitaraturiko argazki eta lerroburua.
‘Egin’ egunkariaren azalean argitaraturiko argazki eta lerroburua. (NAIZ)

Gaur egun informazioa beste abiadura batean dabil, baina telekomunikazioa guztiz desberdinak zen 1980an. Urte hartako irailaren 5ean, ‘Egin’-ek bere azalean sartu zuen Reinhold Messner Everestera bakarrik, oxigenorik gabe eta iparraldeko aurpegitik iritsi zela zioen albistea. Lehen lerroetan azaltzen zuenez, «xehetasunak artean nahasiak ziren», eta albistea ezin izan zen «mutur guztietan berretsi».

Barruko orrialdeetan argitaratutako informazioan, Messnerrek alpinismoaren historian mugarri bat lortu zuela nabarmentzen zen. Nahiz eta albistea irailean argitaratu zen, abuztuaren 20an igo zen tiroldarra Everesteko gailurrera.

Messner 1944an jaio zen Bresanona herri txikian, Hego Tirolen, eta munduko lehen pertsona izan zen planetako hamalau zortzimilakoak eskalatzen, oxigeno-ekipamendurik gabe eta horietako batzuk bakarrik igota. 2023an, ordea, Guinnes errekorren liburutik kanpo utzi zuten, ikerketa batek Ed Viestursi izan zela ziurtatu baitzuen.

Dena den, ‘Egin’ egunkarian gogoratzen zutenez, 1978an Peter Habeler mendizalea austriarraren ondoan igo zen Everest mendira oxigeno botilarik gabe, eta balentria hori egin zuten lehen alpinistak izan ziren.

1980ko igoera zortzi mila metrotik gorako zazpigarren gailurra izan zen garai hartan 35 urte zituen alpinistarentzat. Are gehiago, informazioan nabarmentzen zutenez, 20 urte zituenerako italiarrak 500 igoera baino gehiago eginak zituen Alpeetan.

 

Messnerrek egindako balentriari buruz ‘Egin’-ek argitaraturiko albistea.
Messnerrek egindako balentriari buruz ‘Egin’-ek argitaraturiko albistea.

 ‘Egin’ egunkaritik Martin Zabaletarekin, Everesteko euskal espedizio historikoan parte hartu zuen alpinistetarekin, harremanetan jarri ziren bere iritzia jakiteko. Messnerrek zer egin zuen kontatu ziotenean, hauxe oihukatu zuen, hitzez hitz jaso zutenez: «Bai tipo apartekoa!», eta «balentria handia da». Zabaletak zera aztertzen zuen: «Ulertu dut iparraldeko aurpegiak zailtasun gutxiagoko ertza duela, baina bakarrik igotzea meritu handia da. Bere buruarengan ziurtasun handia eduki behar izan zuen, ez baitago norengan oinarritu, ustekaberen bat gertatuz gero. Zalantzarik gabe, konkista handia da».

Bestalde, GARA egunkarian eta NAIZen idazten duen Andoni Arabaolazak ondorengoa azpimarratu nahi izan du Artefaktuarentzat, Messnerrek 1980an egindakoaren inguruan: «Montzoi edo euriteen sasoian igo zuen. Eta hori ez du inork egiten. Himalaiak, berez, bi ohiko denboraldi ditu: udaberrikoa edo montzoi aurrekoa. Eta udazkenekoa edo montzoi ostekoa. Esan bezala, udan inork ez du zortzimilakorik eskalatzen».

Elkarrizketa Zazpikan eta gehiago

2017an, GARArekin batera igandero argitaratzen den aldizkariak Messnerrek France Pressi emandako elkarrizketa bat argitaratu zuen. Tiroldarrak titularrean zioen «ez litzatekeela hemen egongo zorterik izan ez balu». Alpinismoaren kondaira bizia, heriotza aurrez aurre jasan duela aitortzen zuen, planetako tontorrik altuenak konkistatzeko ahaleginean. Izan ere, 1970ean, bere anaia Günther hil zen, 8.125 metroko Nanga Parbat konkistatzen saiatzen ari zirela. 2005ean mendizalearen bota bat aurkitu zuten, eta 2022an bigarrena.

Bere ibilbidearen errepasoan, Everest arnasa-laguntzarik gabe igo zuen lehen pertsona izan zela gogoratzen zuen, eta, sei urte geroago, oxigeno artifizialik gabe beti, planetako 8.000 metrotik gorako hamalau gailurrak konkistatu zituela.

2018an alpinista ospetsuak hitzaldia eskaini zuen Bilbon, «Ezinezkoaren xarma» izenburupean. 1980an Everestera egindako igoera izan zuen gogoan. Hitzaldian adierazi zuenez, alpinista «bizirik irauten saiatzen da, eta joan behar duen lekura joaten da, azkarra bada, eta ondoren, osasuntsu eta salbu itzultzen saiatu behar du. Beti izan da horrela». Era berean, «alpinismo tradizionala eta pistako alpinismoa» ez direla gauza bera azpimarratu zuen, eta gaineratu zuenez, «turismoa egitea zilegi da, baina hori ez da alpinismo tradizionala».

Reinhold Messner, 1985ean. (Jaan Künnap | CC BY-SA 4.0 - WIKIPEDIA)